Musika

Iñigo Astiz

2015.11.08

Iñigo Astiz

Ertzak barrurantz itzulita

Aitorpen gisako bat da abiapuntua. «Aurreko diskoetan baneukan zerbait demostratu beharra, kantatzen dakidala erakutsi behar banu bezala, kantak egiten dakidala erakutsi behar banu bezala; popa egiten dakit, countrya egiten… Oraingoan, niri gustatzen zaidan zerbait egin dut, inori ezer demostratu beharrik gabe. Zerbait erakusten aritu beharrean, zerbait on egin nahi nuen. Eleganteagoa da zerbait sotil bilatzea, muturrak bilatzea baino, eta horretara jo dugu; eusten saiatu gara». Barrurantz emandako jauzi baten moduko zerbait izan da Izaki Gardenak taldearen hirugarren diskoa sortzea Jon Basaguren abeslari, gitarra jotzaile eta konpositorearentzat. Aurri gara izendatu du lana (Elkar). 

Izaki Gardenak promo15w

Izaki Gardenak.

«Folk-rocka da gure estiloa oraindik ere, baina goxatu egin ditugu erpinak. Popa ez da hain popa, eta rocka ere ez da hain rocka». Disko koherente eta osoagoa egin nahi izan dutela dio Basagurenek, eta horregatik aukeratu dituztela diskoko bederatzi kantak. Bazituzten gehiago, baina osotasun horren mesedetan sakrifikatu dituzte. Aurreko diskoak baino diskoago nahi zuten hirugarrena, izan ere. «Kontraste gutxiago nahi genuen kanta bakoitzetik bestera, eta ahotsarekin ere ez naiz heltzen oihuka hastera. Saiatzen naiz indar hori beste modu batera ateratzen, eta asko landu ditugu melodiak horregatik. Oihuka ez, baizik xuxurla bidez saiatu gara entzulea hunkitzen: lasaiagoa da diskoa».

Kanta da beren lan esparrua, halere. «Uste dugu badugula soinu propio bat, eta harro gaude horrekin. Baina abestian jarraitzen du gure fokuak. Leloak daude, eta estrofak, eta, egiturari milaka buelta ematen dizkiogun arren, ez gara alor horretan askorik esperimentatzekoak. Asko mozten ditugu, eta zehaztu samar uzten ditugu».

“Niri gustatzen zaidan zerbait egin dut. Zerbait erakusten aritu beharrean, zerbait on egin nahi nuen”

Elkar estudioetan grabatu dute diskoa, eta Victor Sanchez aritu da teknikari lanetan. Orain arteko diskoetan baino «sakonago» jotzen saiatu direla dio Basagurenek. «Geruza gehiago ditu disko honek. Aurreko lanetan saiatu ginen zuzenagoak izaten, eta denok zuzenean jota grabatu genituen abestiak. Orain, bateria eta baxua izan dira elkarrekin grabatu duten bakarrak, eta gainontzekoa horri gehituz joan gara. Aukera izan dugu gitarra soinu ezberdinak sartzeko, teklatuei gehiago erreparatzeko… Detaile asko daude kanta bakoitzean, eta hasierako kolpea agian ez da hain bortitza, baina onartzen ditu entzunaldi gehiago».

Aldaketak izan dira taldean; Arkaitz Ezkai jarri da baterian Iker Fernandezen ordez, eta Eneko Zabalzak hartu du gitarra Joseba B. Lenoir-en lekuan. Bestela, Libe Garcia de Cortazar teklatu jotzaileak eta Eneko Leza baxu jotzaileak osatzen dute boskotea. Aldaketak aldaketa, 2012an Itsasargiak lan laburra kaleratu zutenetik landutako soinuari eusten diotela uste du Basagurenek. «Orain gutxi atera zen disko honi buruzko lehen iruzkina, eta esaten zuten leloak eta tempo erdiak egiten oso onak ginela, eta egia da hor sentitzen garela erosoen. Melodiak ondo landu, kanta borobilak egin, eta kanta pausatuak sortu». Eta americana estilotik hartzen dute horretarako eragina.

Hitzen malenkonia
Ez du ukatu kantari eta gitarra jotzaileak: «Disko malenkoniatsua da». Giro hori iradokitzen du musikak, eta berdin hitzek ere. Diskoa zabaltzen duen Baleak” kanta horren adibide: «Deika ari dira,/ gor geure bidean./ Nahiz badakigun/ bihar bat-batean/ izan gaitezkeela/ gu euren lekuan/ baleak hondartzetan». Bere esperientziak bildu ditu hitzetan Basagurenek, baina, dioenez, bereziki saiatu da hitzak edozeinek propio sentitzeko moduan uzten. «Gauza oso pertsonalak ateratzeko erabili ditut, baina, era berean, bakoitzak eraman ditzake bere bizitzara, eta guztiok egin ditzakegu geure». Halere, bada ukitu baikorra duen tarterik ere. Horma eta haizea” abestian, adibidez: «Aurkitu zaitut,/ ilunpetan horma/ ezagun bat bezala./ Aurkitu nauzu/ ihesean lagun duzun/ haizea bezala».

Goi mailan kokatu du taldea Anjel Valdes Elkarreko kideak. «Segur aski, ez nintzateke okertuko esango banu Euskal Herrian azken hamarkadan egon den talderik handiena dela».

(Berria egunkarian, 2015eko azaroaren 7an argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:ElkarIzaki GardenakJon BasagurenJoseba B. LenoirOihuka