2019.10.05
Hamar edizioren ostean, Azkue fundazioak ez du gehiago antolatuko Banden Lehia sariketarik. Euskarazko musikagintza sustatzeko helburuz jarri zuten lehiaketa martxan, eta 400 musika taldek baino gehiagok hartu du parte urteotan guztiotan. Disko bat grabatzeko aukera eskaintzen du lehiaketako lehen sariak, eta babes horri esker atera dituzte beren lehen lanak Eskean Kristök, Aneguriak eta Zazkel taldeek, besteak beste. Baina fundazioko zuzendari Jurdana Akasusk azaldu duenez, azken urteetan nabarmen egin du behera parte hartzaileen kopuruak, eta lehiaketaren formatuaren egokitasunaz gogoeta egitera eraman ditu horrek. Bere egitekoak berriro definitzen ere badabil fundazioa, gainera, eta aurrerantzean euskararen eta mundu digitalaren alorrean sakontzea da euren asmoa. «Atea irekita utzi nahi diogu proiektua hartzeko gogoz egon daitezkeen beste sustatzaileei». Baina, oraingoz, Belatz taldearen Hotz egin duen arren diskoa izango da Banden Lehiak emango duen azken emaitza.
«Askotan ez dugu jakin esaten zer estilo jotzen dugun». Endika Elizaga gitarra jotzailearen azalpenak deskriba dezake taldearen nortasuna. Rockaren adar guztietatik edaten dute Belatz taldekoek, eta kaleratu berri duten diskoko zortzi kantuetan igar daiteke hori. Badira rock gogorretik gertu dabiltzan abestiak, badira pop ukituak dituztenak, balada pare bat ere badago, eta bada elektronika tantaren bat edo beste ere. «Ateratzen zaiguna egiten dugu, estilo bakarrera mugatu gabe, baina beti daukagu esentzia bera, eta guk ematen diogun ukitutxo hori», azaldu du Asier Zabala abeslariak.
“Surikatoak” abestia hautatu dute single modura: diskoko kantarik pop eta alaienetako bat. Gernikako euskararen kolorea ere agerikoa da kanta horretan, eta berdin jokatu dute “Hey! Entzun!” abestian ere. Zabalak azaldu du motiboa: «Erabakitzen badugu abestia nahi dugula izatea zuzena, eta esatea gauzak esaten ditugun moduan, berba egiten dugun moduan idazten dugu, errazago ikusten delako zer nahi dugun esan». Beste abestietan erregistro zainduagoa baliatu dute, ordea, ahozkotasunetik urrunago. «Hori egiten dugu, nahi dugunean apurtxo bat sakonagoa izatea kanta, eta topatzea berbaren bat balio duena gauzak beste modu batera esateko».
Aurrez ere bazuten disko labur bat kalean, Denboraren esklabu izenburukoa, eta bigarren lanarekin koska bat gora egin dutela uste dute musikariek. «Orain entzuten duzu lehen EP hura, eta konturatzen zara planoagoak direla abestiak, eta bigarren disko honetan kolore pila bat dago».
Eta, hain zuzen ere, urteen joan-etorri horretan bizi izandakoei egiten die erreferentzia diskoaren tituluak: Hotz egin duen arren. Zabala: «Nahiz eta eduki ditugun gorabeherak, hemen gaude oraindino, eta gogoz segitzen dugu».
“Erabakitzen badugu abestia nahi dugula izatea zuzena, eta esatea gauzak esaten ditugun moduan, berba egiten dugun moduan idazten dugu“
Urtzi Iza teknikariak grabazio saioetan egindako lana azpimarratu du Ritxi Aizpuru Baga-Biga etxeko ekoizleak. «Asko irabazi du taldeak harekin». Uztailean eta abuztuan aritu ziren Bilboko Rekalde auzoan duen estudioan eta, taldekideek onartu dutenez, bizia izan da prozesua. Estudioan bertan sortu dute disko erdialdean sartu duten “Hey! Entzun!” abestia.
Ibon Bilbao gitarra jotzaileak deskribatu du prozesua: «Eduki genituen zazpi abesti grabatuta demoan, eta eduki genuen beste bat ezkutuan, grabatu gabe, ez genuelako eduki denborarik. Baina estudioan hasi ginenean konturatu ginen abesti batek ez zuela maila ematen, eta kendu egin genuen». Halako batean, entsegu lokalean aspaldi zerabilen riff bat jo zuen Bilbaok; teknikariari gustatu, eta riff haren gainean osatu zuten abestia.
Hirukote formatuan hasi zuen bidea taldeak, baina boskote dira egun: Pello Arriola baterian, Mikel Conde baxuarekin, Bilbao eta Elizaga gitarrarekin, eta Zabala kantuan. Taldekideez gain, kolaboratzaileak ere izan dituzte estudioan. Haxotz taldeko Jokin Erkorekak jarri du ahotsa diskoko lehen abestian, Aneguriak rap pasartea eta koruak gehitu dizkio Besarkatu nazazu kantari, perkusioak sartu dituzte “Hey! Entzun!”-en, eta Sandra Tejero abeslariaren ahotsa entzuten da “Gauaren ilunean” kantan.
Azken sarituak
Azkena izanik, urte berezia izan zen iazkoa Banden Lehian. Sari bakar bat eman ordez, lau eman zituzten horregatik. Belatzek eskuratu zuen lehen postua, eta diskoaren grabazioaz gainera, BBK Live jaialdian jotzeko aukera izan zuen udan, eta Bartzelonako EH Sona jaialdian ere izango dira urrian. Zizel bikotea geratu zen bigarren, eta bideoklip bat grabatzea izan dute saria. Bay of Biscay jaialdian jotzea izan zen saria hirugarren sailkatu zen Dekot hirukotearentzako, eta 500 euroko laguntza jaso zuen Nau taldeak.