Musika

badok

2014.09.18

badok

Elkar Estudioa Sesioak #2

Iragan maiatzean jarri zuen martxan Elkar diskoetxeak Elkar Estudioa Sesioak ekimena. Bost egunez Donostiako Igara auzoan duen grabazio estudioa jendeari ireki eta egun bakoitzean talde bati bertan jotzeko aukera ematean datza ekimena. Baina ez da horretara mugatzen. Kontzertuak grabatu egiten dira, bai audioa bai bideoa, eta Hamaika Telebistaren partaidetzari esker telebistan ikusteko aukera izaten da aurrerago. Lehen aldi hartan, Elkarrek proposatuta, honako talde hauek hartu zuten parte: Izaki Gardenak, Ezinean, Odolaren Mintzoa, Seiurte eta Këa-k.

cropped-elkar_estudioa_11

Ekimenari jarraipena ematea erabaki du Elkarrek, baina taldeak hautatzeko prozesua aldatu du. Lehiaketa formatua eman dio, eta bertara aurkeztutako talde eta bakarlarien artean aukeratu du Elkar Estudioa Sesioak-en bigarren ekitaldian parte hartuko duen boskotea. Atzo jakinarazi zituen izenak eta kontzertuen datak. Honako hauek dira.

Urriak 6: LIBE
Libe Garcia de Cortazarrek aurten argitaratu du bere bakarkako lehen diskoa, Ihesaldi handia (Bonberenea Ekintzak). Hainbat taldetan ibilitakoa da Libe teklatuak jotzen eta koruak egiten (Neubat, Sorkun, gaur egun Izaki Gardenak), baina lehen aldiz ahots nagusiaren ardura hartu du. Eta esan dezakegu Liberen abeslari dohainak ezagutzea aurtengo ustekabe atseginetako bat izan dela. Bestetik, Joseba Poncek (Dut, Kuraia) lagundu dio hainbat kanturen konposizioan.

Urriak 7: SKASTI
Gaztea irratiaren maketa lehiaketa irabazi zuen Zarauzko (Gipuzkoa) taldeak 2013n, eta hilabete batzuk geroago New Age argitaratu zuen. Izena nahasgarria gerta daiteke Skastiren kasuan, ez baita ska talde huts bat, baizik eta reggae, pop edota funk musikaren osagaiekin aberasten ditu errazkeriari itzuri egiten dioten kantuak.

Urriak 8: LARREGI
Lemoako (Bizkaia) taldea ere saritutakoa da Gaztea maketa lehiaketan. Kasu honetan, entzuleen saria irabazi zuen 2011n. Bi disko argitaratu ditu: Larregi (2010) eta Bidea dugu helmuga (2012). Rock&roll sendo eta eraginkorraren aldeko apustua egiten du Larregik.

Urriak 9: AGUXTIN ALKHAT
Sei kantuz osaturiko disko batek –Ihes egin (2012)– eman du ezagutzera Aguxtin Alkhat kantari behenafarra. Bakarlari gisa hasi aurretik, Inahala folk taldeko partaidea izan zen, zeinarekin plazaz plaza aritu zen. Ondoren etorri zen Usopop jaialdian parte hartzeko antolatzaileen gonbita, eta haren haritik disko bat grabatzeko proposamena. Julen Labat gitarristak eta Willis Drummond taldeko Xan Bidegain eta Felix Buffek osatzen dute Alkhaten taldea.

Urriak 10: KASERNARAT
Irungo eta Errenteriako (Gipuzkoa) musikariek osaturiko hirukote akustiko honek folk, country edota blues doinuak lantzen ditu. 2012n lehen diskoa kaleratu zuten, Kasernarat, eta 2013n euskarazko talde onenaren saria irabazi zuten Rockein! lehiaketan. Horri esker, “Inoiz izan ginena” kantua grabatu zuten. Freskotasuna transmititzen duen taldea da.

ETIKETAK:Aguxtin AlkhatElkarElkar Estudioa SesioakKasernaratLarregiLibeSkasti