2023.06.23
Udaberriak udari paso eman zion egunean, kanpoaldean langarra nagusi zenean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokia labe bero bat bilakatu zen. Negua azkenean joan dela ospatzeko eta udari behar bezalako ongietorria egiteko eguna izan zitekeen, baina antzoki dotorean bildutako jendetzak —bete egin zen— beste ospakizun bat zuen buruan. Zea Maysek Adarra saria jaso behar zuen, mende laurdenetik gorako ibilbideari Donostia Kulturak egindako aitortza.
Antzokian sartzean begiek lehendabizi antzemandakoa: Zea Mays-ek publiko oso heterogeneoa biltzen du, baina nabarmen ziren emakumeak ikusleen artean, eta arreta ematen zuen adin txikikoen eta, batik bat, nerabe izatera iristen ez diren gaztetxoen presentziak. Haietako batzuek, gainera, aurikularrak zeramatzaten jantzita, etor zekiekeen soinu eztandaren esperoan.
Orain dela hiru urte, 2020ko ekainaren 12an, Zea Maysek antzoki berean jo zuen, pandemiaren ondorioz ezarritako neurri murriztaileak laxatu zirenean. Orduko hartan, koronabirus aroko lehenengo kontzertua izan zen hartan, publikoak maskara jarrita ikusi behar izan zuen saioa, eta antzokiaren edukiera ere erdira murriztu behar izan zuten. Atzo, ordea, aretoko eserleku guztiak beteta zirela igo ziren oholtzara Aiora Renteria (ahotsa), Iñaki Imaz Piti (gitarra), Ruben Gonzalez (baxua) eta Asier Basabe (bateria), Zea Mays hasieratik osatu duten lau kideak.
Ospakizun eguna zen atzokoa, eta hasieratik nabaritu zen hori. Taldeak Eneko Goiaren eskutik Marijose Rekalderen garaikurra jaso ostean, Igor Elortza igo zen agertokira Rafa Ruedak gitarrarekin lagunduta, bertso bidez Zea Maysek egindako bidea zaleentzat sari bat izan dela adierazteko. Eta segidan igo ziren, berriro ere, lau taldekideak oholtzara, ezinbestean berezia izan behar zuen kontzertua emateko.
«Zea Mays gara» esanez abiatu zuten emanaldia, bolumen altu baina, aldi berean, oso garbi eta zehatzarekin. Adore-ren doinu melodikoa izan zen lehenengoa, eta jarraian iritsi ziren Adore Kemena Kuraia eta Haizearen jainko beltza, taldeak, estilo propio bat izanda ere, rockaren ertz ezberdinetan erosotasunez mugitzen dela erakutsi zutenak.
Atzoko kontzertua lagunekin partekatzekoa ere bazen Zea Maysentzat, eta Zuk borroka hasi abesteko lehen gonbidatua igo zen agertokira: Elena Setien. Ziur aski Viktoria Eugenian bildutako jendeak gutxien ezagutuko zuen musikaria izanda ere, Setienek berehala bereganatu zuen publikoa, lehendabizi Renteriarekin bi ahotsetara abestuta, eta, amaieran, antzokitik kanpo ere entzuteko modukoak izan ziren garrasiekin.
Renteriak berak esku batekin jotzen zuen teklatu txiki batekin hasi zen Kuraia, eta Adore Kemena Kuraia taldearen azken diskoan bezala, segidan iritsi zen Ez naiz ni, kasu honetan Olaia Inziarte-ren ahots kolaborazioarekin, eta diskoan baino indartsuago.
Kontzertuko lehen partea taldearen azken lanetan oinarritu bazuten ere, Pitiren gitarra akorde leun eta garbiek Zea Maysen klasiko bat iragarri zuten: Elektrizitatea. Goxo hasi zuten kantua, baina apurka-apurka elektrizitatez eta intentsitatez janzten joan ziren, eta heldu zen une bat zeinetan Renteriaren ahotsa haustera ere iritsiko zela zirudien. «Energiak lur-jausira narama, ni neu ere energia banaiz / Lurrean betirako idatzirik geldituko naiz. / Elektrizitatea banaiz, elektrizitatean banaiz / Lurrean idatzirik geldituko naiz», kantatzen zuen Renteriak, eta ez zegoen ezer ukatuko zionik. Energia bete-betean.
Azken diskoan Doctor Deseo-ren Corazón de tango kantuaren bertsio dantzagarria egin du Zea Maysek, eta, iragarrita zegoen bezala, Francis Diezek lagundu zuen Renteria ahotsekin. Diezek showman-a darama barnean, eta Donostian ere ez zuen bere alderdi hori ezkutatu, publikoaren gozamenerako.
Eta, hala ere, gonbidatuek inoiz ez zioten kendu protagonismorik taldeari, zeinak pasarte ilunak —Kea-ren post punka—, rock gogorreko gitarrak eta pop dantzagarri sinkopatua (Bi bihotz, bi ero) uztartu zituen emanaldian. Azken kantu horren erdian, gainera, The Clash-en London Calling-en pasarte bat ere tartekatu zuten.
Oihu-k eta Enbata ederrak aurrelana eginda ailegatu zen gaueko une hunkigarrienetakoa. Negua joan da ta Zea Maysen kanturik ezagunenetakoa izango da —ezagunena ez bada—, eta, zuzenean jotzeko, abesti horren bideoklipean laguntzaile eta aktore izan zuten Ainhoa Moiua gonbidatu zuten, zeinu hizkuntzaren eta gorputz mugimenduen bitartez Renteriaren ahotsak esaten zuena irudikatzeko.
Kontzertua amaierara iristen ari zen, eta ordurako antzokian bildutako jende guztia zutik zegoen. Besterik ez naiz bizi eta itsaskorra abestera Rafa Rueda igo zen bigarrenez —oraingoan gitarrarik gabe—, eta, jarraian, taldekideek oholtzatik alde egin zuten. Artean gelditzen zitzaizkien beste hiru kantu jotzeko, ordea: Gaur, Hondarretik Ondarroara eta taldearen beste pieza enblematiko bat, Kukutza III, Gorka Urbizuren ahots gonbidatuarekin.
Bilboko Errekalde auzoko gaztetxearen ereserki bilakatu zen kantuan aipatzen dituzten taupadak gonbidatu guztiek jotako danbor hots bilakatuta alde egin zuten azkenik. Udaberriari agur esan eta udari ongi etorri emanda.