Musika

Iñigo Astiz

2018.03.14

Iñigo Astiz

Enbor bakarreko hamaika ska

Ska musika da Guda Dantza taldearen bizkarrezurra, baina zabal hedatzen uzten dituzte gero adarrak ardatz nagusi horretatik abiatuta. Estudioko hirugarren diskoa kaleratu dute orain, eta Argibideak deitu dute (Baga-Biga). Obedientziaren aurkako mezuak dira nagusi hitzetan, eta, funtsean, ska abestiak dira guztiak, baina, halere, ez dira denak ska berdina. 11 abesti grabatu dituzte, guztira, eta, tartean, badira ska-rock doinuak, ska-cumbia erritmokoak, funk tantak, elektro-swing ukituak, punk-rock zertzeladak eta baita rap pasarte batzuk ere. «Kritikaz beteta dago diskoa, eta oso lan kontzientea da», azaldu du Alain Beraza abeslariak.

Guda Dantza berria

Guda Dantza taldeko kideak.

Letrei dagokienez, «kontzeptuala» da diskoa, Berazaren hitzetan, eta sistemaren inposizioa eta zapalkuntza horri aurka egiteko gogoa ditu ardatz. «Sistemak inposatzen dizkigun argibideez ari dira kanta guztiak», azaldu du. Baina bada hori baino gehiago ere. «Bizitzeko molde batzuk inposatzen zaizkigu, eta guk horretarako argibideak jarraitzen ditugu, baina, bestalde, argi-bideak ere badira, argiz sorturiko bideak alegia, eta nik uste dut diskoan borrokan daudela bi kontzeptu horiek. Guk gizaki moduan sistemaren inposizioa pairatzen dugu, baina, halere, badugu gizatasun ale bat, eta gizatasun hori izango litzateke argi-bidea. Argibideak, beraz, argi-bideen aurka».

Inguruan ikusten dutenari buruz idazten dituzte kantak, Berazak azaldu duenez. “Los rendidos” abestia jarri du horren adibidetzat. «Jonek [Maguregik] eta biok urteak eman ditugu gizarte bazterketan dauden pertsonekin lan egiten, eta kolektibo horri ahotsa emateko ahaleginean sortu genuen kanta hori». Teknologiarekiko menpekotasuna, indibidualtasuna eta ikuskizunaren gizartea dira lantzen dituzten beste gaietariko batzuk. «Bizi dugunak bultzatu gaitu disko hau idaztera».

Higain estudioan egin dituzte grabazioak, Usurbilen (Gipuzkoa), eta Haritz Harregi aritu da haiekin teknikari. Hilabete egon dira estudioan, eta teknikariaren eta taldearen artean izan den giroa azpimarratu dute musikariek. Juan Hidalgok egin du masterizazioa, eta Urtzi Iza aritu da taldea ekoizpenean laguntzen. Izak izan du abestiei elektronikaren ukitua gehitzeko ardura ere, eta Jon Maguregi gitarra jotzaileak azaldu duenez, oso garrantzitsua izan da haren ekarpena. «Berria da elektronikaren erabilera hori gure ibilbidean», onartu du, «baina lantzen ditugun estiloen aniztasuna da gure ezaugarri bereizgarri nagusia».

Lau kolaborazio ere izan dituzte. “Oihan sakonean” abestian rapeatzen aditu daiteke Revolta Permanent taldeko Iker Villa, esaterako; Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldeko abeslariak ere kantatu du “Luz” abestian, eta “Despierta” kantuan ahotsa sartu du Vendetta taldeko Luisillo Kalandrakak. Horrez gainera, Sorkun abeslariak “Gezurren balak” kantan egindako ekarpena ere azpimarratu dute taldekoek. Kantatu behar zituen melodia eta hitzak prestatuak zituzten Guda Dantzakoek Sorkunentzat, baina hark abestia beste bide batetik hartu, eta «goitik behera» aldatu zuela kontatu dute. Eta pozik haiek emaitzarekin.

Mundu berria bihotzean
Taldekideek azaldu dutenez, «erreferentziazkoak» dira Vendetta, Betagarri, Revolta Permanent eta Sorkun haientzat, eta eskertu egin dute horregatik haien elkarlana. «Kalitate handia eman diote abestiei».

Diskoan lantzen diren ideiekin loturik doa diskoaren diseinua ere. Lubaki Grafik Faktoryko Unai Bergara diseinatzaileak sortu du azaleko irudia, eta berak landu du diskoaren irudi grafiko guztia ere. Aurpegian semaforo bat duen gizon bat ikus daiteke azalean, esaterako, eta Ander Basañez saxo jotzaileak azaldu duenez, sistemak inposatzen dituen argibideen ondorioz, gizatasuna galdu egiten dela irudikatzen du marrazki horrek.

Aurrez beste bi disko kaleratu dituzte. 2014an atera zuten Lainoak eta oskarbiaketa 2016an argitaratu zuten Labarraren ertzean, eta 70 kontzertu inguru eskaini dituzte urte hauetan guztietan. Hainbat taldekide aldaketa ere izan dituzte bidean, eta egun zazpikotea dira: Beraza abeslaria, Maguregi gitarra jotzailea, Ander Basañez saxo jotzailea, Jon Torralba baxu jotzailea, Iker Maguregi bateria jotzailea eta Joseba Aparicio tronpeta jotzailea.

Batera doaz taldearen hitzak eta musika, Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko ordezkariaren esanetan: biek egiten dute obedientziaren kontra. Horregatik dira nagusi pasibotasunaren aurkako mezuak abestietan, eta horregatik egiten du musikak dantzarako gonbita. Guda Dantzak Buenaventura Durrutiri hartutako esaldi bat aipatuz laburtu du taldearen jarrera: «Denok daramagu mundu berri bat bihotzean». Desobedientziarako jarrera kutsatzea da azken asmoa.

ETIKETAK:Alain BerazaAnder BasañezBaga BigaBetagarriGuda DantzaHaritz HarregiIker MaguregiIker VillaIñaki Ortiz de VillalbaJon MaguregiJon TorralbaJoseba AparicioJUuan HidalgoLubaki Grafik FaktoryLuisillo KalandrakaRevolta PermanentRitxi AizpuruSorkunUnai BergaraUrtzi IzaVendetta