Musika

Jon Eskisabel

2014.09.29

Jon Eskisabel

Entzulearengana bidean (III)

1. JOXAN GOIKOETXEA: Zeru horren infernuak (Aztarna / Mikel Laboa Katedra)
Zeru AzalaWilliam Shakespeare, sonetoak, euskal idazleak eta kantariak batzen dituen egitasmo potoloa da EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Aztarna zigiluak abenduan aurkeztuko dutena. Alde batetik, Juan Garzia itzultzaileak euskaraturik, Shakespeareren 154 sonetoak jasoko dituen liburua plazaratuko du Katedrak; bestetik, hainbat lagunek —tartean idazleak, aktoreak, kultur eragileak…— sonetoak errezitatu dituzte, eta Aztarna zigiluak argitaratuko duen diskoan entzun ahal izango dira. Horrez gain, sonetoetako batzuk kanta bihurtu ditu Joxan Goikoetxeak, eta haiei ahotsa jarri diete Olatz Prat, Eñaut Elorrieta, Pier Paul Berzaitz, Estitxu Pinatxo (Damba), Paco Ibañez, Petti eta Mikel Urdangarin kantariek. Azkenik, Koldobika Jauregi eskultorearen esku geratu da diskoaren alderdi plastikoa eta diseinua. 2015an diskoaren zuzeneko aurkezpenak egingo dituzte.

2. ANESTESIA: Izenburua erabakitzeke (Bonberenea Ekintzak)
Joan den astean sartu zen Anestesia disko berria grabatzera, Mikel Kazalisek Zarautzen duen Fidelenea estudioan. Zortzi urte igaro dira Terapia argitaratu zuenetik, eta disko horren harira berrosaturiko laukoteak grabatuko du lan berria: Ibon Esteibar (ahotsa), Dani Aizpurua (baxua), Imanol Beloki (bateria) eta Kazalis (gitarra). Hamahiru kantu grabatuko dituzte —horietako hiru Fermin Muguruza, Jon Gerediaga eta Doc Arritmiaren hitzak dituzte—, eta ondoren erabakiko dute zeintzuk sartu diskoan. Kantuek Anestesiaren betiko osagaiak dituzte, baina “neurri ezberdinetan”, alegia, “erritmoz bariatuagoak dira azken aldian baino, aldaketa gehiagorekin, eta gure garai zaharreko zati azeleratu gehiagorekin ere”, azaldu du Kazalisek. Litekeena da Durangoko Azokarako kalean egotea diskoa, baina Kazalisek ez du hala izango denik bermatu, “guretzat lehentasuna baitu grabaketarekin gustura gelditzeak”.

3. RUPER ORDORIKA: Lurrean etzanda (Elkar)
Azaroaren 28an aurkeztuko du Ruper Ordorikak disko berria. Duela egun batzuk aurreratu genuenez, Simon Edwards (baxua), Leo Abrahams (gitarra) eta Kenny Wollesen (bateria) musikariekin grabatu du Lurrean etzanda Donostiako Elkar estudioan. Ordorikaren estudioko hamahirugarren diskoa izango da 35 urtetik gorako ibilbidean. Diskoaren zuzeneko aurkezpenak 2015ean hasiko dira.

Ruper Ordorika

Ruper Ordorika, Elkar estudioan.

4. BERRI TXARRAK: Izenburua erabakitzeke (Only in Dreams)
Aste honetan bertan iragarri du taldeak Coloradon grabatzen ari dela “lan berriaren hirugarren eta azken” zatia. Taldearen 20. urtemuga sorkuntza prozesu batean murgilduta emango zutela aurreratu zuen Gorka Urbizuk urte hasieran, eta hala gertatzen ari da. Martxoan lehen grabazio saioa egin zuten Ross Robinsonekin Venicen (Los Angeles, Kalifornia) eta uztailean bigarren kantu multzoa grabatu zuten Madrilen, Rick Falknerrekin. Hirugarren txanda honetan, Rise Against, Black Flag, NoFX, Good Riddance eta beste askorekin lan egindako Bill Stevenson musikari eta ekoizlearekin ari dira grabatzen. Disko berriari buruzko beste daturik ezean, lan oparoa izango dela dirudi. Dagoeneko dakiguna da taldeak berak sortutako Only in Dreams zigiluak argitaratuko duela diskoa.

Berri Txarrak Colorado

Berri Txarrak taldeak Coloradotik bidalitako argazkia. Eskuinetik bigarrena da Bill Stevenson.

5. GATIBU: Euritan dantzan (Egilrea egitore)
Gernikako laukotea Mungiako MuxikOn estudioan sartuta dago egun hauetan estudioko bosgarren diskoa grabatzen. Berriz ere kantuen hautaketan zorrotz jokatu eta disko labur bat egitearen aldeko apustua egin du taldeak. Sei abestik —aurreko lanak, Zazpi kantoietan (2012), zazpi kantu ditu— osatuko dute oraindik izenbururik ez duen diskoa. Grabazioaren erdia egina dute dagoeneko eta emaitza azaroan ezagutuko dugu. Argitzeke dago nork argitaratuko duen, Baga-Biga diskoetxea utzi baitu taldeak.

