Musika

Jon Eskisabel

2014.09.02

Jon Eskisabel

Entzulearengana bidean (I)

1. TANIA DE SOUSA: Tania Tank (Talka Records)

10613067_498214006948347_3473957288279980143_nUdazkeneko diskorik goiztiarrena izango da Tania de Sousaren bakarkako lehenengoa, eta seguruenik baita sonatuenetakoa ere. Zuloak, The Dispositives eta Las Putas del Mistolen ezagutu genuen abeslariak oso bestelako aurpegia erakutsiko du Tania Tank-en, gaur egungo pop-rockaren erreferentzietatik gertuago dagoen proposamena ondu baitu abeslari zestoarrak. Fermin Bouza gitarristak (Correos), Ander del Sol bateria jotzaileak (Kasernarat) eta Maitane Alonso baxu jotzaileak (Zuloak, The Dispositives) osatutako taldearekin grabatu du, eta Fermin Muguruzak egin ditu ekoizpen lanak. Haren zigiluak, Talka Records-ek, argitaratuko du diskoa irailaren 18an, eta hurrengo egunean Donostiako Intxaurrondoko kultur etxean aurkeztuko dute zuzenean. Irailaren 27an Irungo Rock Festival  jaialdian joko du, eta urrian AEBetara joango da, besteak beste San Frantzisko hirian jotzeko. Ondoren, BIME jaialdian parte hartuko du. Maiatzean, diskoa Bonberenean grabatzen ari zela, badok.info-k Tania de Sousari egindako elkarrizketaren bideoa duzu azpian:

2. MORAU: Arrainentzako himnoak (Egilea editore)

Sei urte igaro dira Andoni Tolosa Morau-k aurreko diskoa kaleratu zuenetik: Kalamidadiak. Bere bosgarren diskoa zen, Agotak taldearekin grabatutako bigarrena, eta Berria egunkariari eskainitako elkarrizketa batean azaldu zuenez, lan egiteko modu baten amaiera ekarri zuen. Hernaniarrak ezohiko esperimentua jarri zuen martxan 2013ko hasieran: Arrainentzako himnoak bloga sortu zuen, kantuen sortze prozesua entzuleekin partekatzeko. Lan horren emaitza izenburu bereko diskoan jaso du Morauk. 16 kantu grabatu ditu bikote formatuan, Beñardo Goietxe gitarristarekin (Mugaldekoak). Kantuen artean, bi bertsio daude: Enarak taldearen “Ama” eta The Smiths-en “Bada sekula itzaltzen ez den argi bat” (jatorrizkoan, “There Is a Light That Never Goes Out“). Lehen aldiz autoekoizpenera jo du Morauk, eta irailaren bukaeran entzun ahal izango dugu haren lan berria.

3. JON GURRUTXAGA: Hitz lauz (Gaztelupeko Hotsak)

Arima Beltza taldeko kide ohiak bakarkako bigarren diskoa plazaratuko du urrian. Jon & Sugramas kaleratu zuenetik igarotako lau urteotan Andrakan taldean eta Keu Agirretxearekin jotzen aritu da musikari elgoibartarra, baina oraingoan bere lanik “intimistena” aurkeztera doa. Aurrekoan ez bezala, kantuaren arabera musikari ezberdinak erabili ditu Gurrutxagak. Horrela, Keu Agirretxeak, Mikel Lagunak (Aiumeen Basoa) eta Patxi Zabaletak (Arima Beltza, Andrakan) grabatu dituzte gitarra elektrikoak, Iñigo Gorritxategik (Lau Mono), Mikel Azkargortak (Merry May & The Muppets) eta Gorka Eskauriazak (Oskorri) baxuak, eta Gurrutxagak berak gitarra akustikoa, bateria eta ahosoinua jo ditu, abesteaz gain. Ingelesa baztertu eta kantu guztiak euskaraz grabatu ditu Gurrutxagak. Bluesaren eraginik baduen arren, rock disko bat dela aurreratu du Gaztelupeko Hotsak-ek.

jon gurrutxaga

Jon Gurrutxaga.

