Musika

Carles Belda

2014.06.03

Carles Belda

Euskal Groove I: ‘Begi eder horrekin’

NAIKARI CIN-168-A 001

Kantu eder honekin, soul musikaren garaian, Naikari taldeak Brasilera eramaten gaitu. Pop doinua, hitz arinak, erritmo dantzagarria eta goi mailako moldaketak, haize eta hari atalekin. Faustino Arrieta eta Xabier Gereñoren abestia Rafael Ferro madrildarrak jantzi zuen, Juan Mari Seijoo jostunak taldekideak janzten zituen bezala: indarrez eta dotoreziaz. Hori bai, Seijook Gernikan eta Ferrok, Madrilen.

1968ko Aberri Egunean, Gernikako Jai Alai frontoian hasi zen Naikariren ibilbidea, eta 1975era arte iraun zuen. Bide emankorra izan zuen orkestrak. Alde batetik, 7 hazbeteko hiru disko argitaratu zituen eta bertze zenbaitetan parte hartu zuen laguntzaile gisa, Bittor Egurrolarekin adibidez. Taldearen bigarren singlean (1970koa) agertzen da Begi eder horrekin kantua. Binilo beraren B aldean, Dañok lagun kantu arrakastatsua dugu.

Argi eta garbi, kontrazalean aipatua da: “Zure eskuetan Naikari orkestaren bigarren diskoa. Euskal muxika barruan, Naikari orkestak bereziko toki bat dauka: bera da euskal muxika ariñaren lenen-lenengo sortzailea”.

ETIKETAK:Euskal GrooveKantuakNaikari