Musika

Mikel Lizarralde

2023.05.10

Mikel Lizarralde

Errobi taldearen omenezko kontzertua egingo dute Miarritzen, baina Duhalde eta Ducau gabe

Errobi musika taldea 1973an sortu zuten Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk, eta data horren 50. urteurrena aurten betetzen denez, hainbat musikari elkartu ditu Xabi Pery gitarristak haren omenezko kontzertua egiteko. Hilaren 17an izango da emanaldia, Miarritzeko Atabal aretoan (Lapurdi), eta Atzar Hadi izena jarri diote, Errobiren lehengo diskoko kantu bati (Nora goaz) erreferentzia eginez. Edonola ere, emanaldia antolatzeko moduaz ez daude pozik Duhalde eta Ducau, eta adierazi dute ez direla joango kontzertura, Francebleu irratiak zabaldu duenez.

Errobi 1

Errobi taldea, artxiboko argazki batean.

Errobiren sortzaileek adierazi dutenez, azken unean bakarrik jakinarazi diete kontzertua egingo dutela, «dena antolaturik eta finkaturik zegoenean».

Duhaldek Francebleuri adierazitakoaren arabera, «gutxienekoa» izango zen antolatzaileek eurekin egitasmoaz hitz egitea. «Ezin dugu debekatu, aparteko egitasmo bat delako». Kontzertua iragartzeko deitu zietenean, esan zuten ez zutela parte hartuko: «Ez delako geure egitasmoa».

Halere, Errobiren musikaz gozatzeko beste aukera bat zabalik utzi du Duhaldek. «Lanean eta bizirik jarraitzen dugunez, uste dut Errobi ez dagoela hilik, inondik inora». Gaineratu duenez, baliteke datorren urtean «zeozer egitea». Edonola ere, ohartarazi du ezin duela ezer baieztatu. «Baina zergatik ez?».

Gaur zortziko emanaldian, Peryz gain (gitarra elektrikoa), Patxi Amulet (ahotsa), Jojo Bordagarai (ahotsa), Mikel Artieda (baxua), Javier Perez de Azpeitia (teklatuak), Xabi Albistur (gitarra akustikoa) eta Patrick Calvet (bateria) igoko dira oholtzara Errobiren kantuak interpretatzeko. Ez da izango, baina, musika hutsa eskainiko duen ikuskizun bat, ikus-entzunezkoak ere eskainiko baitituzte: garai hartako argazkiak eta bideoak, besteak beste.

Errobi 1973an sortu zuten Duhaldek eta Ducauk, eta hasieratik izan zuten hirugarren kide bat, Daniel Landart, hitzez arduratzen. Errobi (1975) diskoarekin estreinatu zen taldea, euskal rockaren lehenengo diskotzat jo izan den lana. Disko horretan euskal folkaren eta nazioartean puri-purian zeuden rock joeren oihartzunak nabaritzen ziren, eta taldearen ikur bilakatuko ziren lehen kantuak zeuden: Aitarik ez dut, Euzkadi

Geure lekukotasuna diskoarekin (1977) bide horretan sakondu zuten, eta lehenengo diskoko hitz politiko eta sozialei eutsi zieten. Segidan, Azkoitian (Gipuzkoa) eta Tolosan (Gipuzkoa) emandako kontzertuen zatiekin osatutako zuzeneko diskoa atera zuten, Bizi Bizian (1978), eta hurrengo urtean, berriz, taldearen lan handinahiena, Ametsaren bidean (1979), rock progresibora modu agerikoagoan jotzen zuena. Sei urteko etenaren ondoren, Agur t’erdi diskoa kaleratu zuten, Errobiren azkena.

ETIKETAK:Errobi