2014.10.13
Hona hemen nazioarteko pop-aren harribitxi bat. Bartzelonako Belter diskoetxeak mota guztietako produktuak nahasten zituen: kirats frankista zerien hit turistikoetatik anglosaxoi musika dantzagarri zoragarriraino. Burdel honen erdian, harribitxi galduezinak agertzen dira. Konparazione, Salomé 1969ko Eurovision festibala irabazi zuten lau abestietako baten gainean egindako euskarazko bertsioa.
Salomé, valentziar jatorriko bartzelonarra, telebistako kantuaren ikonoetako bat izan zen. Hala ere, komertzialitatea eta duintasuna sinkronizatzen jakin zuen. Katalanezko disko andana bat grabatu zuen, eta hori gutti balitz, zazpi hazbeteko bat euskaraz ere. Istorio honen bultzatzailea, edo bederen itzulpenaz eta hizkuntza aholkularitzaz arduratu zena (ahoskera ona du, ezta?) Luis Iriondo izan zela uste dut; diskoetxeko kidea zen Iriondo, eta Euskal Herrian errotutako ekimen aunitzen bultzatzailea. Konparazione, Kontrapuntoak talde interesgarria. Bai, “La, la, la”-ren euskal bertsio bat egin zuen talde bera.
Kantua, Ramon Farran (rumba-poparen aita) emankorraren lan borobila da, pop doinu eta lirikaren erakargarritasuna soularen indarrarekin nahasten du. Horri guztiorri kataluniar bat euskaraz kantuz aritzearen grazia gehitzen badiogu, beldurrik gabe erraten ahal dugu nazioarteko pop dantzagarriaren harribitxi bat dela.