Musika

Gorka Erostarbe

2015.09.03

Gorka Erostarbe

Eta lehertu egin zen

Ordurako, Kortatuk bazuen bide bat egina; Kortatu (Soñua, 1985) eta El estado de las cosas (Soñua, 1986) lan luzeak argitaratuak zituen; Euskal Rock Erradikala (RRV) boladan zegoen, eta Irungo hirukoa gidari ikurretako bat zen; “Zu atrapatu arte”, “Sarri, Sarri” eta “La línea del frente”-ren gisako kantuak ereserki modukoak bilakatuak ziren… Geldi zitekeen bertan goxo, lortutako estatusean eroso, musikaren alde errebeldean baina arrisku artistikoaren eremutik kanpo. Jarrera hura ez zetorkeen bat muguruzatarren bizi eta musika izpirituarekin, ordea. Lan bakoitzarekin urrats bat egitea zuten xede, edo behintzat zerbait desberdin proposatzea, bilakaera bat zedarritzea…

Kolpez kolpe

‘Kolpez kolpe’ diskoaren azala.

Kantu berriak buruan zituzten Fermin Muguruzak (gitarra eta ahotsa), Iñigo Muguruzak (baxua eta ahotsa) eta Treku Armendarizek (bateria), baina kantu haiek nola jorratu, bakoitzari zer eman… Horra haien kezka. «Ordurako, erreparatzen genien disko baten produkzio kontuei; esaterako, Elvis Costellok The Poguesekin eta The Specialsekin egindako lanetan. Hasi ginen ikusten zer garrantzi zuen produkzio lanak», gogoratu du Fermin Muguruzak, Irungo Mosku plazako Eskina tabernako terrazan eserita. Miresten zituen Costelloren ekoizpenak, baina gerturago ere bazeukan lan hori egin zezakeen norbait begiz jota. «M-ak jarraitzen genuen. Lehen diskoa bagenuen, baina guretzat mugarria bigarrena izan zen, Emeak eta arrak. Jada ikusten zen Kaki el puto amo zela».

Kaki Arkarazoz ari da, jakina. Hilabete batzuk egin dituzte elkar ikusi gabe, eta besarkada estuz egin diote diosala elkarri. Eseri aurretik, Quebecetik etorritako musikari talde bat agurtu dute, Irunen goiz-pasa egiten ari dena. Arkarazok hartu du hitza produkzio hitza entzun orduko. «Euskal Herrian ez zegoen ohiturarik produkzio artistiko bat egiteko, preprodukzio bat egiteko, konponketak prestatzeko, kantu bakoitzari berea emateko…».

Fermin_Muguruza_-_Kaki_Arkarazo

Fermin Muguruza eta Kaki Arkarazo. (Jon Urbe / Argazki Press)

Ez ziren urrunekoak aurretik ere, ez denboran, ez espazioan. Baina bazeuden desberdintasunak. «Euskal mundutik» zetorren Kaki Arkarazo (Lazkao, Gipuzkoa, 1961). «Etxean euskal kantari guztiak entzundakoa nintzen: Laboa, Lete, Lertxundi… Eta, bestalde, abangoardiako musikaren zalea nintzen, eta musika beltzarena, soularena batez ere». Fermin Muguruza (Irun, 1963) eta Kortatu punkaren mundu erdaldunetik zetozen, aldiz. Baina, bazituzten elkarguneak ere; musika ulertzeko modua, beste ororen gainetik; musika industria nagusitik aldendutako bide propioa jorratzekoa eta «burmuin irekikoak» izatekoa, batez ere.

Olasagastiren arnasa
«Ez ginen erro berekoak, nahiz eta kointzidentziak bagenituen, jakina, baina elkartzean gertatzen dira halako sorkuntza leherketak. Oso gauza diferenteak batu genituen, baina adostasun batera heltzean… pum! lehertzen da», dio Arkarazok. Lehertu zena Kolpez kolpe diskoa izan zen, Kortaturen estudioko hirugarren eta azkena. Arkarazo M-ak taldeko kidea zen orduan. Muguruzak, ohi duen memoria apartekoz, honela gogoratu du: «Kakiri deitu nion, eta baietz esan zidan, oso gustura egingo zuela, eta entsegu batera etorriko zela aurrez. Entsegura ez zen azaldu bera bakarrik, gitarra alboan hartuta baizik. Anplifikatzaile bat ere ekarri zuen. Entxufatu zituen, eta gurekin batera hasi zen jotzen. Zer jarrera, zer inplikazioa! Hor esan nuen: ‘Bua! Asmatu dugu honekin’. Are gehiago, diskoa amaitu eta bira hasi orduko Kortaturen laugarren kide bilakatu zen».