4. PEIO SERBIELLE: Zara (Egilea editore)

2007. urtean Naiz diskoarekin hasitako trilogiaren bigarren atala kaleratuko du Peio Serbiellek datozen asteetan. Euskal Herria, Bretainia eta Eskoziako lurra eta kultura lotuko dituen hari baten inguruan osatu du kantari zuberotarrak Zara izenburuko diskoa —trilogiaren azken alea Gara izango da—. Kolaboratzaileen artean, Gilles Servat bretoia eta Karen Matheson (Capercaillie) eskoziarra daude, baita Donostiako Zurriola ikastolako eta Vannes (Bretainia) herriko Diwan eskolako haurrak ere. Hain zuzen, Euskal Herrian baino lehen argitaratuko da diskoa Bretainian, eta salmentetan bildutako diruaren %25 bretoieraren irakaskuntza laguntzera bideratuko du Serbiellek. Aurreko diskoan bezala, Patrick Bebey arduratu da zuzendaritza artistikoaz, besteak beste Miriam Makebarekin aritutako musikari eta konpositore afrikarra hain zuzen.

5. LIBE: Ihesaldi handia (Bonberenea Ekintzak)

LibeAzalaUda aurretik plazaratu behar zuen Libe Garcia de Cortazarrek bere bakarkako lehen diskoa, baina fabrikazioan izandako arazoen ondorioz, uda ostera arte atzeratu dira haren argitalpena eta zuzeneko aurkezpenak. Sorkun, Neubat eta Izaki Gardenak-en aritutako teklatu jotzaile gasteiztarrak ahots nagusiaren ardura hartu du, eta Atxus (Neubat, Sorkun, Vice Presidentes), Txus Villalabeitia (Same Old, Eh!) eta Eneko de Arza (Naüt, Trumbo) hirukotearekin grabatu du Ihesaldi handia. Joseba Poncek (Dut, Kuraia, Lisabö) lagundu dio ideiei forma ematen eta konposizioak biribiltzen. Rockaren hainbat aldaera aurkituko ditugu diskoan. “Lilitegi antzua” da diskoko lehen singlea.

6. JOSEBA IRAZOKI: Izenburua erabakitzeke (Bidehuts)

Donostiako Lugaritz kultur etxearen eskariz, kontzertu berezi bat eskaini zuen Berako musikariak 2012ko abenduan. Urteetan eszenatokietan lagun izandako hainbat musikari elkartu zituen bere inguruan —Felix Buff (Willis Drummond), Robe eta Iñigo Cabezafuego (Atom Rhumba), Iban Urizar eta Jaime Nieto (Rafa Ruedaren taldekide izandakoak Irazokirekin)…— eta emanaldi hartarako beren-beregi landutako errepertorioa eskaini zuten. Geroztik beste bitan baino ez dute eman Joseba Irazoki eta Lagunak emanaldia, baina kolaborazio hura disko batean jaso nahi izan du Irazokik. Zortzi kanta grabatu dituzte: horietako lau kontzertuetan emandakoak dira eta gainerakoak diskorako sortutakoak. «Kantautore gisa egindako azken diskoaren [Euria ari du] jarraipena izango da hau», adierazi zuen Irazokik abuztuan argitaratutako artikulu honetan.

