Musika

badok

2018.11.27

badok

Enkorek agur esango du 2019an

Hamar urteko ibilbidea egin ondoren, Enkore taldeak agur esango du 2019an. Hala iragarri du gaur Facebooken jarritako mezuan.”Agur esateko unea heldu da. Hasi ginenean bagenekien momentu hau noizbait helduko zela, eta orain argi ikusten dugu: Enkorek 10 urte beteko ditu, eta horrekin batera, eszenatokiak utziko ditugu”, dio Bilboko laukoteak ohar horretan. Erabakia hartzea “ez da batere erraza izan”, azaldu du, “Enkore gure bizitzetako ardatza izan da hamarkada oso batez eta hori barik noraezean galtzeko beldurra daukagula ezin dugu ukatu. Baina beste mundu batzuetan murgiltzeko momentua dela sentitu dugu, hamaika amets, bizipen eta ikasketa biltzen jarraitzeko”.

Taldeak agertokietan esango du agur, 2019. urtean egingo duen bira baten bidez. “Azkeneko aldiz gurekin abestera, dantzatzera eta elkarrekin izerditzera gonbidatzen zaituztegu. Eszenatokietan ikusiko dugu elkar, laster. Betidanik izan ez bada, betirako izan dadila!”, horrela amaitzen da taldearen mezua.

Enkore agur

Urtzi Iza, Xabi Hoo, Aitor Gallastegi eta Alvaro Olaetxea, Enkoreko kideak.

Xabi Hook (ahotsa), Urtzi Izak (gitarra), Aitor Gallastegik (baxua) eta Alvaro Olaetxeak (bateria) osatu dute Enkore hamar urte hauetan. Laukoteak Gaztea lehiaketa irabazi zuen 2011n eta hiru disko argitaratu ditu geroztik: Faktore komunak (Baga-Biga, 2012), Kanala (Oihuka, 2014) eta E (Baga-Biga, 2015). Aurten “Dana” abestia plazaratu eta 7 lurralde, 7 kontzertu bira egin du, Euskal Herriko lurralde bakoitzean kontzertu bana emanez.

ETIKETAK:Aitor GallastegiAlvaro OlaetxeaEnkoreUrtzi IzaXabi Hoo