2015.11.17
Esne Beltza taldeak datorren ostegunean, hilak 19, aurkeztuko du komunikabide eta zaleen aurrean bere bosgarren diskoa. Esna izenburua du eta lan bikoitza izango da. Aldiz, bigarren diskoa ez da 2016ko maiatzera arte argitaratuko. Hortaz, lehen diskoa bakarrik aurkeztuko dute Donostiako Viktoria Eugenia antzokian goizeko 11etan hasiko den ekitaldian, eta hura izango da Durangoko Azokan salgai egongo dena, abenduaren 4tik 8ra bitartean.
Zortzi kantuk osatzen dute Esna-ren lehen zatia, eta kolaboratzaile ugari ditu: El Canijo de Jerez, Ander Valverde (Green Valley), Ruben Sierra (La Pegatina), ZOO, Rude…
2013an argitaratutako Gora! (2013) diskoa bezala, Paxkal Etxepareren estudioan grabatu dute Esna, Bardozen (Lapurdi). Diskoaren lehen zuzeneko aurkezpenak abenduan egingo ditu Esne Beltzak: abenduaren 7an, Durangoko Plateruena kafe antzokian, eta abenduaren 12an Viana Rock jaialdian (Porco Bravo eta Elepuntorekin).