Musika

Ainhoa Larrabe

2019.03.16

Ainhoa Larrabe

Distantziak batzen diren tokia

Maite Larburu musikariak dio galdera askoren erantzunak aurkitu dituela; arakatzen hasita, hezurren azpikoarekin egin duela topo. «Distantzia konstante bat izan da nire bizitzan. Euskal Herria utzi nuen Amsterdamera bizitzera joateko, eta, gerora, lanbideagatik, Amsterdam utzi, eta nomada baten gisan bizitzen hasi nintzen. Etxea urrun izan dut beti». Euskal Herrira itzuli da orain, eta distantziak lotzen dihardu. 2daia1″ abestia jarri du adibide gisa: kantu horixe da atzo Bilboko Campos antzokian aurkeztu zuen Hezurren azpian (Gaztelupeko Hotsak) diskoaren lehendabiziko abestia. «Bi punturen arteko distantzia nola zeharkatu arakatzen hasi naiz, eta miatze prozesu horretan aurkitu dut nire hezurren azpia: nagoen lekuan egonda nire etxe bihurtu dena. Beti eman dit antidotoa distantziari aurre egiteko. Eta, era berean, distantziarik handiena neroni naizela ere erakutsi dit».

8963916

Maite Larburu (Hernani, Gipuzkoa, 1979). (Marisol Ramirez / FOKU)

Hilaren 28an egingo du Larburuk diskoaren jendaurreko aurkezpena, Bilboko Azkuna zentroan, Loraldia jaialdian, BADOK atariak babestutako kontzertuan. Aurrez, hilaren 22an, Bergaran izango da (Gipuzkoa). Amaia Ocerin Loraldiko kidea, Ubane Uzin Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko arduraduna eta Jon Eskisabel Badok.eus atariko arduradun eta kazetaria izan ziren, Larbururekin batera, atzoko agerraldian.

Oraingoan «neighborra» falta zaiola esan du Larburuk. Josh Cheathamekin batera egin du musika ibilbidea azken urteetan, eta harekin batera ondu ditu Ura patrikan (2013) eta Hau (2016) lanak. «Bere hutsunea asko nabaritu dut». Auzokiderik gabe, baina, bakarkako bidea hartzea erabaki du oraingoan. «Hirugarren diskoa Neighborrekin kaleratzea nuen buruan, baina beharra sentitu dut prozesu osoa bakarrik egiteko». Askatasuna sentitu duela aitortu du. «Hirugarren hau Maite Larbururena izango zela erabaki nuenean, bata bestearen atzetik sortu zitzaizkidan abestiak, eta ez nuen inoren zain egon beharrik kanta bat bukatzeko».

Aida Torres eta Beñat Iturrioz perkusionistak eta Carlos Taroncher klarinete jolea ditu oraingoan bidaian lagun. «Diskoari kolore etxekoia eta intimoa eman diote. Hezurren azpikoa oso barrukoa da, eta halako doinuak irudikatzen nituen».

Elkartu diren doinuak
Eklektikoa eta intimoa da Hezurren azpian, «ez niregana hurbildu nahi dudalako; norberarengana hurbildu nahi dut». Hitzak janztea da bere doinuen xedea. «Saiatzen naiz hitzei harmonia, erritmoa eta melodia jartzen. Gauza ederrak badaude, uste dut nahi gabe aurkitu ditudala». 11 abesti ondu ditu diskorako, eta hamaika instrumentu erabili ditu: xilofonoa, gitarra klasikoa, gitarra elektrikoa, zintzarriak; eta, nola ez, biolina.

Musikariak adierazi du orain arteko bidean elkartu ez zaizkion bi puntuk bat egin dutela. «Uztarketa bat gertatu da nire musikagintzan: Maite Larburu biolin jotzailea eta Maite Larburu Neighbor batu dira». Diskoko Gona” abestian gertatu da hori. «Biolinetik sortu dudan kantu bat da. Nire ogibidea Neighborrera hurbildu da, eta Neighbor nire ogibidera». Irriz bota du ondorioa. «Bada, distantzia bat gutxiago nire bizitzan». Mugarria izan da kantua horregatik. «Abestia, agian, nahi gabe gertatu da, baina “Gona” aurretiko eta “Gona” ondorengo abestiak daudela esango nuke, eta egongo direla».

Abestiaren bideoklipa ere egin du Txintxua Filmsek, Marian Fernandezen eta Asier Altunaren gidaritzapean. «Bestearen lekuan jartze hori adierazi nahi nuen kantuarekin, eta primeran eraman dute hori bideoklipera». Besteak beste, Harkaitz Cano idazlea azaltzen da ikus-entzunezkoan. Diskoan agertzen diren Maletadun maitalea” eta Katekorratzarena” kanten hitzak egin ditu Canok. «Gona jantzi, eta nire lekuan jarri da Harkaitz, lagun zahar batek egin dezakeen moduan. Nire ahotik bere hitzak bidali ditu, eta Cano idazleak egin dezakeen maisutasunarekin, gainera. Ederra izan da, bai bere hitzak nire ahotik irteten ikustea, baita bere hitzak musika bihurtzea ere».

Etengabeko aldaketa
Ibaiaren metafora erabili du: «Iruditzen zait musikaren antz ikaragarria duen zerbait dela, etengabeko mugimenduan dagoelako: badatorrelako eta badoalako». Larburuk hamabost urte egin ditu Euskal Herritik kanpo. «Denbora honetan guztian, ibaia ez da geldirik egon, eta uraren mugimendu bera aurkitu diot euskarari ere. Euskarak, ibaiak eta musikak triangelua osatu dute diskoan eta nire hezur azpian». Entzuleari hiruki bera igorri nahi diola aitortu du. «Hezurren azpietan triangelu asko sortu daitezen nahi dut, elkarren ondoan jarri eta diskoak forma borobila har dezan».

ETIKETAK:Aida TorresAsier AltunaBadokBeñat IturriozCarlos TaroncherGaztelupeko HotsakHarkaitz CanoLoraldiaMaite LarburuMarian FernandezNeighborTxintxua Films