6. KEPA JUNKERA & SORGINAK: Trikitixaren historia txiki bat (Boa)
Datorren urtean 50 urte beteko ditu Kepa Junkerak, eta horietatik 35 trikitilari gisa eman ditu. Urtemuga horren aitzakian, trikitiaren mundua omendu nahi du musikari bilbotarraren proiektu berriak. Disko-liburu bat da eta Trikitixaren historia txiki bat du izenburu. Kantu propioak sortu eta pieza tradizionalak moldatu ditu Junkerak, eta Sorginak taldeko abeslari eta pandero jotzaileekin grabatu ditu. “Proiektuak ez dauka trikitiaren historia edo antzekorik kontatuko duen zerbait izateko asmorik», azaldu dio trikitilariak Berria egunkariari. Bestetik, liburua idazteaz Joxean Agirre idazle eta kazetaria arduratu da.

KEPA JUNKERA ETA SORGINAK

Kepa Junkera & Sorginak. (Gaizka Peñafiel)

7. KORRONTZI & BOS: Symphonic Bilbon (Baga-Biga)
Kepa Junkerak 2012n Euskadiko Orkestrarekin egin zuen bezala, Korrontzik ere orkestra sinfoniko batekin lan egiteko nahiari heldu dio taldearen 10 urteko ibilbidea ospatzeko. Kasu honetan, zuzenean grabatutako disko batean gauzatu da orkestraren eta Bizkaiko folk taldearen arteko lankidetza. Joan den abuztuan, Bilboko Aste Nagusian eskainitako kontzertu batean grabatu zuten Korrontzik eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak Symphonic Bilbon. Korrontziren estudioko hiru diskoetako piezak —”Diatonic Bilbon“, “Joxe Andreari“, “Meñakoz“, “Aitxitxe Mutxurrunduko“, “Arkupeko dantza“…— Xabier Zabalak zuzendutako orkestraren moldaketez jantzita entzun ahal izango dira lan horretan.

8. KX: Buru handien mendekua (Mauka)
Keu Agirretxeak eta Xabier Iriondok sortutako egitasmo berria da KX. Agirretxea aski ezaguna da gurean, Etsaiak, Governors eta Fjord taldeetako gitarrista izateaz gain kantu egile ibilbide emankorra garatu baitu azken hamarkadan. Xabier Iriondo aldiz, Milanen (Italia) jaiotako musikaria da, eta herrialde horretako musika esperimentalaren alorreko hainbat proiektutan hartu du parte azken 20 urteetan, besteak beste Afterhours taldean. Bi alderdi horiek, kantu egiletzak eta esperimentazioak, melodiak eta avant-garde soinu gordinek bat egiten dute KX proiektuaren lehen diskoan. Azaroan argitaratuko da, eta bertan kolaboratu dute Kirmen Uribe eta Mikel Etxaburu idazleek eta Josu Eizagirre bideogileak. Oraingoz “Buru handien mendekua kantaren bideoklipa baino ez dugu ezagutzen.

9. SKAKEITAN: Orekariak (Mauka)
Gaur hasiko da Donostiako zazpikotea bigarren diskoa grabatzen. Aurrekoa bezala, Usurbilgo Higain estudioan grabatuko du, Haritz Harregi teknikariarekin. Skakeitan-ek ere crowdfunding-era jo du estudioko gastuak ordaintzeko. Urriaren 17an amaituko dute diskoaren grabazioa, eta azaroaren 28an aurkeztuko dute Orekariak lan berria.

10. SAIOA: Bi (Usaina Records)
Bi-SaioaMarieder Iriart-ek eta Kamila Zubeldiak osatzen dute Saioa bikotea –ez nahastu izen bereko kantari gipuzkoarrarekin–. The Sparteens taldeko kantaria da Iriart eta Unama taldeko kide ohia Zubeldia. Disko akustiko bat kaleratu berri dute, Bi (Usaina Records), zeinean Nemesio Etxaniz, Joseba Sarrionandia edota Luis Mari Mujikaren hitzak musikatu eta Willis Drummond zein Skunk taldeen kantuak moldatu dituzten, beti ere folk eta blues aire liriko eta intentsoetan. Datorren ostiralean, urriak 3, Heletako La Gaita aretoan aurkeztuko dute zuzenean. “Bizi baikara” kantua entzun dezakezu badok.info-n.

ETIKETAK:AnestesiaBerri TxarrakDurangoko AzokaGatibuJoxan GoikoetxeaKepa JunkeraKorrontziKXRuper OrdorikaSaioa TaldeaSkakeitan