2020.09.16
Jon Mirande (1925-1972) idazlearen poemak musikatzeko proiektu batean elkartu dira Elena Setien abeslari eta konpositorea, Grande Days post-rock taldea eta Xabier Erkizia soinu ekoizlea. Elkarlanaren emaitza zuzenean entzun ahal izango da urriaren 4an, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta hurrengo egunean diskoa argitaratuko du, binilo formatuan, Forbidden Colours zigiluak. Donostiako kontzerturako sarrerak dagoeneko salgai daude.
Elena Setien eta Grande Daysek Beasaingo Igartza jauregian emandako kontzertu batean sortu zen Jon Miranderen olerkiak musikatzeko ideia. Haur besoetakoa nobelaren egilearen poemak gutxitan musikatu izanak alde batetik, eta “poeta madarikatu” haren arte munduan barneratzeko gogoak bestetik, bultzatu zituzten proiektua martxan jartzera. Bidean Xabier Erkizia —Grande Daysen A Way to Collapse (2019) diskoaren ekoizlea— batu zitzaien eta elkarrekin grabatu dute Mirande izeneko diskoa. Beñat Sarasola idazleak testu bat sortu du diskorako eta Koldo Almandoz zinemagileak ere kolaboratu du proiektuan.
Ez da lehen aldia Jon Miranderen poemak rock musikara ekartzen dituztena. 80ko hamarkadan Hertzainak eta Zarama taldeek olerki bana musikatu zuten, “Eder bati” eta “Oianone” hurrenez hurren, baita Niko Etxartek ere (“Eresi”, “Ortziren ttunttuna”, “Ametsetarik”). Baina gehienbat musika herrikoiari lotutako artistek jo dute Miranderen obrara, bereziki Oskorri folk taldeak eta Imanol kantariak. Mikel Markezek Miranderen hiru olerki musikatu zituen Kantu erotikoak diskoan, eta Antton Valverdek bi ale sartu zituen Larogeitamazazpi-n. Halaber, Fiachras taldeak abesti bat eskaini zion Miranderi Hiltzera goaz diskoan.