Musika

Urko Ansa

2022.02.11

Urko Ansa

Eñaut Elorrieta (Markina-Xemein, 2022.01.29)

Pandemiaren erruz atzeratu zen kontzertua ikusteko aukera izan genuen, azkenik, urtarrilaren 29an. Argiztapen murritzak ez zuen haatik boskoteak eskaini zuena zapuztu, ez horixe. Oholtza gainean eskaintza xume bezain aberatsa igorri baitzuten bai Eñaut Elorrietak baita bere lau musikariek ere: Maite Larburu (biola, koruak), Fernando Neira (kontrabaxua, baxua), Ruben Caballero (gitarra, teklatua, koruak) eta Ander Zulaika (perkusioak, koruak).

Elorrieta Larburu

‘Irteera argiak’ diskoa aurkeztu zuen Eñaut Elorrietak Markina-Xemeinen. (Urko Ansa)

Eta guztia zuzentzen eta lidergoan, Eñaut Elorrieta, hain zuzen ere Ken Zazpirekin lortutako arrakastarekin eroso bizitzeari uko egin eta aspalditxo bakarkako abenturari ekin zion puntako kantari eta kantugilea. Hasieran, Ken Zazpi eta bere bakarkako ibilbideak bide paraleloa egin zuten, eta horrela izan zitekeen urte askoan: arrakastaren formularekin jarraitzea, batetik, eta bakarkako anbizioei aterabidea ematea, bestetik. Aldiz, zenbat aldiz ikusi dugu gurean halakorik! Bide errazenetik alde egiteaz ari natzaizue. Hori izan baita Eñauten apustua eta arrakasta: goian eroso bizi ordez arriskatzea, eta gainera helburua lortzea.

2015ean atera zuen azken lana Ken Zazpik, eta ordurako Eñautek bere bakarkako lehen diskoa argitaratua bazuen ere, taldearen desegitea inor gutxik espero zuela esango genuke. Orain, heldutasunera iritsi den artista daukagu, ikuspuntu barnerakoian guztiz murgildu dena batetik, eta kalitatezko produktu erakargarria eskaintzen duena, bestetik. Heldutasun prozesu horretan bere taldearen bat-batekotasuna eta elektrizitate trazak galdu dituen arren, inoiz baino poetikoago eta mardulago somatzen dugu bai berak zein besteek (Uxue Alberdi, Sarrionandia, Bernardo Atxaga, Jose Luis Otamendi, Harkaitz Cano…) egindako hitzetan.

Baliteke guzti horrek solemnitate adierazgarri bat ekartzea ere. “Ur gainean”-ekin hasi ziren momentutik nabaritu genuen hori guztia, baina “Irteera argiak” bezalako piezetan traza rockeroek bere bidea egiten dute. Hortaz, Ruben Caballeroren gitarra solo imintzioa oso neurtua eta motza, baina bultzada ematen duten horietakoa izan zen. Gainera, Maite Larbururen koruek sonoritateen espektroa aberastu eta zabaldu zuten. Momentu iradokitzaile gehiago: “Besamotzaren besoa”-ren koru zoragarriak (Ruben, Ander, Maite), “Eguzki argitan” kantaren biluztasun akustikoa eta Uxue Alberdiren poesia, biak bat, baita akaso ikuslegoaren gogoa ere.

Azken horrek tolestutako soinu kapek musikari hauen balioa begien bistan uzten dute. “Geografia”-k erakusten duen heldutasun maila ere nabarmentzekoa dugu, tentsioa mantentzeko lortzen duen giroa eta Ander Zukaikaren atabal kolpe sosegatu baina seguruak direla medio. Ikuslegoan nabari zitekeen magia hori ere, maskara jantzita eta eserita egon beharrak Ken Zazpiren garaiekiko diferentzia era oso adierazgarrian baldintzatu bazuten ere. Ander aipatu dugunez, “Une batez” tenpoa markatzeko duen autoritatearen adibiderik onenetakoa dugu.

