2021.10.06
Haurrentzako disko berri bat kaleratuko du Jabier Muguruzak bi aste barru, urriaren 20an Dodoa izenburua du, eta Iñigo Astiz idazle eta kazetariarekin ondu du Irungo (Gipuzkoa) musikariak. Diskoari izena ematen dion abestia estreinatu dugu gaur eta jada entzun dezakezu hemen.
Iaz kaleratutako Oker (txakurra da) diskoan parte hartu zuen ia musikari-talde berarekin egin du lan berriz ere Jabier Muguruzak: Nieves Arilla (ahotsa), Mikel Azpiroz (teklatuak) eta Jean Marie Ekai (gitarra). Kide berri bakarra Karlos Aranzegi da (perkusioa), Denis Benarroshen ordez. Berritasun handiena, aldiz, hitzen egiletzan dakar lan berriak, Iñaki Irazu izan baitzen aurreko diskoko letren egilea. Oraingoz berriz, Astizengana jo du Muguruzak —ez da lehen aldia elkarlanean aritzen direla, Leiho bat zabalik diskoari izena ematen dion abestiaren hitzak Astizek sortu batzituen—.
Diskoa uda hasieran grabatu zuten Mikel Azpirozen Mamusik estudioan, eta Muguruzaren beraren Mara Mara zigiluak argitaratuko du. Jabier Muguruzak grabatzen duen haurrentzako bosgarren diskoa da Dodoa. Ja, ja (1989), Nire gorputza (2005) —Juan Kruz Igerabide idazlearekin egina—, Harriaren hiztegia (2016) —Bernardo Atxagarekin elkarlanean— eta Oker (txakurra da) (2020) kaleratuak ditu aurretik.