Musika

Donostiarrak dantzan jartzeko

Orduak, minutuak, segundoak eta ehunenekoak. Maratoiari hasiera emateko prest agertu zen Berri Txarrak taldea Intxaurrondoko Kultur Etxean. Lau lasterketaren artean, aurrenekoa bizi ahal izan genuen ostiralean. Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitzaren erritmo guztiekin ederki moldatu zen hirukoa. Arnasa galdu gabe. Kantu gordinek aretoa estutu zuten —sarrera guztiak zeuden salduta—, pop kutsukoek koru zabala izan zuten eta biziek jendea mugimenduan jarri zuten. Bi orduko emanaldia atzera begirako kantu bilduma batekin borobildu zuten.

BERRI_TXARRAK._MUSIKA._KULTURA.

Berri Txarrak, ostiralean Donostian eskainitako emanaldian. (Andoni Canellada / Argazki Press)

Hogei urteko ibilbidea egina duen talde batek hasiberrien aldeko apustua egitea ezinbestekoa da. Beraz, poztekoa da Berri Txarrak taldeak Irunberriko Altxatu talde oso gaztea hautatu izana gonbidatu bezala. Hirukoak bi urtetan bi disko atera ditu, Hitza bigarrena iaz, eta horiek aurkezteko aukera paregabea izan zuen. Punk klasikoa oinarri duten kantuek harrera ona izan zuten.

Oihal estaliak zerbait gordetzen zuen. Kanpai hotsak entzun ziren. Egia esan, Berri Txarrak-en kontzertuaren hasierak misterio kutsua izan zuen. Oihala zabaldu orduko, azken laneko diseinuan oinarritutako eszenografia landua erakutsi zuten. Gogorretik hasi ziren, Lanbroan” eta Ordaina” plazaratuz. Disko hirukoitza ordenan eta segidan eskainiko zutela zirudien. Baina ez. Abestiak tartekatzen hasi ziren. Hemen sukaldarien herrian” izan zen ikusleek gainditu zuten lehen froga. Bai, hitzak bazekizkiten. Hirukoak kontrastea bilatu zuen. Melodia dosi bat (Bigarren itzala” eta Bele erraldoia”), gogorrera egiteko (Armak” eta Etsia”). Frantziako hilketak ez ziren aipamenik gabe geratu.

Jolas baten antzera egin zuten nahasketa, intentsitateari garrantzia emanez. Pop diskoko kantuak apaingarri gabe jota ere, ikus-entzuleek eskertu zituzten Aditu bihurtuak” eta Helduleku guztiak”. Hirukoak bere batasuna 26 segundotan” kantuan berretsi zuen, Gorka eta David Galderren plataformara igo zirenean. Atmosfera sendoak sortzeko tartea ere hartu zuten. Batez ere, segidan Sutxakurrak”, Alegia” eta Zimelkor” eskaini zituztenean. Soinu ona, distortsioak agintzen duenean, estimatzekoa da. “Bigarren eskuko amets” kantatuaren ondoren iritsi zen ziurrenik kontzertuetan ereserki bihurtuko dena: Lemak, aingurak”. Hitza aldatzeko lizentzia hartu zuen Gorka Urbizuk. «Donostiarrak dantzan jartzeko trabak». Tira, jendeak ez zuen oztopo handirik izan gerria askatzeko (ezta gogorrenek ere). Poligrafo bakarra” zein den argituta bukatu zuten disko osoaren errepasoa.

Ez ziren horretara mugatu, eta atsedenaren ondoren etorri ziren apropos aukeratutako kantuak: Ikasten”, Libre” eta Jaio.Musika.Hil. Belaunaldien talka erabatekoa gertatu zen aretoan. Denek ezagutu zuten Oreka”, eta zertxobait gutxiago FAQ. Rafael Verari eskaini zioten Betiko leloaren betiko leloa”, eta Denak ez du balio”-rekin bukatu zuten bi ordu inguruko kontzertua. Bira hasiera izateko, ez zen makala izan. Sasoian daude.

KANTU ZERRENDA

  • Lanbroan
  • Ordaina
  • Hemen sukaldarien herrian
  • Bigarren itzala
  • Bele erraldoia
  • Armak
  • Etsia
  • Orain norbait zara
  • Aditu bihurtuak
  • Helduleku guztiak
  • 26 segundotan
  • Hitzen oinarri ahula
  • Xake-mate kultural bat
  • Sutxakurrak
  • Alegia
  • Zimelkor
  • Zerbait asmatuko dugu
  • Bigarren eskuko amets
  • Lemak, aingurak
  • Poligrafo bakarra
  • Ikasten
  • Libre
  • Jaio.Musika.Hil
  • Oreka
  • FAQ
  • Betiko leloaren betiko leloa
  • Liluraren kontra
  • Bueltatzen
  • Denak ez du balio

(Berria egunkarian, 2015eko urtarrilaren 11n argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Berri TxarrakDenbora da poligrafo bakarraZuzenekoak