Musika

Ainhoa Sarasola

2021.03.19

Ainhoa Sarasola

Enbor beretik adar berriak

Norabidea ez galtzeko, ezinbesteko erreferentzia izan daiteke Artizarra. Bide nagusitik askorik aldendu gabe, xendra berrietan barrena ere ibili nahi du Kalakanek, eta beharbada horregatik jarri dio Artizar izena bere disko berriari. Herri musikaren oinarriari eutsi diote Jamixel Bereauk, Xan Errotabeherek eta Bixente Etxegaraik taldearen bosgarren diskoan, baina musika elektronikoaren eremura eraman dituzte oraingoan kantuak. Lan berria zuzenean aurkeztuko dute etzi iluntzean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian emango duten kontzertuan, eta hainbat gonbidatu izango dituzte alboan horretarako.

KALAKAN - 'ARTIZAR'

Bixente Etxegarai —eserita—, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau, Kalakan taldeko kideak, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. (Jon Urbe / Foku)

Hamasei kantu berri bildu ditu hirukoteak Artizar-en. Ohikoan, sorkuntza prozesuari denbora eskaini ohi diotela azaldu du Errotabeherek, «detaile guztiak ahalik eta mimo handienarekin landu ahal izateko». Pandemiaren ondorioz azken hilabeteotan kontzertu asko eta asko bertan behera geratu direnez, beharrezkoa zuten denbora hori izan dutela adierazi du, eta, hainbat kolaborazio-disko eman ondotik, «hirukote formatuan zentratzeko» baliatu dutela denbora hori. «Azken urtea aprobetxatu ahal izan dugu zentratzeko berriro taldearen esentzian, eta genituen gogo batzuetan, hala nola soinuari eskaintzea ekarpen gehigarri edo berri bat». Herri musikaren errepertorioari elektronikaren bidetik egin nahi izan diote ekarpen hori oraingoan, betiere herri kantuak zainduz eta haiei eutsiz, «bi munduak batzeko».

Zortzi puntako izar batez jantzi du taldeak diskoaren azala, atzean ilargi bat duena. Bereauk zehaztu du izar hori baskoien antzinako sinbolo bat dela, beste hainbat kulturatan ere agertzen dena. «Gu, beti bezala, saiatzen gara gure sustraiak sakonki lurrean ezartzen, gero gure adarrak ahal bezain urrun zabaltzeko». Hain zuzen, bere ibilbide osoan «beti oreka baten bila» ibili da Kalakan, Bereauren hitzetan. Hastapenetan, hiru ahotsekin eta hiru danborrekin emanaldi bat egitea izan zuten desafioa, «elementu xumeekin zerbait polita egitea», eta oreka behar horretarako, musikariaren ustez. Gero, beste zenbait musikarirekin elkarlanean eginiko diskoetan ere aritu ziren orekaren xerka, Lamin (2017) diskoan adibidez doinu herrikoiak eta musika barrokoa uztartzeko. Eta oraingoan ere beren sustraiak eta soinu elektronikoak lotzeko, «oreka berri bat asmatu» dutela iritzi dio musikariak.

“Gu, beti bezala, saiatzen gara gure sustraiak sakonki lurrean ezartzen, gero gure adarrak ahal bezain urrun zabaltzeko”

Bereauk aitortu du musika elektronikoa gazteagotan entzuten zuela, eta bere erreferentzia nagusiak garai hartakoak zirela, 1990eko hamarkadakoak. Hori dela eta, «soinu hobeak edo oraingoak» topatzeko, horietan murgilduago dauden bi musikariren laguntza bilatu zuen: Hugo Imakhoukhene rap kantariarena eta Pello Reparaz Zetak taldeko abeslariarena. «Oso esperientzia polita eta interesgarria izan da». “Lili bat”, “Bihotzeko hizkuntza”, “Maitia nun zira”, “Ene Ama zenari” eta “Tupintegiko Panpili” kantuen musika programazioekin lagundu ditu Imakhoukhenek, eta berdin Reparazek, “Bihotzeko hizkuntza” eta “Xoriñoa kaiolan” abestietan. Halaber, Andrew J.P. Keelan “Piarres laboraria” kantuaren moldaketetan izan dute lagun.

Herri kantutegiko beste hainbat abesti ere moldatu dituzte diskorako, hala nola “Mendian zoin den eder”, “Eguzki beroa”, “Opila” eta “Lo, lo”. Baina izen bat nabarmentzekotan, Xalbadorrena litzateke, haren sinadura baitaramate albumean bildutako hiru piezak: “Ama Euskal Herri”, “Bihotzeko hizkuntza” eta “Ene Ama zenari”. Bereau: «Nire ustez, Xalbador ez da aski baloratua izan. Disko honetarako murgildu naiz pixka bat bere unibertsoan, eta, bereziki, Odolaren mintzoa liburuan, eta flipatu dut zer-nolako bertsoak idatzi zituen orain dela 45 urte, eta zer-nolako gaurkotasuna duten oraindik». Haren idazteko manera eta sakontasuna goraipatu ditu.

Euskal kantutegia da taldearen «enbor musikala», Ritxi Aizpuru Baga-Biga Produkzioak-eko ordezkariaren hitzetan, eta, euskal tradiziotik edaten jarraitzen badu ere, disko berrian elektronikaren eremuan murgilduta «jauzi handia» egin duela iritzi dio. Hala ere, gehitu du albumean badirela doinu elektronikoetatik «pixka bat aparte» dabiltzan kantuak ere, zeintzuetan egitura polifonikoa gailentzen den. Hitzei dagokienez, berriz, «engaiamendu bat» nabari da guztietan, haren ustez. Aizpuruk gaineratu du testuetan «hausnarketa sakonak» plazaratu arren festa giroa dakarten hainbat pieza ere badirela.

Ikusgarri berezia
Hiru taldekideak igoko dira etzi Viktoria Eugenia antzokiko oholtzara, lan berria zuzenean aurkeztera. Baina ez dira bakarrik ariko. Izan ere, ikusgarri berezia prestatu dute, eta «denetarik» izango dela iragarri, hainbat artista gonbidatu baitituzte. Besteak beste, Basabi taldeko musikariak —hari instrumentuekin eta harrizko txalapartarekin—, Aukeran konpainiako dantzariak eta Berzaitz anaiak taula gainean izango dira. Diskoa dagoeneko salgai dauka taldeak: www.kalakan.eus atarian eskuratu daiteke.

ETIKETAK:Andrew J.P. KeelanBaga BigaHugo ImakhoukheneKalakanPello ReparazXalbadorZetak