2022.01.24
Aspaldi joan zen uda, egia da, eta urrutiko kontuak dirudite ordukoek, negu gorrian gauden honetan. Baina, sekula berandu ez denez argiarekin, eguzkiarekin, eta praka motzekin gogoratzeko, Iker Laurobak urte sasoien gainean osatutako bildumaren azken aleari tarte bat egingo diot oraingo honetan. Atzeratu samar nabilen arren, hotzaren atzaparretan gabiltzala, on egingo digu donostiar kantari eta gitarra jotzaileak melodia dirdiratsuak eraikitzeko duen gaitasunarekin gozatzeak.
Lehenik eta behin, ordea, egokia da azpimarratzea proiektuaren tamaina eta Laurobak hori aurrera ateratzeko egin behar izan duen lan eskerga. Hiru urtean lau disko kaleratu ditu, 50 bat kantu guztira, eta, gainera, guztiak urte sasoien hari eraginkorrarekin lotu ditu osotasunari sendotasuna emanez. Zoriontzekoa da artistak erakutsi duen anbizio sortzailea; are gehiago, bere gain hartu duen erronkaren dimentsioa kontuan hartzen badugu. Uste dut Laurobaren gaitasunaren eta heldutasunaren neurri bikaina dela disko bilduma hau.
Testuinguru horretan kokatuta Uda suertatu da lau diskoen artean poperoena, eta baita borobilena ere, bere kolore aniztasunean. Horren seinale argia ematen du diskoa zabaltzen duen “Kilima aldaketa” erritmo ertaineko pop-rock pieza ederrak. Bai, Lauroba maisua da horrelako kantuak egiten, eta pozgarria da sasoitsu dagoela ikustea. Ez da, ordea, molde bereko kantu bakarra, diskoari izenburua ematen dion “Uda”-k sakondu egingo du musikaria grazia une betean dagoenaren ustea. Beste lelo itsaskor bat, beste melodia borobil bat egilearen zakurako. Horretaz gain, noski, balada gozo pare bat badago disko honetan, “Egun txar bat” eta “Ezin gara itzuli”. Lehenengoa argiagoa da, sotilagoa, bigarrena epikoagoa, ohikoagoa. Country ukituko bi kantu ere badira, balada moldeko “Marea bizia” eta diskoa ixten duen “Requiem”, diskoko kanturik rockeroena. Erritmo latinoetara jotzen dute beste lau kantuek. Nolanahi ere, bossa, son eta mambo ukituak dira nagusi “Esan ba”, “Pake bailara”, “Lanparara” eta “Pasai Donibane” alaietan. Horietan ere, ongi moldatzen dela erakusten du Antiguakoak. Horrela labur daiteke Uda honek ematen duena. Baina ez da modu bakarra.
Diskoa entzun ondoren, kantuek utzitako oihartzunekin jolasean, ezin utzi alde batera, modu ez oso agerikoan geratzen den artisauaren jakintasun eta eskarmentua. Hain ongi eginda daude kantuak, disko honetakoak, eta baita beste hiruretakoak ere. Erreparatuz gero, nabarmenegiak ez izan arren, urregile iaioaren inspirazio txinpartak suma daitezke, hemen eta han, ahots eta gitarra moldaketetan, kantuen dinamikan eta egituretan, moldaketa orokorretan… Musikaritzarra da Iker Lauroba udan eta baita neguan ere.