2021.04.09
«Musika mugimendu indartsu baten atzean beti daude proiektu txiki asko, itzalean ibili direnak, beren gauzak egiten eta moden kontra. Hori da niri interesatzen zaidana». Abiapuntu horretatik abiatu du, bada, Hegoa Diskak zigilu berria Mikel Acostak. Londrestik abiatu du, zehazki, han bizi baita ia hamar bat urte badirela; eta erdiz han eta erdiz hemen kokatu du proiektua, asmoa euskal eszena esperimentala bultzatzea izango baita. Eszena esperimentala, egiteko modu zabal eta ertzeko gisa hartuta: «Musika esperimentala, ez mugimendu bat bezala; ezpada jende arruntarena, musikan egiazko interesa izan eta bere ideiekin poliki-poliki aurrera doanarena. Proiektu horiek bultzatu nahi ditut».
Musikalki, Euskal Herriko rockarekin eta punkarekin hazi zen Acosta —«badakizu, LPR, Kortatu, Negu Gorriak, Eskorbuto… 14-15 urte, eta lagunekin Euskal Herrian zehar asteburuz asteburu»—, harik eta kanpora irtetean beste eszena batzuetara gerturatzen hasi zen arte. «Egun, gauzak ezberdinak dira, baina garai hartan niretzat hori bakarrik zegoen; atzerrian izan nuen musikaren aberastasunaren berri». Begirada zabaltze hori, baina, Euskal Herriko musika mugimenduekikoa ere izan zen; atzerriko lagunen bitartez hasi baitzen euskal eszena sakonago arakatzen.
Mikel Acosta: “Nire interesa proiektu txiki eta pertsonaletan dago, jendea ezagutu eta elkarrekin proiektuak bultzatu. Hori da egun musikan lan egiteko ikusten dudan modu bakarra”
Lanean ere musikaren arlo askotarikoetan dihardu Londresen Acostak. «Kontzertuak antolatzen, soinu teknikari bezala, DJ modura… eszena aberatsa da oso, baina baita konpetentzia handikoa ere, eta zaila da luzera begira gauzak egitea», azaldu du. Zigiluaren ideia hango lagunekin hasi zen garatzen. Hasieran, disko pare bat argitaratzeko asmoa ikusten zuen argi —horien artean, lehena kaleratu duten Angel Katarain musikari eta soinu teknikariarena—, baina oharkabean joan zitzaion luzatzen asmoen zerrenda. «Lanean hasten zarenean, ideiak etortzen zaizkizu burura, egunero». Eta horiei heltzeko, Euskal Herrira gerturatzea «geroz eta interesgarriagoa» zaiola ere esan du, hala ohartu dela zigiluaren harira jaso dituen mezuen ondoren: «Nire interesa proiektu txiki eta pertsonaletan dagoelako, jendea ezagutu eta elkarrekin proiektuak bultzatzean. Hori da egun musikan lan egiteko ikusten dudan modu bakarra».
Kantuak «harrapatzea»
Hegoa Diskak-en zigilupean atera duten lehen diskoak ere eman dio oihartzuna proiektuari. Angel Katarainen musika baitakar, eta itzala duen izena baita harena; batik bat, 1980-1990eko urteetan Donostiako IZ estudioan eginiko lanagatik, Jean Phocasekin eta Kaki Arkarazorekin batera. «Karlos Osinaga Txap-i eskertu behar diot hori», aitortza Acostak. «2020 hasierako gau batean, Moskuko [Irun, Gipuzkoa] taberna batean erakutsi zidan Angelen musika. Harrituta utzi ninduen; oro har, gustuko dudan gehiena dauka haren musikak: sintetizadoreak, gitarrak, erritmo kaxak eta hitz edo ahots ulertezinak». Baina tresnak bainoago, horiek erabiltzeko modua nabarmendu du: «Musika berarentzat jolasa da; ez dago helbururik, ondo pasatzeko asmoa bakarrik, eta hori islatu egiten da musikan».Kataraini berari galdetuta, «iraganaren parte» kokatu du orduko lana. «Orain teknikari bezala nabil musikan, baina aspaldi utzi nion sortzeari. Ordukoa niretzat egindako zerbait izan zen. Musika, etortzen denean, harrapatu egin behar duzu. Garai hartan oso motibatuta nengoen sortzearekin; harrapatu, grabatu eta gorde egiten nuen, baina inoiz ez asmo komertzialekin». Bost disko grabatu zituen, eta horietatik bederatzi pieza aukeratu ditu diskorako Acostak, 1983 eta 1993 artekoak. Biniloan eman dituzte, 300 kopiako tiradarekin eta Jon Zabaletaren azalarekin.
IZ estudioan grabatzen egondako musikariak alde egitean ekiten zion Katarainek kantuak sortzeari. «Ikusten nituen han geratutako instrumentuak, eta gau guztia igarotzen nuen horiekin gauzak sortzen; biharamunean nahastu, eta listo, gorde egiten nituen. Gehienak gau bakarrean sortzen nituen, goizean beste talde bat grabatzera heldu bitartean». Lehenengo egin zuen kantua, “Durangoko Azoka”, da diskoan berreskuratu dutenetako bat: «Ahots pista mordo bat ditu, eromen bat; horregatik jarriko nion izen hura».
Angel Katarain: “Musika, etortzen denean, harrapatu egin behar duzu. Garai hartan oso motibatuta nengoen sortzearekin; harrapatu, grabatu eta gorde egiten nuen”
Hein handienean, berak interpretatzen zituen kantuetako atal guztiak, behar zuenean inguruan zituenei esku bat eskatuz. «Nik melodia bat kantatu ahal nion Kakiri, eta berak atera egiten zidan gitarrarekin, adibidez». Mugimendu handiko sasoiak zirela errepikatu du, eta «harrapatu beharreko kantuak» agertzen zitzaizkiola oso sarri. «Mundua amaituko balitz bezala bizi ginen, eta horrek asko bultzatzen du sormena. Gaua heltzen zenean ohar mordo bat izaten nituen aurrean, magnetofonora eramateko zain. Urte asko dira orain ez zaidala kanturik aurrean agertzen».
Lan hauen atzetik abiatu izanagatik, «musikaren kamikazetzat» jo du orain Acosta. «Ederra bai, baina jakin behar du minoritarioa izango dela». Hautatutako eremuan, baina, argitara emateko materialik ez dela falta defendatu du Acostak: «Musika ona leku eta garai guztietan dago; batez ere, musika esperimentalean. Beti dago interes ekonomikoetatik aparte ari den jendea». Bide horretatik, hurrengo datozen bi disko aurreratu ditu: Carcascara hirukotearen jazz estiloko lan berria eta Atanas Akerstraren berrargitalpen bat, 2006koa.