Kaki Arkarazo: “Euskal Herrian ez zegoen ohiturarik produkzio artistiko bat egiteko, preprodukzio bat egiteko, konponketak prestatzeko, kantu bakoitzari berea emateko…

Zuzeneko lehen harremana 1985eko maiatzean izan zuten Muguruzak eta Arkarazok, horrek ETBn aurkezten zuen Popazoro musika saioan. «Zuzenean jotzen zuten taldeek. Denetarik egon zen saio hartan. Duncan Dhu, Tortura Sistematika, BAP!!… Horrelakorik ez da gero errepikatu telebistan. Kortatukoak etorri ziren, eta bertako langileak ere aztoratu ziren. Todos al suelo que viene Barrionuevo abestu zuten [barreak]. Orduan ez zegoen goiko kontrolik, eta gu eskapatu egiten ginen…». Muguruzak beste xehetasun bat: «Kakik esan zidan gitarraren soinua zaindu behar nuela, telecasterra nuelako, twin reberv-a eta ez dakit zer… Guri orduan abiada eta bolumena inporta zitzaigun, dena topera [barrea]… Pentsatu nuen: ‘Putaseme hau’; baina ttaka hartu nion mezua…».

Kortatuk «esperientzia txarra» izan zuen bigarren diskoaren grabaketa eta soinuarekin (El estado de las cosas). «Cesar Ibarretxe teknikariarekin borroka handiak izan genituen. Eraman genion Black Flagen Damaged diskoa eredu gisa, guretzako sekulakoa zena, eta esan zigun hura gaizki grabatua zegoela. Hortik aurrera…». Soinuarekin ez ziren behar bezain gustura geratu, nahiz eta kantuak oso zituzten gogoko. «Hor jada argi geratzen da M-ak taldearekin genuen harremana. Xabier Montoiak abestu zuen “9 zulo” kantuan, eta Montoia guretzat kristorena zen».

Kolpez kolpe-rako beste zerbait nahi zuten.«Kolorea eman nahi izan nion disko horri. Punkaren esparrutik zetozen, baina bazuten joerak irekitzeko nahia eta ahalmena. Punkaren osteko estilo guztiak entzuten zituzten. Redskinak, soula, reggaea, lehen hip-hopa, Public Enemy… Horri guztiari aberastasuna ematea zen nire egitekoa; oinarrizkoa beraiek zekarten. Baina, ordu arte, teknikariek, aukerak zabaldu baino gehiago, mugatu egiten zituzten. Kolpez kolpe-n denetarik dago; ordura arteko eredu guztiak puskatzen dira», gogoratu du Arkarazok, harrotasunez. Eta Muguruzaren errematea: «Bai; haize sekzio indartsu bat dago, esaterako. Aurreko lanean Josetxo Silguero zegoen saxoa jotzen. Oraingoan, Josetxoz gain, Mikel Valcarlos, Javi Silguero eta Juan Antonio Diez daude haize instrumentuetan; gero horiek berak egongo dira M-ak-en Barkatu ama-n».

