2021.12.09
«Zuetako zenbatek erabiltzen dituzue plataformak musika streaming bidez entzuteko?». Besoak gora, Landako guneko areto nagusikoko entzule gehienek. «Eta ordaindu?». Bakarren batek. Bistan da, jendeak nagusiki Interneten bitartez entzuten du musika gaur egun, doako zein ordainpeko guneetan. «Multinazional handiek merkatu osoa kontrolatzen dute, eta nahieran kudeatzen dute kontsumoa». Horren kexu dira Urko Peral eta Ekhiotz Prieto, eta alternatiba «jasangarri» bat sortu dute, musikarien eta musikazaleen komunitatea zaintzeko asmoz: Atarian.eus. Atzo aurkeztu zuten, Durangoko Azokako Kabi@ gunean.
Iazko osasun krisiak ernatutako gogoetetatik sortu da proiektua. «Kulturan lan egiten dugunon bizitza erabat aldatu zen», kontatu du Peralek. Topatu zuten aterabide bat: plato bat egin zuten soinu teknikari lanerako erabiltzen zuten nabean, musikari lagunak gonbidatu zituzten, eta ikus-entzunezkoekin aritzen diren kideekin batera kontzertuak grabatzen hasi ziren. «Gure bizitzei zentzu bat emateko, batez ere». Material hori Interneten nola jarri pentsatzen hasi zirenean areagotu ziren zalantzak: «Lanari balio guztia kentzen genion».
Plataforma handien atzaparrei izkin egiteko irtenbide bakarra ikusi zuten: euren gunea sortzea. Elkartu zituzten soinu teknikariak, irudigileak, informatikariak eta kazetariak, besteak beste. Eta, horri guztiari oinarri juridiko bat emateko, kooperatiba bat sortu zuten. «Langileak eta bazkideak gara; lortu dugu gure bitartekoak baliatu eta proiektua taxutzea», azaldu du Prietok.
Hainbat bideo grabatu dituzte ordutik, platoan eta kalean. Iruñeko Ez Dago Hilda kolektiboarekin elkarlanean aritu dira, eta lortu dute jaialdi eta diskoetxe batzuen laguntza ere. Dozenaka kontzertu dituzte prest, 60 talderi baino gehiagori grabatuta.
Zuzeneko ordainketa
Plataforma ez dago martxan oraindik, baina bisitariek dagoeneko izan dezakete haren atzeko asmoaren berri webgunean sartuz gero: «Artistekin konektatzeko atari bat; bidezko kontsumo bat garatzeko tresna; kultura maite dutenentzako topagunea».
Barruan, ikus-entzunezkoak izango dira nagusi: zuzeneko emanaldiak, bideoklipak eta elkarrizketak. Horiek osorik ikusteko, harpidetza sistema bat jarriko dute martxan laster. «Legeei buruzko azken kontuak itxi orduko». Gunea 24 ordutan erabiltzeko bonuak banatu dituzte azokako erakusmahaian. Aurrerantzean, hamabi euro balioko du harpidetzak. Horrelako gune baten korapilorik handiena diruaren banaketa da, eta hori da, hain justu, plataforma horrek besteekiko izango duen bereizgarri nagusia, egileen esanetan.
«Gaur egun, harpidetzen dirua jasotzen duten plataformek ez dute demokratikoki banatzen. Munduan entzule gehien dituen artista hartzen dute erreferentziatzat, eta hortik aurrera banatzen dute», azaldu du Peralek. «Guk horrekin apurtuko dugu. Erabiltzaile bakoitzak ordaindutako dirua hark entzuten dituen taldeentzat izango da zuzenean», erantsi du Prietok. Erabiltzaile bakoitzak tenporizadore bat izango du, eta entzundako minutu kopuruaren arabera banatuko da hark ordaindutako dirua entzun dituen taldeen artean.
Oraingoz, Nafarroako taldeak dira nagusi, haien ingurura jo zutelako proiektua martxan jartzeko. Honako hauek parte hartu dute, besteak beste: Belako, Brigade Loco, Chill Mafia, Ibil Bedi, Kerobia, Nafarroa 1512 eta Tatxers taldeek. Askotariko estiloak nahastea da egileen asmoa; ez diote hesirik jarri nahi atariari.