Musika

Ainhoa Sarasola

2020.11.21

Ainhoa Sarasola

Durangoko 55. Azoka hainbat herritara zabalduko da, kontzertu sorta baten bidez

Ezohikoa izango da Durangoko 55. Azoka. Pandemiak eragindako egoera dela eta, arduradunek iragarria zuten abenduaren 4tik 8ra Landako Guneak ez zuela beste urte batzuetako irudi jendetsurik utziko, salmahairik ez baita izango aurten. Baina azokari eustea erabaki zuten, besteak beste, online denda martxan jarrita eta hainbat ekitaldi streaming bidez ere eskainita. Beste urrats bat egin du orain Gerediaga elkarteak, eta, murrizketak direla-eta Durangora joan ezingo diren kulturazaleengana azoka gerturatzeko asmoz, Zu non, han DA! izeneko egitasmoa jarri du martxan. Hego Euskal Herriko zortzi udalerritako hamar aretotan kontzertuak egingo dituzte abenduaren 5etik 8ra, eta 32 taldek parte hartuko dute. Bestalde, azokako online dendari jarraipena emango diote liburu dendetan, abenduaren 9tik urtarrilaren 8ra bitarte. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak eman du egitasmoaren bi ardatzen xehetasunen berri, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledun eta Kultura sailburuarekin batera, Donostiako Dabadaba aretoan egindako agerraldian.

DURANGOKO 55. AZOKA

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidentea, egitasmoa aurkezten. (Andoni Canellada / Foku)

«COVID-19a hurbiltzen ikusi genuenetik, bagenekien ziur aski ezin izango genuela ohiko azoka bat egin. Baina, era berean, argi genuen azoka antolatzea inoiz baino beharrezkoagoa zela, osasun krisiak gogor kolpatu dituelako gure gizarteko arlo guztiak, baina bereziki latza izaten ari delako kulturgintza eta euskalgintzarentzat», adierazi du Mujikak. Antolatzaileentzat aurtengo azoka prestatzea «benetako erronka» dela aitortu du; izan ere, datak iritsita egoera zein izango zen jakin ezinda, aurrera ateratzeko aukera ezberdinak aztertzen eta lantzen jardun dute. Eta, bide horretan, mundu digitalak ematen dituen aukerak baliatu nahi izan dituzte, baina presentzialtasunari uko egin gabe; Durangoko azoka ez baita soilik saltoki bat, «hori baino askoz gehiago» baita, Mujikak gogora ekarri duenez. Hala, lehen aldiz online denda martxan jartzea erabaki zuten. Eta Durangon bertan izango den kultur egitaraua ere osasun neurrietara egokitzea: Landakok hartuko ditu liburu aurkezpenak, mahai inguruak, ikus-entzunezkoak eta arte eszenikoetako proposamenak; eta Plateruenak, berriz, disko aurkezpenei lotutako kontzertuak. Etxetik ere ikusi ahal izango dira ekitaldiak, streaming bidez. Horiek, baina, edukiera mugatua izango dute, eta, horrez gain, Durangoko zein mugakide diren udalerrietako herritarrak baino ezin izango dira haietara joan. «Hori dela eta, aurten euskal herrietatik Durangora etortzerik izango ez denez, DA joango da euskal herrietara», adierazi du Mujikak.

Zu non, han DA! egitasmoak bi ardatz izango ditu: Plaza eta Denda. Pazari dagokionez, azokak kontzertu sorta bat antolatuko du zortzi udalerritako hamar aretotan: Araban, Amurrioko Burubion eta Gasteizko Jimmy Jazzen; Bizkaian, Ondarroako Beikozinin, Bilboko Euskalduna jauregian eta Bermeoko Kafe Antzokian; Gipuzkoan, Donostiako Dabadaban eta Dokan, eta Azpeitiko Soreasun eta San Agustinen; eta Nafarroan, Atarrabiako Totemen. Azaldu dute Ipar Euskal Herrian ez dela posible izan zuzenekoak antolatzea, indarrean diren neurriak direla eta. Ibilbide luzea duten nahiz hasi berriak diren 32 musika taldek osatuko dute egitaraua. Horien artean izango dira, besteak beste, Gatibu, Zea Mays, Nøgen, Dupla, Sua, Brigade Loco, Amorante, Raitx, Gatom, Kaleko Urdangak, Liher, Ene Kantak eta Joseba Irazoki. «Helburua da azoka ahalik eta kulturazale gehienengana heltzea, musikariei plaza berriak eskaintzea, eta aretoei eta bertako langileei ere laguntza txiki bat ematea», adierazi du Mujikak. Kontzertuetarako sarrerak bihar izango dira salgai, 11:00etatik aurrera, www.durangokoazoka.eus webgunean.

