2019.03.06
19 urte, gazte, hots, eta jadanik bigarren diskoarekin. Gazte naiz gazte izenburua duen diskoa, nonbaitik ere (autoekoitzia). Bizkitartean, kantuaz, diskoaz, musikaz mintzatzen delarik, heldutasun handi bat hauteman daiteke Mattin Lerissa (Behorlegi, Baxenabarre, 1999) kantari eta musikariak erakusten duen segurtamenean. Emeki baita segurki bere bidea egiten ari da. Eta horra nola bihar Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean ariko den, 19:00etan, Iparraldea Bertan zikloaren barruan. Bere lagun, sei musikari izanen ditu, Mixel Ducau tarteko.
Txikitatik heldu zaio kantatzearen gustua, musikarena oro har, baita soinuarena; ahotsaren, trikitiaren eta gelan soinuak manipulatzeko egokitua duen tresnaren bidez. 11 urtetan Donibane Garaziko Zitadela kolegioko koralean sartzeak indartu zion kantuarentzat zuen gutizia. Nerabe garaiak ez direlarik beti errazak, hari kantuak leku bat izateko aukera eman zion. Kolegioko kantaria zen Lerissa. Eta bada zerbait. Gehiago dena, oholtzara igotzeko aukera eman zion Denise Olagarai musika irakasleak daraman koruak. Noren ondoan, eta Benito Lertxundiren ondoan. Lertxundi kantatuz egitasmoan parte hartu izana halako mugarri bat izan zen. 200 ikasleen artean, 12 urte zituela. Kantu batzuetan bakarlari gisa aritu zen Lerissa, bere zilarrezko ahotsarekin.
Proiektuaren motorretako bat izan zen Olagarai, eta oraino gogoan du nola garaian jada Lerissa zinez motibatua zela: «Beti hor zen koralean, biziki motibatua». Olagarai oroitzen da Lerissak nola bazuen beti holako grabagailu txiki bat. Jean-Mixel Bedaxagarrengana joan zirelarik klasearekin, adibidez. Lerissa, Bedaxagar grabatzen aritu zen, bereziki bere kantatzeko era, ondotik etxean osaba zaharrarekin entzun ahal izateko.
Grabatu izan ditu bere zuzenekoak ere, etxera sartu eta berriz entzuteko gisan. Nola hobetu entzuteko. Bista ahula badu Lerissak, baina, haatik, belarri ezin finagoa. «Betidanik belarria ukan dudala erran didate. Ene bistarengatik eta, ez ditut partizioak irakurtzen. Beti belarriz xerkatu ditut».
Adrenalina maite
Lertxundiren zuzenekotik landa, Et Incarnatus Orkestrarekin ere aritu zen zuzenekoetan. Baita Kantu Txapelketan parte hartu ere. Eta azken finean, kantuaren gustutik oholtzaren gainera igaiteko gustua ukaitera pasa da artista: «Jendeen aitzineko adrenalina hori maite dut. Lehen sentsazio hori». Lertxundirekin kantatuz, adibidez, mila jende izan zituen aitzinean, eta hark 12 urte. Baina beldurrik ez zuela sentitu dio, alderantziz. Segurtamen hori, jadanik, hor.
Arrunt beste giro batean, Baionako besten irekitze alternatiboetara gonbidatu zuten gaztetxekoek iaz. Iruñea aise ederrago jota kantatuz abiatzeko bestak. Kantua buruz ikasi, eta hor zen, a cappella,prest, Baiona Ttipiko Pyrenees ostatuko gaineko leihotik kantatzeko. Hasi bezain laster isiltasuna sorrarazi zuen behereko plazatxoan. Ahots hori nondik heldu zen ikusteko goitik begira jarri ziren bestazaleak. Gustura kantatu zuen Lerissak, nahiz eta jotak ez diren bere ohiko kantuen artean. Baina eskaerei egokitzeko gogoz ere badago artista. Ñabardura batekin, halere: «Nola gerta, gauza batzuk ez ditut onartzen. Batzuetan folklore hutsak baitira. Ez dut klixeetan erori nahi». “Xalbadorren heriotzean”, “Txoriak txori” kantatzeko galdegiten diotelarik haren kantuen ordez, adibidez, ez du onartzen. «Mikel Laboak emanik ez da klixe bat, baina otxote batzuk edo beste batzuk entzuten direlarik… Zentzua arrunt galtzen dute. Batzuetan, ez dakite zer kantatzen duten ere». Gainera, bere kasuan, kontziente da Behorlegin biziz, mendien artean, aurreiritzi errazentzat autobide bat ireki dezakeela. Mendietako txoria bezalako metaforak erabili izan dituzte haren definitzeko. Horrelakoak irakurtzean irria sortzen zaiola aitortzen du, «klixe aire» horri begira.
Nahiago ditu bere kantu propioak kantatu. Hortik dator bere bigarren diskoa. Musika guztia hark idatzi du, Mixel Ducauk moldatu dio. Hitzak, hark galdegin dizkie Daniel Landart, Pantzo Hirigarai eta Manex Pagola zenari. Gai aldetik, transmisioa eta gaztetasuna ditu nagusiak. «Gehiago landa bigarren hau». Lehena zaleek eskaturik egin zuen, besteen kantuak hartuz, bereziki ohizko kantuak dituenak. «Baina ez nintzen baitezpada prest disko baten grabatzeko, nahiz eta kontent naizen emaitzarekin. Hemen, aldiz, sorkuntza gehiago bada». Eta musikari gehiago ere. Formula hori sakondu nahian dabil orain.