2020.05.07
Martxoaren 15ean hasitako konfinamenduan sortutako abestia plazaratu du Eñaut Elorrieta kantariak. “Harbide zilar bat” du izenburu Gernikako sortzailearen konposizio berriak, eta Zumaiako Sapere Aude Sinfoniettako musikariekin eta Bilboko Koral Elkarteko abesbatzarekin grabatu du Elorrietak. Orkestra moldaketak berriz, Fernando Velazquez zuzendariak egin ditu. Abestiarekin batera Arteman ekoiztetxeak egindako bideoklipa ere zabaldu du.
Jose Luis Otamendi poetaren hitzak musikatu ditu Elorrietak. “Etorkizunera begira jarritako” abestia da, sortzaileak azaldu duenez. “Gertakizun hurbilek ispiluaren aurrean jarri gaituzten honetan, irakurketa kritiko batetik abiatuta, itxaropenari kantatzen diote” Otamendiren hitzek. “Zilarrezko aukerez betetako aro aldaketa honetan, elkartasunean eta mundu hobe baten aldeko ahaleginean jarri nahi dute arreta”, adierazi du Elorrietak prentsa ohar batean.
Sapere Aude Sinfoniettako 47 musikarik eta Bilboko Koral Elkarteko 87 abeslarik hartu dute parte grabazioan. Horietako bakoitzak kantuaren partitura eta argibideak jaso ondoren, norbere gailuekin grabatutako soinu eta irudiez osatu dituzte abestia zein bideoklipa.