Azoka, liburu dendetara
Denda izango da azoka kulturazaleei gerturatzeko egitasmoaren bigarren hanka. «Azokako online denda abenduaren 4tik 8ra egongo da zabalik, baina azokaren eragina Gabonetarako erosketetara ere zabaldu nahi dugu, eta liburu dendetan emango diogu jarraipena online dendari», azaldu du Mujikak. Abenduaren 9tik urtarrilaren 8ra Euskal Herri osoko liburu dendetan azokako katalogoko produktuak salgai izango dira, horrenbestez. Egitasmoan parte hartu nahi duen liburu denda orok izango du horretarako aukera, eta izena emateko epea dagoeneko zabalik dagoela jakinarazi dute.Gerediaga elkarteak hori guztia bakarka egitea ezinezkoa izango lukeela ere adierazi du Mujikak, eta Eusko Jaurlaritzari eskerrak eman dizkio «proiektu honetarako beharrezko diru laguntza eskaintzeagatik». Bingen Zupiriak gogora ekarri du orain dela bi hilabete bildu zirela elkarteko arduradunekin, eta, egungo egoera aurreikusita, ohiko azokari eustea ezinezkoa izango zela ikusi zutela. Baina, beste era batera bazen ere, aurrera jarraitzea erabaki zutela, baita «erakusleiho digital handi bat sortzea» ere. «Durango erakusleiho handi bat da, dendatik asko du, plazatik asko du, eta harremanak sortzen diren gunetik asko du». Baina, horrez gain, euskal kultur industrien ekonomian «eragin izugarria duen toki bat» ere badela nabarmendu du. Eta bultzada horri eutsi nahian erabaki zen programazioa beste herri batzuetara zabaltzea. «Horrek aukera emango die sortzaile askori beren azken lanak jendaurrean aurkezteko».

Edonola ere, azokak aurten «erronka handi bat» duela gehitu du Zupiriak, «euskarazko kultur industriak iraupenerako diru sarrera garrantzitsu bat galtzen duelako». Eta horrek herritar guztiei ere erronka bat ezartzen diela adierazi du: «Guri ezartzen digun erronka da modu kolektibo batean gure liburugintzak eta gure musikagintzak duen premiari erantzutea. Eta hori egiteko modurik eraginkorrena eta hoberena, momentu honetan, Durangoko Azokaren bueltan sortu diren eta aurkeztuko diren liburu eta musika gaiak erostea da, ordaintzea, eta industria horren atzean dauden sortzaileei laguntzea».

KONTZERTUEN EGITARAUA

  • Amurrioko Burubion: Izate faltsua eta Rodeo, abenduaren 6an, 18:00etan. Sara Zozaya, abenduaren 7an, 19:00etan.
  • Atarrabiako Totemen: Liher eta Sorkari, abenduaren 5ean, 18:00etan. Kaleko Urdangak eta Perlata, abenduaren 6an, 18:00etan.
  • Azpeitiko Soreasun: Gatibu, abenduaren 5ean, 19:00etan (edukiera beteko balitz, beste saio bat antolatuko da 16:00etan).
  • Azpeitiko Sanagustinen: Sua, abenduaren 8an, 19:00etan.
  • Bermeoko Kafe Antzokian: Gatom eta J Martina, abenduaren 6an, 18:00etan. Joseba Irazoki eta Inoren Ero Ni, abenduaren 7an, 18:00etan.
  • Bilboko Euskalduna jauregian: Ene Kantak, abenduaren 7an eta 8an, 12:00etan. Zea Mays, abenduaren 7an, 19:00etan. Nogen, abenduaren 8an, 19:00etan.
  • Donostiako Dabadaban: Silicies Grizzlies eta Kyxo, abenduaren 5ean, 18:30ean. Dena eta Habi, abenduaren 6an, 18:30ean.
  • Donostiako Dokan: Raitx eta Pelax, abenduaren 7an, 18:00etan. Mihise eta Kaskezur, abenduaren 8an, 18:00etan.
  • Gasteizko Jimmy Jazzen: Brigade Loco eta Barne Guda, abenduaren 6an, 18:00etan. Amorante eta Moxal, abenduaren 8an, 18:00etan.
  • Ondarroako Beikozinin: Dupla eta Nikotina, abenduaren 6an, 18:00etan. Patxuko Nice, abenduaren 8an, 17:00etan. Ezpalak, abenduaren 8an, 19:00etan.
ETIKETAK:Durangoko AzokaKontzertu AretoakKontzertuak