2020.05.20
Desafio bat bezala. Horrela abiatu zen T’mAmaztang”t diskoaren egiteko xedea. Joko bat balitz bezala, letra batzuei «beste dimentsio» baten emateko gogoarekin zeuden Behi Bideko Andere Xuriak (BBAX) taldeko lau kideak, eta hala egin dute beren hirugarren diskoan. «Kontzertuetan dimentsio hori galdu da; iruditzen zait orain kantaldietan diskoetan bezala ematen direla kantuak: aski hotz», Pantxix Bidart kantariaren hitzetan.
2014an kaleratu zuten lehen diskoa: Gure etxen badira. Eta, nolabait, hori izan da T’mAmAztAng”t-ren iturburu. Jada bilduak zituzten hainbat kantu «herrikoi», eta a capella eman. Marie Hirigoien BBAXeko kantarietatik baten tesi lana izan zen lan horren oinarrian, bertan aztertzen baitzituen euskal kantagintzako ezaugarri zenbait, musikologia arloan. Kantu monodikoak izan zituen aztergai, eta, lan denbora horretan XX. mendeko artxiboak eskura zituela, numerizatze lanetan ziharduen. Tesia bukatu eta Bidartekin batera erabaki zuten lan horrekin zerbait egin behar zutela, «apal zoko batean uztea baino». Mirentxu Agerre batu zitzaien, eta horrela abiatu zuten BBAX taldea. «Lehen diskoan entseatu ginen ezaugarri horiekin jostatzen. Gero egia da urrundu garela, sorkuntzan sartu baikara».
T’mAmAztAng”t izpiritu bereko lana da, Belarri diskoetxearekin egina. 2018an, Distortsioen munduan proiektua eraman zuen BBAXek, izen bereko diskoarekin eta Ipar Euskal Herriko beste hainbat musikari eta kantarirekin batera —Xendarineko ahizpak, Allande Etxeberri eta Paxkal Irigoien, tarteko—. Lehen diskoko errepertorioa hartu eta molde elektrikoan ematea zuen hastapeneko xedea Bidartek.
Polifoniaren estetika
«Oraingoan ere polifonian ari gara. Trebatu gara, jokoen bidez, eta ikusi dugu herriko kantaera hori nola gure artean armonizatu». 11 kantuz osatu dute diskoa, eta Allande Oihenarten olerkiak dira horietako lau. Hor ere desafiorako eta estetika baten kausitzeko gogoa senti zaio Bidarti. Kantu «herrikoiak» badira, beraz, eta diren sorkuntza propioak Oihenarten poesietatik sortu dituzte. Oihenartenak, denak dira amodiozkoak.«Anitzetan irakurri dut Oihenartek egiten zuena ez zela zinez poesia, gaztetan idatzi zituela, ez zutela balore poetiko handirik… Idazleek beti despreziatzen dute. Baina guk kontrakoa erakutsi nahi izan dugu; baietz, olerki horiek biziki estetikoak zirela eta kantatzeko gisan zirela. Nik beti maitatu ditut, preseski, trinkoak direlako. Estetika hori maite nuen, eta desafio gisa hartu dut olerki horiek horrela egokitzea».
Eta diskoaren izenean berean estetika bilatze hori darie. «Diskoa bukatzean, kantuen zerrenda ikusi eta bakoitzaren lehen hizkia harturik, t’mamaztang”t atera da, eta pentsatu nuen bazuela halako xarma bat; kasik iduri du beste hizkuntza bat».
“Anitzetan irakurri dut Oihenartek ez zuela zinez poesia egiten, baina guk kontrakoa erakutsi nahi izan dugu, olerki horiek biziki estetikoak zirela eta kantatzeko gisan zirela”
Oihenarten 22 olerki lantzekoak zituzten hastapenean, baina denbora eskasez, berantagoko utzia dute musika-liburuxka baten egiteko ideia. Anartean, poetaren lau olerki landu dituzte, eta «lan polita» izan dela uste du Bidartek. «Garai historiko interesgarrian bizi zen Oihenart; gaztelarrek Baxenabarre utzi zuten, Frantziak bere gain hartu nahi zuen, eta euskaldunek beti errefusa. Sinbolikoki, garai hori azkarra da eta uste dut polita dela garai hartako zerbait gaurkotzea, kasik independente izan zen Baxenabarre horri begi kliska baten egitea».
Hizkuntza, materia
«Ez naiz sekula mezu politiko baten zabaltzeko aritu. Hizkuntzaren eta kulturaren aldeko borroka batean naiz», Bidartek. Oihenarten olerkietan interesa piztu diona forma da, eta ez baitezpada funtsa. «Usaian testuak behar du horrelako zentzu bat edo gustukoa dugun istorio bat kontatu, eta hor, lehen aldiko, pixka bat hozki hartu dugu». Hala, hizkuntza «materia» gisa du Bidartek. Abstrakzioa egiten dugu kasik. Silabak nola hautsi, nola moztu, zer estetikarekin… Hori izan dute lana; «joko bat, laborategi batean bezala». Oihenartek eginiko idazlanak estilo ariketak zirela uste du Bidartek, eta maitasuna zuela horretarako aitzakia. «Denak dira amodio aitortzak eta horrelakoak… Ene ustez, berak ere hala egiten zuen; agian zinez anitz maitemindu zen edo sufritu zuen anitz, baina iruditzen zait berak ere ariketa bat bezala hartu zuela, estetikoa». Aditz trinkoak, hizkuntza, hautatutako hitzak… Horrek egiten du estetika, Bidarten iritziz.
«Polifoniaren estetika xerkatu dugu, eta hor, nonbait, ene militantzia hurbiltasun horretan litzateke; zuzeneko harreman hori lortzean jendearekin, a capella». Hain zuzen ere, zuzeneko harreman horretan sakondu nahi du BBAX taldeak. Konfinamendu denboran loratu zaie ideia: kantaldiak etxeetan egitea. «Ari ginen etxeak baduela bere zentzua herri honetan». Hala, diskoa irailean aurkeztuko dute fisikoki, baina lehenago ere entzun ahal izango da beren lana. «Ideia da jendeen etxeetan kantatzea, sukalde txoko edo ezkaratzetan. Lehen erraten zen ezkaratzak, arto txuritze garaietan, lan eta kultur eremuak zirela, eta gaur egun kultura eremu izatetik urrundu dira, kultur geletara eraman baitugu. Horretara itzuli nahi genuke, giro hurbilean».