2021.05.20
Osagarri krisiari ezin zaio izkin egin, eta Euskal Herria Zuzenean festibalak neurri bereziak aplikatu beharko ditu. Hala nola txertatua izan denaren egiaztagiria edo 48 oren aitzinetik egindako PCR proba erakutsi beharko du sartu nahi duen orok. Jende kopurua ere ez da usaiakoa izanen; hondarreko osagarri neurrien arabera, lagun bederak lau metro koadro beharko baititu.
Joana Barbier EHZko kideak uste du milatik gorakoa izan daitekeela aurtengo jende multzoa: «Gure kalkuluen arabera, 1.000 lagun inguru izanen da, baina suprefeturako baimenaren beha gaude oraino».
EHZ arrunta irudikatuz abiatu dituzte antolaketa lanak urtarrilean, baina lege aldaketei adi egon dira: «Pario handi bat da, eta ez genuen utzi nahi egin gabe. Programa osoa antolatu genuen jarria egoteko, baina, gero neurriak kanbiatu direnez, egokitu gara», xehatu du Barbierrek. Horregatik, ekitaldi guzietan zutik eta maskara jantzirik egon beharko da.
Irisarriko Herriko Etxeak Euskal Herria Zuzenean antolatzeko baimena eman badu ere, suprefeturak ukanen du azken hitza. Beraz, baliteke antolaketan moldaketak egotea. Neurriak neurri, edantegia eta jatetxea muntatzekoak dituzte; alta, usaiako kanpalekuak ez du oraino baiezkorik jaso.
Ezohiko egoerak hala bultzaturik, bereziki gogoan ukan dituzte kultur eragileak: bertzeak bertze, kultur arloko langileak, intermitenteak, musikariak, idazleak eta antzezleak. Iazko jaialdiaren etenaldia eta pandemiak eragin duen kulturaren isilune luzetik landa, «kulturari arnasgune baten emateko nahikeriarekin» jin direla iragarri du Barbierrek.
Julen Oillarburu EHZko kideak oroitarazi du zein den festibalaren helburu nagusienetarikoa: «EHZren betiko xedeetako bat tokiko ekoizleekin eta tokiko artistekin elkarlanean aritzea izan da, nehoiz baino gehiago bide horretan segitzeko beharra sentitu dugu».
Egitarauaren puska hauta
Egitarauari dagokionez, izen batzuk salatu dituzte: Chill Mafia —orain arte ez du sekula jo Zuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean–, Ruper Ordorika, Potato, Kuartz, Torheit, Hatz(a)marka kantu eta antzerki ikuskizuna, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Tio Teronen Semeak dantza taldea, Andoni Ollokiegi bakarlaria… «eta beste franko», erran dutenez.
Irisarriko Ospitalea ondarearen etxearekin elkarlanean ari dira, eta hainbat gairen inguruko eztabaidak ere animatuko dituzte hiru egunetan: artearen funtzioei buruzko mahai ingurua eta sorkuntza tailerra, etxebizitzaren problematikaren inguruko saioa, krisi kapitalista eta ekologikoaren gaineko mahai ingurua, Euskal Herriko nazio askapen mugimenduaz eztabaida, Arrosa sarearen irratsaioa eta Euskal Herria Zuzenean-en 25 urteen errepaso eta eztabaida, sortzaile eta belaunaldi ezberdinetako antolatzaileekin.