Musika

badok

2014.06.03

badok

Elkar Estudioa Sesioak

Izaki Gardenak taldeak zabaldu zuen, maiatzaren 12an, Elkar diskoetxeak antolaturiko Elkar Estudioa Sesioak ekimena. Bost egunez beste horrenbeste taldek kontzertua eskaini zuten diskoetxearen Donostiako estudioan. Lehen kontzertu haren grabazioa pasa den asteburuan ikusi ahal izan da Hamaika Telebistan, eta orain sarean dago ikusgai. Bederatzi kanta eskaini zituen Jon Basaguren buru duen taldeak, tartean Ruper Ordorikaren eta Mikel Laboaren bertsio bana. Kontzertuaren audioa ere eskuragarri duzu badok.info-n.

Datorren asteburuan Ezinean taldearen kontzertua emitituko du Hamaika Telebistak: ostiralean, 22:00etan, eta larunbatean, 17:30ean. Ekainaren 13an eta 14an, Seiurte taldearen txanda izango da; ekainaren 20an eta 21ean, Odolaren Mintzoa taldearena; eta ekainaren 27an eta 28an, Keä taldearena (emankizun guztiak ordutegi berean izango dira).

Elkar diskoetxeak ekimenari segida emateko asmoa du, eta horretarako lehiaketa bat antolatu du. Euskaraz abesten duten bost talderi edo bakarlariri Elkar estudioan zuzenean grabatzeko eta jendaurrean aritzeko aukera eman nahi die. Hamaika Telebistak grabatuko ditu zuzenekoak. Hona hemen lehiaketan parte hartzeko zenbait oinarri:

- Talde edo bakarlaria izan daiteke.
- Talde edo bakarlari bakoitzak 8 abesti aurkeztu beharko ditu.
- Euskaraz abestutako kanta originalak izan behar dute; bertsioek ez dute balio.
- Parte-hartzaileek gutxienez 18 urte izan behar dituzte.
- 8 abestiak eta talde edo bakarlarien datuak (taldearen edo bakarlariaren izena, emaila, telefono mugikorra, abestien izenak) ees@elkar.com emailera edo ondorengo helbidera bidali behar dira:
Elkar Estudioa Sesioak – Portuetxe kalea 88, 20.018 Donostia (Gipuzkoa).
- Lanak jasotzeko azken eguna irailaren 1a izango da.
- Irabazleen izena irailaren 15ean jakinaraziko da.
- Grabaketak urriaren 6tik urriaren 10era izango dira.

Informazio gehiago: http://elkarestudioasesioak.com

ETIKETAK:DiskoetxeakIzaki GardenakZuzenekoak