Musika

Etsipenetik piztu dira

«Kristori eskean ibiltzen ginen lehen, eta kristonak gara orain, edo hori sinetsarazi nahi diogu geure buruari behintzat». Pandemia aurretik Eskean Kristo zena Kristonak bihurtu da pandemia ostean. «Beste jaiotza bat izan da», argitu du Pello Artabe taldeko abeslariak. Oinarrian, baina, taldean ez da aldaketa handirik izan: «Beti egin izan dugun rock klasiko hori egiten dugu oraindik ere». Euren ibilbideko «bosgarren lehen diskoa» kaleratu dute: Ahobetehortz. Zortzi kantuz osatuta dago, eta zaleek ez dute ezustekorik hartuko: taldearen betiko nortasunari eutsi diote abesti guztietan. Bihar hasiko dute lana aurkezteko bira, Ondarroako Portuko Ranpi aretoan (Bizkaia).

Kristonak

(Kristonak)

Eskean Kristo taldeak duela hamar urte plazaratu zuen aurreneko maketa, eta, pandemia iritsi zen arte, buru-belarri ibili ziren proiektuan murgilduta. Pandemia, baina, «nolabaiteko mugarria» izan zen, Artaberen hitzetan: «Garai hartan, nahiko burumakur ibili ginen, lur jota. Ia hiru urte igaro genituen kontzerturik eman gabe, eta taldea bertan behera uztea ere pentsatu genuen». Azkenean, baina, aurrera jarraitzeko erabakia hartu zuten, identitate berri batekin: «Metamorfosi bat izan da guretzat, beste jaiotza bat, hutsetik hastea bezalakoa: geure buruari motibazio estra bat eman nahi genion erabaki horrekin».

Izena da, berez, taldeak izan duen aldaketa bakarra: «Inoiz egin behar ez dena egin dugu: izena aldatu. Itxura aldetik, estilistikoki… berberak gara». Bost taldekideak ere berberak dira: Pello Artabe (ahotsa), Alex Harillo eta Aritz Ontalvilla (gitarrak), Perico Flaco (baxua) eta Manu Forte (bateria).

Jostalaria da taldearen jarrera zuzenean, eta espiritu horrekin aritu dira estudioko lanean ere: «Etsita geundelako sartu ginen estudiora, eta han gertatutakoak indarberritu egin gaitu». Diskoa «apurka-apurka» osatu dute, Donostiako Elkar estudioan, eta Victor Sanchez aritu da teknikari, nahasketa, masterizazio eta ekoizle lanetan. «Bi hilabetetik behin ibili gara asteburuetan Arratiatik Donostiara joaten, eta konforme egon garen arte itxaron dugu diskoa plazaratzeko».

Ahobetehortz da horren emaitza. «Fonetikoki indartsua da: ahoa betetzen duen hitz bat da; baina, gainera, inguratzen gaituen munduari ere egin nahi izan diogu erreferentzia». Zehazki, azkenaldian bolo-bolo ibili diren gertaerak hartu dituzte abiapuntu gisa. Besteak beste, pandemia, itxialdia, gerrak eta Irulegiko Eskua. «Hollywoodeko zientzia fikziozko pelikula bat dirudi errealitateak. Horixe hartu dugu oinarri moduan. Betiere, umore puntu batetik begiratuta», esan du barre artean Artabek.

1970eko hamarkadako rock klasikoa da Kristonak taldearen oinarri nagusia, baina rockaren ezpal guztiak ukitzen ditu diskoak: «Jolastea gustatzen zaigu. Betiere, rocka ardatz gisa hartuta». Bizirik gaude abestiarekin zabaldu dute lan berria, eta talde gisa bizi izan duten egoerari egin nahi izan diote erreferentzia: «Gerra oihu bat da, bueltatu garela ohartarazteko».

Diskoko zortzi kantuetako bostetan, zenbait musikarirekin kolaboratu dute, «kapritxo» modura. Gora Euzkadi ataskatuta! abestian, esaterako, Jose Mari Bizardunek kolaboratu du; Hauxe da mementua kantuan, Roberto Moso Zarama taldeko abeslariak, zeina «erreferente bat» baita Artaberentzat; Olana Lissekin ere aritu dira Akarrusin kantu berezian; Aiora Renteriak kolaboratu du Ontziak sutan abestian; eta, azkenik, Niko Etxartekin osatu dute Moogie Boogie kantua. Taldearen aurreneko diskoan ere grabatu zuen kolaborazio bat Altzürüküko musikariak, eta, oraingoan ere aritu da haiekin: «Remember moduko bat izan da: berriro jaiotze honetan, ezinbestean egon behar zuen Nikok».

Abesti guztien zirriborroak eginda zeuzkaten kolaboratzaileei proposamenak egin aurretik, baina, baiezkoak eman eta gero, musikari bakoitza eroso egoteko moduan moldatu dituzte. «Iruditzen zait bete-betean asmatu dugula egindako egokitzapenekin, eta kolaboratzaileak ere eroso egon direla».

Zuzenekoetarako gogoz

Estudioko lanak bukatuta, zuzenekoekin hasteko prest dago orain Arratiako taldea. «Zuzenekoetan egoten gara gure saltsan», kontatu du abeslariak. Taldeko kidea ohartu da euskal musikaren eszena «nabarmen» aldatu dela pandemiatik hona, baina uste du zorionez rock-and-rollak bere horretan dirauela: «Guretzat pandemia kaltegarria izan bada ere, beste batzuek aukera baliatu dute, eta on egin die. Euskal musikaren panorama dezente aldatu da arlo guztietan. Rockak, baina, beti eutsi izan dio ertzetan, eszena paralelo batean».

Zuzeneko emanaldiekin hasteko «gogotsu» daudela adierazi du Artabek, eta larunbata heltzeko atzerako kontaketa egiten ari dira jada: «Ondarroan emango dugu ibilbide berri honetako lehenengo kontzertua». Doe taldearekin batera igoko dira Portuko Ranpi aretoko oholtza gainera, 22:00etan.

Berez azken hau «disko laburra» bada ere, zuzeneko emanaldietan Eskean Kristoren kantuak ere abestuko dituzte, taldeko abeslariak aurreratu duenez: «Gure zaleek abesti zaharrak ere entzun gura dituzte, zalantzarik gabe». Ondarroako kontzertuaren ondotik hasiko dira, pixkanaka, beste kontzertuak iragartzen: «Hastea da kontua».

ETIKETAK:Kristonak