2022.10.11
Esti Markez musikariak «ahalduntzeko» bide bati ekin dio, bere lehenengo diskoa aterata. 2020an hasi zen kantuan sortzen, eta, Mikel Markez aitarekin batera Azal berritzen lana atera ondoren, bere bakarkako ibilbidea hastea erabaki du, berak ekoitzitako disko batekin: Hitzekin jolasean.
«Disko honekin barruko korapiloak askatzea lortu dut, sentitzen dudan guztia hitzez azalduz. Abestiak dira nire sendagaia. Haiekin lotuta eta, aldi berean, aske sentitzen naiz. Sentsazio horiek guztiak eta musikarekiko dudan maitasuna islatu ditut bakarka gidatzen hastera noan proiektu honetan», azaldu du Markezek.
Bide berri horretan, Iker Lauroba (gitarra), Danae Riaño (baxua) eta Josu Erbiti (bateria) musikariez inguratu da. Gainera, zenbait kolaborazio izan ditu diskoan: kantuan, Eñaut Elorrietak parte hartu du “Ametsez ezin da bizi” abestian, eta Mikel Markezek “Notak airean”-en; Garazi Esnaola pianista eta Arkaitz Miner biolinista ere aritu dira abesti banatan.
Markezenak berarenak dira diskoko kanta gehienen hitzak, baina Alaia Martinek idatzi ditu “Onena” eta “Bi begirada” abestienak, eta Jon Martinek “Norak airean”-ena.
→ Esti Markezen kontzertu agenda