2014.06.09
Jainkotzat kantatzen dio Pierre Bordazarre Etxahun Iruri-k amari “Ama Eüskadi” kantan. Andere umil ederra da ama, artzain xiberutarren paregabeko debozioa sorrarazten duen babesa, zorionaren orube. Lurra da ama Euskadi, identitatea baizen gehiago, hizkuntzarekiko baino bizimodu batekiko atxikimendua, naturarekiko maiteminezko miresmena, horrenbestekoa ezen erantzungo dion ziurtasunez kantatzen baitio.
Ama, zütut. Maddi Oihenartek eta Josetxo Goia-Aribek Ilhargi-min diskoan saxofoi, kontrabaxu eta ahotsez egindako moldaketa entzuten duenak tristezia baino lasaitasuna senti lezake.
Ez da dolua ez bada ukendu balsamikoa, Azukre koxkorrak diskoan Ruper Ordorika kanten balsamikotasunaren aldarrikatzaile denak are balsamikoago egin asmo duena, kadentzia laurdenera baretuta, ia sehaska kanta gisa xuxurlatuta. Ruperrek azken estrofa kantatu bagarik, “oi gaixo Ama Eüskadi” errepikatuta kantari amaiera emanez, berez Etxahunek eman ez zion mina eranzten dio lurrari eskainitako ereserkitxo honi.
Etxahunek Ama Euskal Herriari eta euskarari kantatutako gainontzekoetan bi joera azaltzen dira: batetik, hizkuntzari erabat atxekirik bizi zuen identitate euskaldunaren egoera larriari kantatutakoak; bestetik, bizileku legez sortzen dion maitasunari erreferentzia egiten diotenak (irakurri Khantan). Lehen jitekoak dira Fernando Aire Xalbador-ek Ama Euskal Herria-ri kantatu zizkionak. Xalbadorren bertsoetan beti dago galera sahiestezinaren ahairea, Xalbador beti ageri da nahigabeturik, mundua uztera doan bere herriagatik, euskarari loturik baizen ulertzen eta bizitzen ez duen herriagatik. Euskaldunoi egozten digu galera, geuk desagerraziko dugu herria, geure erruz hilko da euskara.
Malura eta kontu eskatze hori bereizten da Anje Duhalderen ahairean. Kantaren lehenengo bost bertsoetan saminaren zergatia dator, azken bietan epaia, badakigu hiltzailea nor den. Gure kantutegian frangotan errepikatzen den arrangura da ama hizkuntza edota ama herriaren galbidearena. Eta guztietan amak ez du erantzuten, ama mutu dago, subjektoa da bai, baina harrizkoa.
Ama sufrituari, ama penetan bizi denari ere kantatu diogu euskaldunok. Halaxe kantatu zion Jules Moullier Oxobi-k, alegia zale zelarik, irakaspen eta guzti “Ama!”. Mikel Laboak Lau-bost diskoan lehen estrofa baizen ez zuen baliatu berezko hamarretik, gure kantugintzan usu gertatzen denez: “Maitatua sobera nintzelarik haurra / ez nakien nik zer zen amaren beharra / bortu batean orai naiz bakar bakarra / hartaz orhoit’ orduko heldu zaut nigarra“. Bertso-sorta luzeetatik batzuk aukeratzeak egilearen asmoen erdia helaraztea dakarke, idazleak garrantzitsutzat zituenak ez hautaturik, bertso-sorta zelanbait zikiratzea. Honakoan, ostera, lehen ahapaldiak bertso-sorta zehazki laburbiltzen duela dirudi. Bakardadeak eragin dio amamina, sorlekutik kanpo egoteak. Semea da nahigabetua, ez ama, Laboaren kantaera maleriatsuak sentiarazten duen berbera.
Ama eta semearen arteko elkarrizketak irudikatzen dituzten testuak idatzi zituen Eñaut Etxamendi idazle eta kantari ezterenzubitarrak Larralde bikote artistikoagaz urteetan ahotsutsik kantatuko zituenak. “Ama noiz?” edota “Ama zer duzu nigarrez?“. Bietan zain ageri da ama, aitaren haiduru, isildutako minez, semearen aurrean tinko eutsi guran.
Argazkiari edota koadrogintzari lotuago irudikatzen dugu Joseba Sarrionandiak idatzi eta Mikel Laboak Joseba Tapiaren trikitixarekin sortutako “Oroitzen zaitudanean, ama / sukaldean egoten zara / mahaia bostentzat iminita / aulkian eseri eta leihotik begira / kristala lausotzen duen lurrina kendu gabe —honarte dago irudia. Negarrez ari da ama? Tragikoki sufritzen?— “eta nik badakit zeure begien hondoan nagoela”. Erbesteratua ari da kantari, sasikoa.
Luis Rezola Tximela kapitainak 1937an Espainiako El Dueso kartzelan bizitako egunerokoari kantatu zion, goseari zein kartzelako neurriei zein harri gainean lo egin ezinari. Neurri berean kontatu zion amari kartzelako egunerokoaren berri. Semea da Joseba Tapiak gitarra eta biolontxeloa lagun ahairetutako “Ama, zutik” kantan oinazetan ageri dena. Malkoa dandilixka dakar kantariak —”Hemen ez da entzuten / hosto baten txintik / etorkizun iluna / datorkit itxitik. / Ama, nik dakit nola / nagon zuregatik / gaur edo bihar zaitut / ikusi nahi zutik”—, ez amagatik, kartzelan bizi duen muturrekoagatik baino.
Torturari buruzko gure kanturik ezagunenean semea martiri agertzeko erabili zuen amaren figura Telesforo Monzonek “Itziarren semea” herrikoi bihurtutakoan. Monzonen testu gehienetan legez, epika, heroizidadea da helburua, gizontasuna. Zer egin ote du amak horrenbeste sufritu behar izateko? Ez du pozik txikerrenarik merezi?
Itziarren semeak
ez du laguna salatzen
Eta zakurren aurrean
tinko ta ixilik egoiten.
Espetxerat igorri dute,
Amak ez du ezagutu
Ta Majik, pulliki pulliki,
Eman dioska bi musu