Musika

badok

2022.09.02

badok

‘Euri-ura’ lan berria argitaratu du Txost! taldeak

Urretxu-Zumarragako (Gipuzkoa) Txost! taldeak bigarren diskoa argitaratu du gaur. Euri-ura izenburua jarri dio zortzi abestiko bildumari, eta taldeak berak adierazi duenez, “tresna, giro eta kolore berriak” erantsi dizkio Erreferak esperantza (2018) diskoarekin hasitako ibilbideari. Aurrekoak bezala, Mukuru kolektiboaren zigilua darama lan berriak.

Txost! 2022

Paxkal Irigoien (erdian) Txost! taldeko kide bihurtu da disko berriarekin. (Unai Huizi)

Laukote izatetik boskote izatera igaro da taldea Euri-ura diskoan, Paxkal Irigoien batu baitzaio teklatua, saxofoia eta ahotsa ekarriz. Aniztasun handiko diskoa dela azaldu du taldeak: ahotsez soilik osaturiko kantu bat dago (“Garenentz”), ukitu asiar, arabiar zein mexikarrak topa litezke, erritmo eta metrika bakoitiak eta aldakorrak, polirritmiak, distortsioak, zintzarriak… Eta hitzetan, bi kolaboratzaile izan dituzte: Ogiñi Somar eta Gorka Erostarbe.

Txost!-ek gaur bertan, ostirala, eskainiko du diskoa aurkezteko lehen kontzertua, Beasaingo (Gipuzkoa) Astigarreta auzoan. 18:00etan hasiko da emanaldia, eta ondoren Hegazkin taldeak joko du. Hegazkin-ek beste bi kontzertu iragarri ditu: bihar, irailak 3, Añorgako (Donostia) antzokian —Progrom taldearekin batera—, eta irailaren 17an Ikaztegietan (Gipuzkoa).

ETIKETAK:Gorka ErostarbeHegazkinMukuruOgiñi SomarPaxkal IrigoienPaxkal IrigoyenTxost!