2014.07.04
Gutxitan egiten du berba amak bere ahotik gure kantugintzan, gutxiagotan benetan ama den baten ahotik. 1969an grabatu zuen Xabier Lete idazle eta kantagileak “Seaska kanta” deritzona. Amaren eta haurraren arteko elkarrizketa da, euskal kantutegi anonimo edota herrikoi legez ezagutzen dugunari jarraiki, ama sufrituaren figura iradokitzen diguna, Eñaut Etxamendiren “Ama zer duzu nigarrez?” haren parekoa. Honako hau ostera, elkarrizketa alegorikoa dela iruditzen zaigu, Etxamendirena ez bezala. Ez gehiegi baina bai nahikoa dokumentaturik dugulako dakigu zenbat trikimailu eta bitarteko literario erabili behar izan zituzten euskal sortzaileek diktadura frankistaren zentsurari izkin eginik euren lanak plazaratu ahal izateko. Belarribegietan sail honetako ikusentzunaldi batean luze bezain sakonago aztertuko dugun berbagaia da inkisidore modernoen aizkorak saihesteko jukutriena, “Seaska kanta” honekin Letek benetan esan asmo zuena barne:
Amaren bularra
haurraren janari,
haurraren negarra
beti hunkigarri;
baratz honen erdian
goseak nago ni,
zure bular laztanen
antsiz ta egarriz.
Zure bular politak
zerrien jostailu,
edertasunak kontuz
gorderik behar du;
zaude isilik, haurra!
ez egin negarrik,
munduak ez du-eta
malkoen beharrik.
Haunditzen zeranean
ikusiko duzu
isilik egoteak
zenbat balio dun;
jarrai zure bidetik,
hobe da horrela,
gauza denen gainetik,
haizea bezala.
Amaren bularra
haurraren janari,
aterpe samur hontan
lo hartu nahi dut nik.
1976an, Lurdes Iriondorekin diskaratu zuen moldaketan argiago nabari da haurraren eta amaren arteko elkarrizketa, baina letrak, Leterena izaten darrai. Gizon bat ari da ama baten ahotsetik. Beste horrenbeste gertatzen da Asier Serranok idatzi eta EH Sukarra taldekoek ahairetutako “Ama-galdua“ kantarekin. Asier Serranoren literaturan ohikoa den legez, erabat marginalak diren pertsonaia horietako baten sentipenak kantatu zituzten eibartarrek. Puta bat da narratzailea, lehen pertsonan ari da eta gizarteak eta, batez ere, sineskeria katolikoak estigmatizatutako emagaldu berba sobera hedatuarekin hitz-jokoa eginez, ama izatea galarazten diotenei herraz mintzo zaie:
“Ama-galdu” naiz
Erosi ditzakezu
Gezurrezko laztanak
Erosi dezakezu
Garesti zaizuna
Eros ta goza zazu
Sekula benetan izango ez duzuna
Eros ta gero zoaz
Zain duzun zure
zure emazteaz.
Gauaren neoi argitan
Babesten naiz hiritan
Karmin urratsetan bakarti
Takoien bertigoan beldurti
Puben barratik
Zulo barrutik
Amatasun sabel sakonetik
Hedatzen den lefa azidotik
noraezaren laberintoen ateetatik
“Ama-galdu” naiz.
Ama galdua
Oraingoan ere, gizona ari da emakumea izan nahi eta ezinik. Badirudi, gizonak emakume baten ahotsetik kantatu zein kontatu gura duenean, bizipen tragikoak gailendu behar direla, zorigaitz latzenaren laiotzak erasanda agertu behar duela emakumeak, bestela ez baitaiteke sinesgarri. Amaia Lasak alfabeto berri bat aldarrikatu zuen emakumearentzat 1971n baina ezein musikarik ez zuen euskal literaturaren mugarrietarik bat den poema kanta gisa plazaratzeko ausardiarik izan harik eta Josetxo Goia-Aribek Los pendientes de la reina diskoan, jazz eran, alfabeto berria gogoan, plazaratu zuen arte.
Nereak ez diren
lurralde hauetatik
ihes egin nahi nuke.
Nereak ez diren ur hauek
alde batera
utzi egin behar ditut
Haitz sendoaren biribiltasunean
nire bizitzaren hitza
lortu nahi nuke
Biribiltasunean
sendotasunean
haitzaren gainean
a
e
i
o
u
berri bat esan nahi nuke.
Urte berekoa da estigma, etiketa, arran eta enparau guztiez futitzen den musikatubako honako beste poema hau ere:
Jaungoiko guztiak ukatzen dituen
emakume bat naiz.
Atzo,
zeruko jaungoikoa ukatzen nuen.
gero
infernukoa, eta
gaur,
lurreko jaungoikoa ukatzen dut.
Dotrina guztien aurka altxatzen naiz.
Atzo,
zeruko pekatari nintzen,
gero
infernukoa, eta
gaur,
lurreko pekataria naiz.
Hutsunean igeri dabilen emakume bat izaten naiz.
Emakumeak beretik egin gura du berba, ez du ordezkoaren beharrik, ez da bozeramailearen gibelean isilduko. Emakumeak ez dio ama edo emazte izateari buruz inork agindutako eran kantatu gura, nork dio horri kantatu gura dionik, ere? Bere ahotik, bere sentipenetatik, jendarteak betearazi nahi dizkion arauekin nazkaturik kantatzen du Anarik “Amua“. Emakume izateak derrigorrean dakar erditu beharra? Amak berak ere moztu nahi du zilbor-hestea.
Rocka Niko Etxartek ekarri bazuen gurera, punka Xabier Montoiaren zakutoan iritsi ei zen. Montoia idazle eta musikaria da, gaur argitaratuko du liburua, bihar diskoa. Bere lehen argitalpenetan poesia eran okaztatu zituen ordura arte barruan isildutakoak. 1981ean argitaratutako Anfetamiña liburuko lehen poema aldarri apurtzaile gogoangarria zaigu:
Batzuentzat
Jesukristo gurutzera
(lapurren artean)
igo zenean,
hasten da historia.
Beste batzuentzat, aldiz,
Leninek —txapela kenduz—
«Botere osoa sovieterako»
deiadar egin zuenean,
Finlandiako geltokian.
Niretzat
David Bowiek ilea moztu zuen
egunean.
Montoiak beti esan du ezberdin idazten dituela poemak eta kantatzeko hitzak, ez duela egundo bere poema bat erabili kanta bihurtzeko. Eta guri bere kanturako letra asko poema eran libururatutakoak baizen hobeak edo hobeagoak iruditzen zaizkigu, batez ere, ironiaz, umorez eta ezten zorrotzez armaturik dakarzkigunak, gerora hobetu ez den Euskaldunon Egunkaria bahituko gehigarriari izena eman zion “Barkatu, ama” belaunaldi baten jarrera estetiko eta ideologikoa erretrataturik kritikatzeko idatzitakoa legez. Anai Arrebak taldeak Hala Bedi irratiaren 30. urteurrenaren karietara sorturiko aldaerak lortuko ote du joan den mendeko 90. hamarkadan jaiotakoentzako erreferente bihurtzen? Edo gaurkotasuna galdu duen kanta da? Eta gaurkotasunik galdu ez badu, zertan ari dira egungo kantugileak, non dira egungo belaunaldiak zirikatzeko poemak? Egungo poetek ez dute Ama Euskal Herririk? Aberririk gabeko kantariak dira egungoak?