Musika

badok

2018.03.02

badok

Don Inorrez heldu da, Imanol Ubedaren bakarkako proiektua

Bide Ertzean taldeak mugarik gabeko geldialdian segitzen duen bitartean, Don Inorrez bakarkako proiektua martxan jarri du Imanol Ubedak. Bide Ertzearen diskoetako bati izena ematen dion abestiaren izenburua hartu du Ubedak bakarkarako goitizen artistikotzat. 2016 eta 2017. urteen bitartean Puerto de Santa Marian (Cadiz, Espainia) Paco Loco ekoizlearen estudioan grabaturiko kantuek osatu dute Don Inorrezen lehen lana, Mugiro bila. Aurrerapen gisa, bi abesti kaleratu ditu Ubedak, elektrizitatez gainezka datorren “Bere txisteak” eta “Kristoren gonbidapena” leuna. Azken horrekin bideoklipa egin du Hiru Damatxo Ideia Faktoriak, eta gaurtik ikusgai dago gure atarian.

Diskoaren grabazioan, Imanol Ubedaz aparte, Karlos Aranzegi (bateria, Bide Ertzean taldeko kidea), Jacob Reguillon (baxua) eta Paco Locok (gitarra eta ekoizlea) hartu dute parte. Horrez gain, “Kristoren gonbidapena” abestian, koruak eginez, Muni Camón (Maddening Flames ohia) eta Pablo Errea (Australian Blonde ohia) aritu dira. Abesti horretan, Angel Gonzalez poetaren olerki bat musikatu du Ubedak, Gerardo Markuletak Munduko Poesia Kaierak bildumarako egindako itzulpena baliatuz.

Diskoa martxoaren amaieran argitaratuko du Ubedak autoprodukzioaren bidez —Lizarbakar marka sortu du horretarako—, eta apirilean hasiko da kontzertuak ematen. Zuzenean lagunduko dioten musikarien izenak aurrerago emango ditu ezagutzera Tolosako musikariak.

ETIKETAK:Australian BlondeBide ErtzeanDon InorrezHiru DamatxoImanol UbedaJacob ReguillonKarlos AranzegiMaddening FlamesMuni CamonPablo ErreaPaco Loco