2020.05.17
Ander Mujikak Biarritzen Low taldearen aurretik Anarirekin eman zuen kontzertuan konturatu nintzen sortu zituen atmosfera berezi horiek ezin zirela gaualdi bateko kontuan gelditu. Ordurako, baina, bazebilen gerora Testura izango zena sortzen. Bakarkako proiektura Felix eta Johannes Buff anaiak bildu ziren kapa —edota izenak dioen bezala testura— berri eta osagarriak gehituz. Emaitza: esperimentazioz beteriko zazpi abesti eder, leun batzuetan, urratu besteetan. Zuzenekoetan, testura ezberdinez eginiko bisualekin lagunduko ditu pieza hauek Maialen Belaustegik. Beste mundu batera eramango gaituen atmosfera berezi bat sortu dute kantuok, ia ordu erdiz ingurukoaz ahaztu eta musikaren testurez gozatzera garamatzana.