Musika

Jon Eskisabel

2014.09.16

Jon Eskisabel

Entzulearengana bidean (II)

1. LURRA: Akatsa sisteman (5Gora)

lurra azalaBere burua 2012. urtean bost kantuz osaturiko disko batekin aurkeztu ondoren, Iñigo Muguruzak (Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Sagarroi) eta Ane Garcia kantariak sortutako talde akustikoak estilo sorta zabaldu du bere lehen disko luzean. Indie-folka, world music delakoa, bluesa, reggaea, ragtime-a, ska, dub-a edota jazza entzun dezakegu Ereñozuko (Hernani) Aieka estudioan Peio Gorrotxategirekin (Esne Beltza) grabatutako kantuetan. Muguruza eta Garciarekin batera, Carlos Zubikoa baxu jotzailea (Sagarroi) da taldeko beste hanka nagusia —hark sortu ditu doinuak, Muguruzarekin batera—. Iban Larrebourek (hau ere Sagarroiren azken garaian ibilitakoa) grabatu du bateria, baina zuzenekoetan Xabi Bitaminek jardungo du. Kolaborazio ugari izan dira grabazioan: Xabi Solano eta Jon Elizalde (Esne Beltza), Petti, Maite Larburu (Neighbor), Sergio Ordoñez (Joxe Ripiau, Esne Beltza, Patxuko Nice…), Oskar Benas… Esne Beltzak sortutako 5Gora zigiluaren lizentziapean argitaratuko da Akatsa sisteman. Entzun diskoaren aurrerapen kantua: “Fenneh“.

2. HESIAN: Hegalak astinduz (Baga-Biga)

Hesianen ibilbidean “mugarri” izan behar duen diskoa grabatu dutela uste dute taldekideek. Haritz Harregi soinu teknikariarekin Higain estudioan grabatutako 14 kantuetan “nabarmen” antzematen da estilo aldaketa, baina taldearen punk-rock melodikoaren “esentzia galdu gabe”, azaldu du Zuriñe Hidalgo abeslariak. “Erritmoak rockzaleagoak dira, gitarrazaleagoak, eta ahotsetan aurrepauso handia eman dugu. Aurrekoak baino helduagoa den diskoa kaleratuko dugu”, dio Hidalgok. Taldearen azken bi diskoak argitaratu zituen diskoetxea utzi (Elkar-Oihuka) eta Baga-Biga diskoetxearekin lan egitea erabaki dute nafarrek. Urriaren erdialdera izango da kalean. Entzun diskoaren aurrerapen kantua: “Ez etsi“.

3. ITZIARREN SEMEAK: Revolta (Mauka)

portada_kalitatebaxuaDale candela aurreko diskoarekin Karibeko doinuetara jo bazuten, Revolta izeneko lan berrian kantuen punk eta ska oinarriari Balkanetako erritmoak gehitu dizkiote bizkaitarrek. Halaber, Euskal Herriko folkak eta kantutegi tradizionalak aurrekoetan baino pisu handiagoa hartu dute, eta horren barruan nabarmentzekoa da moldaketa bat: Ruper Ordorikak Hautsi da anphora diskoan grabatutako “Zenbait bertso xelebre” kantuarena. 11 kantuak urtean zehar landu dituzte Kaki Arkarazo musikari eta soinu teknikariarekin, eta harekin grabatu dituzte Garate estudioan. Arkarazo bera arduratu da ekoizpen artistikoaz. Oraingoan ere luzea da kolaboratzaileen zerrenda: Evaristo, Ine Osinaga (Gose), Olatz Salvador (Skakeitan), Juantxo Arakama (Glaukoma), Patxi Bidart eta Mizel Xamora (Xutik)… Entzun diskoaren aurrerapen kantua: “Todo es ETA“.

4. BIDELAPURRAK: Zenbat negar bazterrean (Egilea editore)

Duela urtebete Ekaitz Aranberrik eta Ander Solozabalek sortutako taldea da Bidelapurrak. Banjoa, gitarra akustikoak, musugitarrak, perkusioa eta hainbat kantu bizkarrean harturik, 2014ko udaberrian grabatu zuten Zenbat negar bazterrean, Iñaki Guantxerekin (Inoren Ero Ni eta Capsula taldeetako bateria jotzailea). Kantuak lagunen ekarpen instrumentalarekin osatu dituzte: weissenborna, dobroa, teklatuak, akordeoia, perkusioa… “Gure filosofia artistikoaren metafora ederra izan da grabazioa. Musikari berriak ezagutzeko aukera, esperimentazioa, inprobisazioa eta hainbat puntutan sakondu ahal izateko esperientzia ahaztezina”, azaldu dute. 22-23 urte dituzte Aranberrik eta Solozabalek, eta adin bereko gazteen problematikari buruzko kantuak idatzi dituzte. “Prekarietateak bizi gaitu gazteok eta espero dugu behin kanta hauek konposatu eta konpostatuta, behar duenarentzat lagungarri izan daitezela. Biharamunak, existentzialismoa, alienizazioak eta gertu izan ditugun gaiei abesten diegu”. Azaroaren erdialdera izango da kalean diskoa.

