2018.03.08
Musikalki espeziekideak dira saguzarrak eta maitaleak. Espeziekide, Maite Arroitajauregi eta Iban Urizar. Espeziekide Mursego eta Amorante. Urizarrek azaldu du zergatik: «Lagunak gara aspalditik, biok gara prestakuntza klasikoko musikariak, eta ez dut esango gure formakuntza hater-ak garenik, baina bai nahiko ikasle diskoloak bihurtu garela bakoitza bere tresnarekin». Bakarka aritzen dira bi musikariak normalean beren proiektuetan, baina partekatzen dituzte zaletasun musikalak, eta partekatzen dute zuzenean aritzeko jarrera ere, eta orain agertokia ere partekatuko dute Loraldia jaialdiak eta BADOK euskal musikaren atariak sustatuta. Bilboko Itsasadarra itsas museoan arituko dira elkarrekin, 20:00etatik aurrera.
Berez bezala heldu da kontzertua, Arroitajauregiren hitzetan. «Hogei urte baino gehiago badira elkar ezagutzen dugula, jo izan dugu elkarrekin kontzertu esperimentaletan eta inprobisazio saioetan, Artelekuko tailerretan ere egon gara elkarrekin, eta, geroztik, nik beti segitu dut bere lana, eta berak ere bai nirea. Horregatik, oso naturala izan da dena». Eta baietz Urizarrek ere. «Logikoa izan da, erraza eta sinplea», esan du berak, eta datua ere eman du. «Amorante izenarekin eskaini nuen lehen kontzertua ere berarekin eman nuen».
Bestela ere egina dute kontzerturen bat edo beste elkarrekin, baina sekula ez oraingoaren modukorik. Iaz, adibidez, Iruñean egon ziren elkarrekin Garaikideak programaren barruan, baina orduan abesti batzuk bakarrik jo zituzten batera bi musikariek, eta oraingoan elkarrekin arituko dira hasieratik bukaerara. Biak batera, bien errepertorioko kantak eskaintzen, eta, tarteka, elkarrekin inprobisatzen ere bai.
Ezagun zituzten elkarren abestiak, baina denbora eman dute entseatzen, eta bertsio batzuk ere eskainiko dituztela aurreratu dute musikariek. Ez dute zehaztu nahi izan zein.
Txeloa izan ohi da Mursegok gehien erabiltzen duen tresna, eta tronpeta eta gitarra erabiltzen ditu Amorantek maiz. Horiez gain, bi musikariek eraman ohi dute tresna txiki sorta luze bat kontzertuetara beren abestiak osatzeko, eta oraingoan ere hala azalduko dira agertokian. Urizarrek eman du azalpena. «Normalean gutako bakoitzak eramaten ditugun gauza horiek guztiak egongo dira eszenan, eta, paradoxikoki, bi pertsona bakarrik haiek jotzeko».
Bakarlarientzako opariak
Urizarrek dioenez, «gozamena» izan da normalean bakarrik eskaini ohi dituen kantak bikotean eskaini ahal izatea. «Ohitu zarenean errepertorio mota bat zuk bakarrik defendatzera, eta bakar-bakarrik zuk botatako hori entzutera, nahiz eta zu zeu ere harritzen zaren halakoetan, beste norbaitekin jotzen duzunean, halakoetan are gehiago harritzen zara emaitzarekin, eta disfrutatu egiten duzu. Eta, batez ere, hori Maiterekin [Arroitajauregirekin] egiten baduzu».
Erlaxatuago egoteko aukera du musikariak beste inorekin ari denean, Urizarren hitzetan. Onartu duenez, bere kasuan, adibidez, hasieran zail egiten zitzaion bakarka aritzea horregatik, baina denborarekin gustua hartu dio. «Niretzat, hasieran erronka bat zena gozamen bilakatzen joan da, eta, orain, gozatu egiten dut bakarka aritzean, baina horrek ez du esan nahi horrelako opariak ez ditugunik jasotzen besoak irekita. Gainera, asko ari gara gozatzen entseguetan, eta nik uste dut hori zuzenean ere islatuko dela».
Elkarrekin arituko dira hasieratik bukaerara, bien errepertorioko kantak eskaintzen, eta, tarteka, elkarrekin inprobisatzen ere bai
XIX. mendeko Lore Jokoak aipatu izan dituzte erreferentziatzat Loraldiko antolatzaileek, eta, hain zuzen ere, Eibarren (Gipuzkoa) 1908an egin ziren Lore Jokoei keinu bat ere egiteko asmoa du Mursegok. «Antxon Narbaizak artxibo lan handia egin zuen, eta liburu batean bildu zituen Lore Joko haren erreferentziak. Oso interesgarria izan da lan hori irakurtzea, eta festa hura nola antolatu zen ikustea». Eta hura hartuko du gogoan berak ere emanaldiko une batean.
Bi musikarien izen artistikoekin jolas eginez, Banpiro maitaleak izendatu dute biharko emanaldia. Izan ere, saguzarra esan nahi du mursego hitzak portugesez, eta horregatik banpiroen erreferentzia. Eta Urizarren izen artistikoari egiten dio erreferentzia tituluaren beste parteak. Maitaleenak, alegia. Musikariak Rodrigo Amarante musikari brasildarraren eta Enrique Morente flamenko kantari izandakoaren abizenak nahasiz sortu zuen bere ezizena, baina maitaleak edo ohaideak izendatzeko beste modu bat gehiago ere bada amorante hitza. Eta horregatik, beraz, tituluko maitaleak.
Gaur egun egiten den musikaren erakusleiho izatea da BADOK atariaren helburuetariko bat, eta hasieratik egin du bat horregatik Loraldia jaialdiarekin. Lehen ediziotik aritu dira elkarlanean. Urtez urte moldatuz joan da lankidetza hori, halere. Hiru talde batzen zituen emanaldi bakarra antolatu zuten lehen edizioan; hainbat banakako kontzertu antolatu zituzten bigarrenean; Izaro, Lukiek eta Hesian egun berean programatu zituzten iaz; eta Amorante eta Mursego batu dituzte aurten. Bi espeziekide, agertoki bakarrean.