2022.03.27
Onartu beharra daukat lehen aurrerapen singlea argitaratu zutenean kosta egin zitzaidala bigarren aldiz entzutea, eta badakit hau esanda ez naizela oso leku onean jartzen. Baina onartu beharra daukat baita ere, burugogorkeriaz, neure burua bigarren entzunaldi batera behartzean errazago irentsi nuela, eta entzuteko gogoa sortu zitzaidala konturatu nintzen, gero eta gusturago eta gehiago entzunez, ondorengo aurrerapen kantak zuzenean barneratu eta diskoaren zain-zain egoteraino. Eta bai, spoiler-rik nahi baduzue, izugarri gustatu zait lan osoa. Bihoakie, bada, oraindik diskoa entzun ez dutenei edo zertxobait entzun baina oraindik barrura sartu ez zaienei: entzun ezazue berriro, engantxatu egiten du eta.
Misterioz beterik hasi zen hirukote donostiarraren ibilbidea: izenik eman eta aurpegirik erakutsi gabe. Bati baino gehiagori Daft Punkek egiten duena gogoraraziko zion. Taldekideek aitortu dute, beste proiektu batzuetan aritutakoak izanik, euren identitatea ezkutuan mantentzea nahiago dutela, alderaketak ekidin eta balorazio osoa edukiaren gain jartzeko, norengandik datorren axola izan gabe, eta, era berean, horrek dakarren arriskuarekin. Izan ere, askotan edukia ulertzen laguntzen du eduki hori nork sortu duen jakiteak. Baina misterioa mantentzeak, haiek esan bezala, baditu bere alde onak ere. Ezagun edo ezezagun izanagatik ere, argi dago ikusmin handia sortu duen lana dela taldearen debut hau, eta, publikoaren artean izaten ari den harrera ikusita, badirudi jendearen espektatibak bete dituela.
Aspaldi joanak dira diskoteketako makina musika elektronikoarekin eta bakailaoarekin bakarrik lotzen ziren garaiak, eta oraindik ikasteko asko badugu ere, gero eta gehiago ari da errotzen, bere aldaera ezberdinetan, Euskal Herrian. Horren eragina nabaria da belaunaldi berrietako sorkuntzetan, eta Merina Grisen kasuan ere funtsezkoa dela esango nuke. Pop zakarra egiten dutela irakurri dut leku batean baino gehiagotan, eta guztiz ados egon arren, ezingo nintzateke gelditu hori elektronikarekin konbinatzen dutela esan gabe.
Ordu erdi eskas irauten duen zortzi abestitan banaturiko lanak badu zer konta; askok dauka lekua bertan, abesti ilun eta malenkoniatsuetatik hasi, eta salto eta dantzan jarriko gaituztenetaraino. Gure herriarekiko keinu bat edo beste ageri da, baina, batez ere, gaur egungo gizartean ageri zaizkigun arazo eta hausnarketak plazaratzen dizkigute hitzen bitartez, horiek ere, melodiak bezala, hamaika aldiz errepasatu eta landu dituztela erakutsiz.
Pop eta elektronika doinu ilun ugari biltzen ditu, dantzagarriak zenbaitetan, eta zakarrak askotan; kapa ezberdinez osatua eta ezin hobeki ekoiztua; eta hitzekin hausnarketarako bidea irekitzen duena: landua bezain freskoa da Zerua orain. Ez naiz gehiago luzatuko, hemen esandako guztiarekin, jada entzungailuan play botoia sakatzen egon beharko zenukete.