7. MARKOS UNTZETA: Seinaleak (Gaztelupeko Hotsak)

Uda aurretik ezagutu genuen badok.info-n Markos Untzetaren disko berriaren aurrerapen kantua, “Nola ez gorrotatu. Eibartarraren laugarren diskoa da Seinaleak, sekula grabatu duen bakarkakoena, Untzetaren ahotsa, ahosoinua eta gitarra besterik ez baitaude. Biluztasun horrek badu asmo zehatz bat: kantuek jorratzen dituzten gaien gordintasuna azpimarratzea eta atmosfera “ilun eta itoa” iradokitzea. Izan ere, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak azaldu duenez, “euskal errealitatetik oso hurbil dauden hainbat egoera latzetatik” hartutako gaiak aukeratu ditu Untzetak kanturako: emakumeen aurkako indarkeria eta gatazka armatua, besteak beste. “Gure inguruak giza harremanetan, politikan edo ekonomian bizi dituen egoera zail batzuen isla izan nahi du kantu bakoitzak”. Aste gutxi barru kalean izango da diskoa, eta irailaren 16an Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko du Untzetak zuzenean, Joel Rafael kantari estatubatuarrarekin partekatuko duen gaualdian.

Markos Untzeta txikiagoa

Markos Untzeta. (Jorge Salvador)

8. NAROA GAINTZA: 22M2 (Egilea editore)

Ekainean eman genuen ezagutzera, Nomada aurrerapen kantuaren bidez, Naroa Gaintzaren egitasmo berria: 22M2 (HogeitaBiMetroKoadro). Amaiur plaza taldeko kide ohiak hainbat proiektutan hartu du parte (Sokaide, Izerdi Gorria), eta hainbat musikarirekin kolaboratu du (Gose, Fermin Muguruza, Mandoilek…), baina bakarkako lehen diskoa plazaratzeko unea iritsi zaio. David Nanclares (gitarra) eta David Gorosperekin (bateria) ondu duen diskoak rock and roll banda baten kontzeptuari heldu dio. Mugaldeko gitarrak, psikodelia eta underground ukituak jaso ditu 11 kantuetan.

9. PETTI: Astirtitan (Egilea editore)

Zazpi urte igaro dira kantu berriez osaturiko azken diskoa kaleratu zuenetik Pettik. Ekainean estreinatu genuen badok.info-n “Erramurik gabeko gauak“, haren lan berriko singlea, eta oso harrera beroa jaso zuen kantuak. Bost abestiz osaturik dago Astirtitan: aipatutakoaz gain, “Argiak“, “Egunero“, “Hil arte edan” eta “Suerteren bluesa” aurkituko ditugu bertan. Hainbat musikarirekin grabatu ditu kantuok —Karlos Aranzegi (Bide Ertzean), Fredi Pelaez, Igor eta Iñigo Telletxea anaiak, eta Estitxu Pinatxo (Damba)—, eta hitzetan Harkaitz Canok eta Beñardo Goietxek lagundu diote. Urriaren 24n Donostiako Kursaaleko ganbera aretoan aurkeztuko du Petti diskoa, hirukote formatuan, Iñigo eta Igor Telletxearekin.

10. MAIALEN ERROTABEHERE: Biluzik (Agorila)

maialen errotabehereUrriaren amaieran ikusiko du argia Maialen Errotabehereren hirugarren diskoak. Aurretik, Nere mundua (2004) eta Askatasunen ibaia (2007) kaleratu ditu, baita Mixu zenarekin (Sustraia) eta Xabaltx-ekin partekaturiko MMX diskoa ere. Biluzik izenburuko lanean blues eragina duten pop-rock kantuak bildu ditu Arrosako kantariak. Pat Tetevuide, Iban Larreboure (Sagarroi taldeko kide ohia), Raphaël Ferreira eta Txus Aranbururekin (Tapia eta Leturia, Rafa Rueda, Eñaut Elorrieta…) grabatu du. Halaber, bi kolaborazio aipagarri izan ditu ahotsetan: Petti eta Eñaut Elorrieta kantarienak. Diskoaren aurrerapen gisa, “Ximist urdina” kantuaren bideoklipa zabaldu du Errotabeherek.

ETIKETAK:AhotseneaDurangoko AzokaJon GurrutxagaJoseba IrazokiLibeMaialen ErrotabehereMarkos UntzetaMorauNaroa GaintzaPeio SerbiellePettiTania de Sousa