Musika

Jon Eskisabel

2021.10.16

Jon Eskisabel

‘Eta hutsa zen helmuga’, Liher taldearen disko berria azaroaren 4an kaleratuko da

Eta hutsa zen helmuga, diskoa ixten duen abestiko azken esaldia aukeratu du Liher taldeak bere lan berriari izenburua jartzeko. Azaroaren 4an kaleratuko du laukoteak bere laugarren diskoa, eta datorren asteazkenean, hilak 20, emango du ezagutzera lehen singlea. Horren berri emateko eta lan berria aurkezteko ezohiko bidea aukeratu du taldeak: kontzertua eskaini du Donostiako Intxaurrondo kultur etxean hainbat kazetari, musikari eta gonbidaturen aurrean. Taom ekoiztetxeak kontzertua grabatu egin du eta bertan hartutako irudiekin osatuko dituzte lehen bi singleen bideoklipak. Aurrerago, kontzertu osoaren filma ere zabalduko dute.

LIher berria 1

Liher taldekoak, ‘Hemen herensugeak daude’ diskoaren promozioko argazki batean.

Ez dira bi urte pasa Hemen herensugeak daude kaleratu zuenetik baina disko haren zikloa itxi eta “berriz ere jaiotzeko” erabakia hartu du taldeak. Izan ere, disko hura 2020ko otsailean argitaratu eta bi astera pandemia heldu zen eta aurkezpen bira osoa bertan behera utzi behar izan zuen. Horrek sortutako “shock emozionala” kantu berrietatik at uzten saiatu diren aurrean, azken hilabeteetan “bizitako hausturaren” isla da Eta hutsa zen helmuga diskoa. “Riff oro, atmosfera oro eta kontzeptu oro” taldekideek bizitako momentuaren adierazle dira, komunikabideei banatutako prentsa oharrean diotenez. “Irten ginen hegan herensugearen neskarekin, jakin gabe jausteak egingo zigula hainbeste min” dira diskoan Lide Hernando abeslariak ahoskatzen dituen lehen hitzak.

Taldearen arabera, “haustura” eta “hutsa” kontzeptuek osatzen dute diskoaren bizkarrezurra. Diskoaren lehen erdiko abestiek “taldearen eta norberaren hausturei, beldurrei eta atsekabeei buruz eta horiek konpontzeko kemenari buruz” hitz egiten dute. Ondorengo kantuetan, berriz, “dramaren erdian kolektibotasuna aurkitzeak duen eraginaz” mintzatzen hasten da taldea, “harik eta norberaren eta gizartearen konpontze prozesu horretan huts sendatzaile baten terrenoan sartu arte”. Hain zuzen ere, kolektibotasun horren adierazle gisa, lau abeslari gonbidatu dituzte diskoan parte hartzera: Noa Egiguren (Noa & The Hell Drinkers), Lidia Insausti (Arima Soul), Alain Martinez (Dinero, Qverno) eta Miren Narbaiza (Napoka Iria, Mice). Insausti izan ezik, beste hirurak aurkezpen kontzertuan izan ziren.

Diskoa Garate estudioan grabatu zuten udan, eta lehen aldiz lan egin dute Kaki Arkarazo soinu teknikariarekin. Ekoizpena berriz, Iñigo Etxarri taldekideak egin du. Oraingoz ez dago diskoaren zuzeneko aurkezpen datarik iragarrita.

ETIKETAK:Alain MartinezKaki ArkarazoLidia InsaustiLiherMiren NarbaizaNoa Egiguren