2018.06.22
Erro zigilua sortu berri dute Gasteizen finkaturiko hiru musika taldek: Montauk, Izaki Gardenak eta Joseba B. Lenoir. Autogestioak dakartzan lanak elkarrekin egiteko asmoak eraman ditu kideak Erro zigiluaren inguruan batzera. Dagoeneko kalean da zigiluaren lehen argitalpena, duela hilabete batzuk formatu digitalean zabalduriko Joseba B. Lenoirren singlea. Udazkenean berriz, Montauk eta Izaki Gardenak-en lan berriak argitaratuko ditu Errok.
Zigilu baten inguruan biltzeko ideia 2018ko neguan hasi ziren mamitzen. Hurrengo diskoetan autoekoizpenera jotzeko asmoa zuten hiru taldeek, “norbere lanen jabe %100 izatea zuten helburu”, Errok azaldu duenez. “Honek gehienetan bakarka aritzea dakar, eta horrek, besteen esku uzten ez den lana norberak egin behar izatea. Lan hauek elkarrekin egiteko asmoak elkartzera eraman ditu”.
Izaki Gardenak taldeak Elkar/Oihuka diskoetxearekin atera ditu aurreko hiru diskoak —Itsasargiak (2012), Amaieratik hasi (2014) eta Aurri gara (2015)—, Joseba B. Lenoirrek Gaztelupeko Hotsak-ekin lan egin izan du, eta Montauk-en lan bakarra autoedizioa izan da. Hiru taldeek badute estilo antzekotasunik, AEBetako soinuetarako joera, eta horrek “estilo uniformetasun” bat ematen dio zigiluari, baina horrek ez die Erroren atea uzten beste estilo batzuetako taldeei.
Joseba B. Lenoirren single berria CD formatuan kaleratu du Errok, baina udazkenean binilo formatuan ere argitaratzeko asmoa du. Oraingoz taldearen kontzertuetan bakarrik eskuratu ahal izango da singlea.
Izaki Gardenak eta Montauk datorren astean sartuko dira estudioan diskoak grabatzera. Izaki Gardenak-ek Sevillako La Mina estudioan grabatuko du lan berria eta azaroan kaleratuko da diskoa.
Informazio gehiagorako: www.erro.eus