Eñautek bere aita duela bost urte zendu zela kontatu zigun hurrengo kantua hasi baino lehen. “Zaldia eta behelainoa” berriz ere rock helduan kokatu genezake, baina lehen aipatu tentsioa biderkatuta taularatzen du, eta orain bai, Ruben Caballerok lehen baino gusturago eskaini diezagukegu bere gitarra solo landu baina batez ere sentitua. Honekin guztiarekin emozio pilulak deskribatzen ari gara, ez pentsa gero kontzertuan gitarra solo luzerik egon zenik, ez. Hori bai, Ken Zazpiren garaietara jauzi egitean, “Itsasoa gara” eta “Eta azkenak hasiera” zirela medio, bertaratutakoen parte-hartze momenturik intentsuenak egon zirela ere azpimarratu beharrean gaude. Eñauten opari bat garai zaharretako jarraitzaileei.

IMG_2418 (2)

Fernando Neira eta Maite Larburu, erritmoa eta sentsibilitatea. (Urko Ansa)

Oholtzan Eñaut eta Ruben bakarrik zirela, Itoizen “As noites Da Radio Lisboa” zoragarri bati ekin zioten. Kantu hau 2018ko Harian EPan argitaratu zuen Eñautek, harizko instrumentuez lagundurik, baina oraingoan askoz ere bertsio barnerakoi eta biluziagoarekin hunkitu gintuen. Eta guztiaren gainetik, Eñautek ahotsarekin sortutako intentsitate jokuak, xuxurlaka aritzetik zeruetaraino aupatzen ziren ahots-hariek borobildutakoa. “Inexa Gaxen”-ekin kantu batzuk atzerago zabaldutako seriotasunera itzuli ginela egia izanda ere, Maite Larburuk egin zion sarrerak zein kantuaren beraren indarrak txalo zartada beroak jaso zituzten.

Bernardo Atxagaren jenialtasun bat dugu “Ezbeharra”, non akaso Eñautek americana estilora jauzi egiten duen, betiere bere estiloari uko egin gabe noski. Azken txanpan, Gabriel Arestiren “Nire aitaren etxea”, Eñauten Deserriko kantak bakarkako lehen diskoaren harribitxietako bat. Lehen aipatu ezaugarri guztien jabe, soiltasun edo koltxoi formako soinu kapek koruen boterean, atabalen tentsioan eta Rubenen gitarraren leherketa txikietan aurkitu zuten kontrapuntua. “Hariak” kantuari buruz, Eñautek batzuei iluna iruditzen zaiela esan zigun, baina berari ordea guztiz askatzailea iruditzen zaiola. Egia esateko, Joseba Sarrionandiaren poema honek Eñauten musikarekin bat egitean magia hutsa lortzen du.

IMG_2597 (2)

Ruben Caballero, Eñaut Elorrieta eta Ander Zulaika, botere eta indar posizioetan. (Urko Ansa)

Eta goiaren goian uzteko, “Deserriko kontradantza”, gau osoko indartsuena, zeinetan bai Eñaut zein Ruben eta Ander bera ere, botere eta indar posizioetan ikusi genituen. Pose rockeroek eta (orain bai) leherketa momentu luzeagoek gori gori jarri zuten giroa. Honekin erretiratu ziren, txalo zarta luze baten ondoren. Bisetan, “Mendigoxaliarena”; guk dakigula Eñauten bakarkako lehen grabazioa izan zen, hain zuzen ere 2005ean argitaratu zen Lauaxetaren omenezko disko hartan argitaratu zena. Antton Valverdek 1978an poema bera musikatu bazuen ere, Eñauten melodia guztiz berria izan zen. Hemen ere gitarra soloaz gozatzeaz gain, Ander eta Rubénen koru eraginkorrak zein Maite Larbururen ahots jario leunak zeresana eman zuten.

Azken agurra “Ez dago ezer” abestiarekin egin zuten; kantuak berak daukan epikagatik amaitzeko kantu perfektua izan zen. Hemezortzi abesti eta ordu eta erdi ondo pasatxo iraun zuen emanaldiak. Soinu txukuna, errepertorio zabala eta sentsazio onak irradiatu zituen. Azken singlea jo ez bazuten ere, azken diskoa goitik behera interpretatu zuten, material berrian daukaten konfidantzaren erakusle.

ETIKETAK:Ander ZulaikaAntton ValverdeEñaut ElorrietaFernando NeiraItoizKen ZazpiMaite LarburuRuben Caballero