Fermin Muguruza: “Euskaren musikaltasuna hor zegoen. Euskaldun berriak ginen eta Kakik nahi zuen hori igartzea”

Denetik zegoen, bai. Kolpez kolpe kantuaren introan agertzen diren aizkorakadak eta arnas ufaldiak Joxe Mari Olasagastiri grabatu zizkion Arkarazok berak Tolosako zezen plazan, Mindegiaren aurka egindako lehia batean: «Euskadi Irratian ari nintzen lanean, eta handik hartutako mikrofonoekin joan nintzen igande goiz batez. Pentsa ezazu zer-nolako motibazioa genuen!». “Denboraren menpe” kantuan Pello Gaztelumendiren motor zarata ageri da, eta, gauzak zer diren, pasartea aipatu eta gutxira igaro da hura Muguruza eta Arkarazo eserita dauden lekutik. Irriz eta besarkadaz agurtu ditu biak. Eta kolaborazio gehiago ere bai: Jul Bolinaga Yul-en (RIP) gitarrarena “Makurtu gabe”-n, Mikel Insausti The Covers taldeko kidearen koruak “Denboraren menpe”-n, Angel Valdesen perkusioak, Jabier Muguruzaren eskusoinua… eta biontzat berezia den kolaborazioa, Mikel Laboaren ahotsarena “Ehun ginen”-en. «Asko jarraitzen gintuen; kontzertuetara joaten zen. Bere belaunaldikoekin baino harreman gehiago zuen gurekin, gazteagoekin. Gauzak jakiteko interes berezia. Proposatu genion M-ak en “Ehun ginen”-en bertsioan ahotsa sar zezan, eta lehenengoan egin zuen, oso ukitu berezia emanez, nahiz eta bera ez zen gustura gelditu; hain zen umila…».

Musikaren esparruan «asko» eman zien Arkarazok, eta harentzat ere aitzindaria izan zen lan hura: «Askatasun guztia eman zidaten, eta, haize instrumentuak sartu behar bagenituen planoz kanpo, ba, sartzen genituen…». Muguruzak aitortu du Arkarazoren beste ekarpen bat ere, «oso inportantea»: euskal mundura gerturatzearena, hain zuzen ere. «Hasieratik esaten genuen euskaraz ikastean disko bat osorik egingo genuela euskaraz. Eta aipatuko da euskararena elementu ideologiko modura, batez ere, baina bazegoen elementu musikal bat ere, eta horretan asko lagundu zigun Kakik. Euskaren musikaltasuna hor zegoen. Euskaldun berriak ginen eta Kakik nahi zuen hori igartzea. ‘Horrela hitz egiten dute, horrela kanta dezatela’. Eta igarri egiten da». Gainera, Arkarazoren bidez “astero idazten baitzuen disko baten erreseina”, Argia aldizkariko jendea ezagutu zuten, Mikel Antza eta Josu Landa idazleak, besteak beste. Landarena berarena da diskoari izenburua ematen dion kantuaren letra, eta Antzarenak dira “Ehun ginen” eta “Makurtu gabe”. “Etxerat!” eta “Platinozko sudurrak”, berriz, Fermin Muguruza eta Antzaren artean osatuak dira.

Bai Muguruzari eta bai Arkarazori diskoa osotasunean ondo dagoela iruditzen zaie, berriki entzun ahal izan baitute berriz ere. Muguruzak Yulen omenezko kontzertuan parte hartu zuen, ekainaren 27an, Arrasaten, eta “Makurtu gabe” kantua «berrikasi» behar izan zuen. «Azkenean disko osoa entzun nuen, eta lehen bi kantuak asko gustatzen zaizkit, korronte elektrikoa sartzen zait gorputzean “After boltxebike” entzun orduko. “Etxerat!” gerora ere beti egon da nire errepertorioan, oso erritmo bizia duelako eta indar sinbolikoa ere bai». Arkarazori gustatzen zitzaion “After boltxebike” zuzenean jotzea, baina ez zen gustura geratu grabaketako soinuarekin. «Tira, produktorearen kontuak dira horiek».

Biak ados dira bi kontutan. Baga: ondoren etorriko zen Negu Gorriak bestelako proiektua zen erabat, «nahiz eta hazi bat bazegoen». Eta biga: egun modan dagoen arren diskoak osorik zuzenean eskaintzea, ez lukete halakorik «inondik inora» egingo Kolpez kolpe-rekin. Arkarazo: «Entzun nahi duenak hor ditu diskoak». Muguruza: «Pikutara halako modak!».

(Berria egunkarian, 2015eko abuztuaren 27an argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:Bap!!Fermin MuguruzaJabier MuguruzaKaki ArkarazoKolpez kolpeKortatuM-akNegu GorriakXabier Montoia