Musika

Doinu zaharrak jantzi berriz

«Abereen artean biziko nintzateke/ hain dira eztiak, hain dira isilak./ Luzaz egoten natzaie begira/ ez dira lanean lehertzen, ez halabeharraz kexatzen/ ez dira gauaz esna egoten/ ez dute bekatuengatik malkorik isurtzen/ ez naute jainkoarekiko betebeharraz/ eztabaidetan nazkatzen». Txomin Artolaren Belar hostoak diskoko (1978) Ez naiz espazioa kantuaren hitzak dira horiek. Walt Whitman poeta estatubatuarraren zazpi poema oinarri hartuz ondu zituen Belar hostoak diskoko abesti guztiak. Iazko martxoan, baina, 44 urte geroago, beste bizialdi bat eman zion diskoari Txomin Artolaren seme Urbil Artolak. Izan ere, jatorrizko diskoaren berrinterpretazioa egin zuen iazko martxoan, Bilbon.

Belar Hostoak

Ezker-eskuin, Dani Venegas, Antxon Sarasua, Urbil Artola, Jon Gurrutxaga eta Andoni Etxebeste. (Gari Garaialde)

Hain zuzen ere, Loraldia jaialdiak proposatuta egin zuen berrinterpretaziorako lehen urratsa. Jaialdiak proposamena egin, eta berehala eman zuen baiezkoa Artolak. Dani Venegas musikariarengana jo zuen segidan, eta Andoni Etxebeste, Antxon Sarasua eta Jon Gurrutxaga ere batu zituen taldera ondoren. Jatorrizko abestiak nola berrinterpretatu izan zuen egin beharreko bigarren urratsa. Artola: «Hainbat taldetan egondakoa naiz, eta musikari askorekin daukat harremana; orduan, proiektuak har zezakeen kutsu akustikoagoa, adibidez, ni neu banabilelako halako taldeetan. Serioski hartu nahi nuen lana, eta nire kideek modu berean har zezatela nahi nuen».

Txomin Artolaren diskoko kantuen itzulpenak Joxerra Garziak eguneratu zituen, eta aurrerago, moldaketa berriak eginak zeudela baliatuz, kantuok estudioan grabatu eta Elkar argitaletxearen eskutik kaleratu zuten urte amaieran Urbil Artolak eta bere taldeak: Belar hostoak I & II. Bi diskoak jaso dituzte lan horretan: batetik, Txomin Artolak 1978an argitaratutako diskoa —birmasterizatu egin dute—, eta, bestetik, moldaketa berriak eginda, Urbil Artolaren taldeak grabatutakoa.

Abesti berberak biltzen dituzte bi diskoek: Abereen artean, Ez naiz espazioa, Aintzira eta leku, Baserriko ate zabalak, Lur osoaren erasoak, Arrastirian hondartzan, Hator, esan zidan eta Gogoeta hauek. Diskoek badute euren artean desberdintasunik, ordea. Hala azaldu du Urbil Artolak: «Aitarena 1978koa bada ere, baditu garai hartarako modernoak ziren moldaketa batzuk. Gure bertsioa, berriz, garai berrietara egokitu dugu gehiago. Grabazioak badu funk estilotik pixka bat, eta baita rock progresibotik ere. Aitarena, berriz, soilagoa da instrumentuei dagokienez; gehiago du akustikotik».

Disko berezitzat dauka Urbil Artolak Belar hostoak: «Hitzen mailagatik, melodien edertasunagatik eta baita aitaren diskoan parte hartu zuten musikari guztiengatik ere». Besteak beste, Mixel Ducau, Jean Phocas, Beñat Amorena eta Robert Suhas izan zituen Txomin Artolak lagun jatorrizko diskoan. Semeak, gainera, orduan 6 urte besterik ez bazituen ere, ondo gogoan ditu grabazio haiek, hark ere parte hartu baitzuen diskoan. Izan ere, harenak eta Nora arrebarenak dira Lur osoaren erasoak kantuaren amaiera aldera aditzen diren ahots eta algarak.

Hitzak aski konplexuak ziren haurrentzat, baina Urbil Artolak barrez gogoratu du abestia ongi ikas zezaten aitak erabilitako metodoa: «Grabatzera joan baino hilabete batzuk lehenago, aitak kasete batean grabatuta jarri zigun abestia gelan, eta gu han egoten ginen jolasten. Bien bitartean, kantua ere entzuten genuen, eta konturatu gabe ikasi omen genuen kantua».

Aitari entzundakoak gogoan hartuta, azaldu du diskoa 1978an argitaratu zuten arren hiru urte lehenago sortu zituela aitak bertako kantu gehienak. «Etxeratze agindu bat zegoen orduan ere», zehaztu du. Eta, hain justu, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, itxialdi egoeran egin behar izan ditu berak ere kantu horien erreskate lanak.

Jatorrizkoaren zaleak

Haur zeneko esperientzia haren ondotik, hainbat taldetan aritu da Artola. Besteak beste, Sorotan Bele taldeko gitarrista izandakoa da, eta aktibo jarraitzen du oraindik ere. Azaldu du «poztekoa bezain harritzekoa» zaiola bere musikari ibilbidean askok eta askok aipatu izan diotela aitaren disko hura. «Konturatu naiz jende askori eragin diola disko hark; Whitmanen hitz berritzaileengatik eta aitak jarritako erritmo modernoarengatik». Uste du, gainera, hitzon «hippie estiloak» piztu zuela aitaren arreta, et,a hitzokin identifikatuta sentituta, «bizitza osoan ondoan izan duen presentzia» gisako bat izan zela harentzat Whitman. «Niri ere oso erakargarria egiten zait haren idazteko era».

Gainera, Belar hostoak-en zale askoren oniritzia jaso dutela adierazi du Artolak pozarren. Ordea, badago are gehiago poztu duen iritzi bat: «Aitari asko gustatu zaio bertsio berria; etorri izan da kontzertuetara, eta etxean ere entzuten du diskoa».

 

ETIKETAK:Jon GurrutxagaTxomin ArtolaUrbil Artola