Iragan ostiralean aurkeztu zuen Esne Beltza taldeak bere ibilbideko zortzigarren diskoa: Esne Bidea. Eta, horrekin batera, iragarri zuten euren ibilbidea amaituko dutela. Hamazazpi urteko ibilbidean, ehunka kontzertu eman dituzte, hala Euskal Herrian nola nazioartean, eta estilo asko jorratu dituzte. Trikitia eta euskara albo batera utzi gabe, betiere.
Esne Beltza taldeko kideak, gaur goizean, Esne Bidea lan berria aurkezten. ARITZ LOIOLA /
Taldearen izenari keinu eginez aukeratu dute lan berriaren izenburua. “Esnea ez da beltza, eta Esne Bidea ez da esnez osatutako bidea. Izarrez osatutako espiral bat da, kiribila, hasierako eta bukaerako puntarik ez duena», azaldu dute aurkezpenean. Gaineratu dute espiral horren barruan bizi direla taldeko musikariak: “Konstelazio oso bat da musika, pentsamendua astintzen du, bizitza sortzen du”.
Zazpi kantu bildu dituzte denera, eta horietako bakoitzean artista ugarik kolaboratu dute. Tartean, Unlearn the World, PUCCI, Xiberoots, Rocky Dawuni, Chambao, Flor de Toloache, Lagrimas de Sangre eta Louiche Mayorga musikariek. Aurreko diskoetan egin legez, herrialde ugaritako estiloak nahastu dituzte, gainera. Besteak beste, hip-hopa, reggaea, flamenkoa, rapa eta mexikar doinuak.
Granom & Co artista arduratu da disko osoa diseinatzeaz, Xabi Solano Esne Beltza taldeko abeslari eta soinu jotzaileak sortu ditu abestien doinu guztiak, eta Jon Garmendia Txuria idazlearenak dira hitzak.Festa giroko agurra
Duela bi urte inguru hasi ziren lan berriari bueltaka, eta, ordurako, hartuta zeukaten taldea desegiteko erabakia. “Ez genuen besterik gabe utzi nahi; bagenuen gogoa disko bat kaleratzeko. Jarraitzaileei eta geure buruari zor geniola iruditu zitzaigun. Garrantzitsua zen guretzat ziklo hau ixtea”, esan du Solanok. Agurra, baina, ez dute triste egin nahi: “Esne Beltza familia osatzen duten horiekin guztiekin ospatu nahi dugu hau dena. Festa erraldoi bat izango da”.
Jarraitzaileek Durangoko Azokan izango dute taldekideak aurrez aurre agurtzeko aukera, Mikel Lizarribar taldearen koordinazio arduradunak aurreratu duenez: “Gure begirunea eta maitasuna helarazi nahi dizkiegu jarraitzaileei, ibilbide osoan eman diguten goxotasuna eskertzeko”.
Agur deneri birarekin esango dute agur, datorren urtean, ibilbidearen amaiera “behar bezala” ospatzeko. “Zuzeneko bakoitza festa eder bat izango da”, aurreratu du Solanok. Azken kontzertua, berriz, 2025ean izango da: “Guretzat oso berezia den leku batean egingo dugu. Urte hauetan guztietan gurekin kolaboratu duten artistak gonbidatu nahi ditugu, gainera. Lan handia izango da, baina mereziko du”. Laster emango dituzte kontzertu guztien inguruko xehetasun guztiak.
Hamazazpi urte eta zortzi disko
Etzakit, The Solanos eta Joxe Ripiau taldeetatik zetozen hainbat musikarik sortu zuten Esne Beltza taldea, 2008. urtean. Fermin Muguruza-rekin Euskal Herria Jamaika Clash diskoa grabatu ondoren, Talka Tour biran ibilitako hiru musikarik izan zuten Esne Beltza taldea sortzeko ideia: Solanok, Aritz Lonbide Lombi-k eta Jon Elizalde Jontron-ek. Biran elkartutako musikariei, ordea, beste bederatzi gehitu zitzaizkien gero: Pello Gorrotxategi, Jon Mari Beasain, Aitor Zabaleta, Iban Zugarramurdi, Zigor Lampre, Juanbau Larburu, Aitor Saizar, Sergio Ordoñez Patxuko eta Jon Garmendia Txuria.
Made in Euskal Herria izan zen haien lehendabiziko diskoa. Soul, reggae, ska eta beste hainbat doinu nahastu zituzten lan horretan, eta, denbora gutxian, oihartzun handia lortu zuen taldeak. Ordukoa da Bozgorailuetatik taldearen abesti ezaguna, kasurako.
Gerora etorri ziren Noa (2010, Baga Biga), Freedom 3 Kolpetan (2011, Baga Biga), Gora! (2013, 5Gora), Esna (2015, 5Gora), Esna 2 (2016, 5Gora) eta Ni (2018, 5Gora). Horiekin batera, baita ospe handiko kantuak ere. Besteak beste, Gogoak, Nahi dut, Quién manda eta Argitzeraino.