5. ESKEAN KRISTÖ: Azote kaldüz! (Baga-Biga)

Azkue Fundazioak antolatzen duen Banden Lehia irabazi zuen Eskean Kristök 2013. urtean, eta horri esker, BBK Live jaialdian jotzeaz gain, Baga-Biga diskoetxearekin argitaratu ahal izango du Arratiako taldeak (Bizkaia) bere lehen disko luzea. Garate estudioan grabatu dute Martxel Arkarazorekin, eta rock&roll soinu klasikoa edota “eskola zaharrekoa” lortu nahi izan dute, alegia, “70-80ko hamarkadetako diskoen antzekoa, gordina”, eta tematikaren aldetik “aldarrikatzailea, kritikoa, oldarkorra, sentimentala, burlatia, umoretsua, lizuna…”. Horretan “maisu” Niko Etxart dutenez, kantari zuberotarra gonbidatu dute kantu batean kolaboratzera, eta horren harira etorri da diskoari izenburua zubereraz jartzea (“zigorraz jo” esan nahi du euskara batuan). “Eskean Kristök inoiz idolorik izan badu, guztietan handienetarikoa Niko Etxart maisua litzateke”, idatzi zuen taldeak bere Facebooken. Entzun diskoaren aurrerapen kantua: “Hona gona gori

Eskean Kristö + Niko Etxart

Eskean Kristö taldeko kideak eta Niko Etxart, Garate estudioan.

6. ALTXATU: Hitza (Gor)

Gaur aurkeztuko du Irunberriko (Nafarroa) hirukote gazteak bere bigarren diskoa, Hitza. Alberto Porres soinu teknikariarekin grabatu dute Iruñeko Studios K-n. 8oko hamarkadako Euskal Herriko eta Erresuma Batuko punk-rock taldeen eraginari eusten dio Altxatuk lan berrian. Diskoaren promozioa laguntzeko crowdfunding kanpaina bat zabaldu du taldeak. “Hitza” da diskoaren aurrerapen kantua.

7. ANGER: Sute perfektua (Bonberenea Ekintzak)

Urriaren 13an sartuko da Arrasateko Anger taldea Bonberenea estudioan bere laugarren diskoa grabatzera, Karlos Osinagarekin. Kantu berrietan post-hardcoreari eusten dio laukoteak, metal eta pop ukituak barne, baina taldearen ibilbidean lehen aldiz baliteke funk, soul eta musika beltzaren aztarnen bat agertzea Sute perfektua-n. “Beharbada ez da sumatuko, baina antzeko doinuren bat edo besterekin bueltaka aritu gara”, azaldu dute. Hitzetan, jendartea eta egoera sozio-politikoa ditu jomuga Angerrek, baina hegemoniaren kontzeptuak zeharkatzen du disko osoa. “Manipulazioa eta obedientzia, sormenaren/kontrakulturaren asimilazioa kontsumo gai bezala, espektakulua eta farandula, kapitalismo jatorra… bezalako hitz potolo baina ezinbestekoez aritu gara gutxi gorabehera, ahalik eta modurik sortzaile eta domestikoenean”.

8. REVOLTA PERMANENT: Genesis (Gaua)

Urte batzuetako etenaldiaren ondoren, Barakaldoko (Bizkaia) Revolta Permanent rap taldea eraberriturik eta disko batekin itzuliko da. Iker Aginagak eta Iker Villak (Herri Oihua) abiatutako proiektuak bi taldekide berri ditu: Mikel Lopez Becerra (Herri Oihua) eta Aitor Abio (PI.L.T.-eko kide ohia, Matxura). Taldearen soinu elektronikoaz eta ekoizpen artistikoaz arduratuko da Abio aurrerantzean. Oraingoz beste daturik ez du eman taldeak, baina uda aurretik “Revolta” kantaren bideoklipa zabaldu zuen diskoaren aurrerapen gisa.

9. ON: Zein (Egilea editore)

On disko azalaZein izenburua du ON hirukotearen bigarren diskoak. ON (Egilea editore, 2012) grabatu zuen taldetik Itsaso Gutierrez (Jauko Barik, Keike, Xarma) abeslari, gitarrista eta kantuen konpositorea baino ez da geratzen. Ekhi Vegasek eta Ekaitz Vegasek osatzen dute gaur egun taldea, eta udan Koba estudioan grabatu dute lan berria, Jose Manuel Sampedro Xanpe-rekin (PI.L.T.). Hitz indartsuez eta hainbat emakume sortzaileren lanak oinarri harturik (Iratxe Esnaola eta Karmele Igartuarenak, kasu), hainbat gairen inguruko kezkak aldarrikatzen ditu taldeak: transgeneroa, gorputz atalen ebaketa edertasun edota kultura keinu gisa, abortua… Taldeak diskoaren finantzazioan laguntzeko crowdfunding kanpaina bat zabaldu du. Entzun diskoaren aurrerapen kantua: “Zein“.

10. NORZZONE: Amairu dok (Taupaka)

Norzzone azalaIrailaren hasieratik Taupakaren web orritik (taupaka.com) deskargatu daiteke Norzzone rap abeslari donostiarraren lehen disko luzea, Amairu dok. Diskoari hasiera ematen dion kantuak —”Badok E+T (Eraberritze+Tradizio)— laburbiltzen du diskoaren atzean dagoen asmoa: “Ez Dok Amairu mugimendu kultural abangoardistari egindako omenaldi txiki eta umila da Amairu dok, euskal kulturaren militante horien testigua hartu eta euskara abangoardiako erritmoetan murgildu, geure mugak gaindituz”. Rap, dubstep eta trap erritmoak entzun daitezke diskoko 9 kantuetan. Taupakaren iritziz, euskaraz egindako raparen ibilbidean “inflexio puntua” ekarriko du Norzzoneren diskoak.

ETIKETAK:AhotseneaAltxatuAngerBidelapurrakDurangoko AzokaEskean KristöHesianItziarren SemeakLurraNorzzoneONRevolta Permanent