Musika

Ihintza Orbegozo

2018.02.25

Ihintza Orbegozo

Disko kritika: ‘Tenpluak erre’ (Liher)

Liher azala berria

Geratzeko zetozela argi utzi zuten Liher taldeko kideek, baina hilabete honetan bertan argitaratu duten bigarren lanarekin pauso bat harago egin nahi izan dute, eta, geratzeko ez ezik, aurrera egiteko asmotan datozen oihua ia entzun ere egin daiteke indarrez beteriko Tenpluak erre lan berrian.

Hasiera batean, Lide Hernandoren proiektu bezala ezagutu genuen taldea —hortik izena—, baina denbora, kontzertuak eta —suposatzen dut— baita entseguak ere pasatu ahala, talde izaera sendotzen joan da. Hori uste dut behintzat, diskoa entzuteaz bat atzean talde oso baten lana dagoela nabari baita, bakoitzak bere harri-koskorra ekarriz. Haiek ere iritzi berekoak dira, elkarrizketaren batean edo bestean komentatu baitute hori.

Liherren lehen diskoa rock doinuz beterik eta soul eta blues ukituz josia bazen ere, eboluzio nabarmena jasan dute bigarren lan honetan, lehen aipatutako doinu horiek guztiak mantenduz, baina soinua gogortuz, gordinduz —“Beltz gara” abestian entzun daitekeen bezala— eta distortsioz zipriztinduz, lehen abestiko lehen segundoan hasi eta azken abestiko azken segundoraino ongi busti arte. “Arrain hilak” diskoa irekitzen duen kantuan ikus daitekeen bezala, abesti batzuetan rock-and-rolla entzuten da, baina beste batzuetan hardcore edota stoner doinu pisutsuak entzutera hel gaitezke, “Oskol gogorrena” eta “Frappuchino to take away” lakoetan bezala. Abestirik lasaienek ere, “Sismografoa eta lurrikara”-k kasurako, iluntasuna dute nagusi. Hori guztia doinu indartsu, basati eta grinaz betetakoekin, baina Lide Hernandoren ahots blueseroarekin konbinatuz —entzun Nor da piztia?” lehen segundotik hasita—. Ahots ederra eta moldagarria izateaz gain, hura oso ongi menperatzen duela nabaria da, askok boz ederra izatea eta ongi abestea gauza bera direla uste arren; nik, ordea, oso ezberdin ikusten ditut, eta bai, Hernandok bi ezaugarriak ditu, eta, gainera, erregistro ezberdinetara moldatzen du inongo arazorik gabe.

Lehenengo diskoarekin —edota maketarekin— lortutako zaleak mantenduko dituzten zalantzarik gabe, lan honekin berri asko ere bereganatuko dituztela ziur naiz, musikalki izandako eboluzioa handia izanda ere ez baitira euren sustraietatik urrundu; gogortu baino ez dute egin euren ohiko soinua. Hitzak ere, honakoan aurreko Hauts lanari jarraituz, ongi zainduak eta pentsatuak dira, eta, musikan bezala, iluntasuna da nagusi horietan ere, bizi garen mundu honen isla agian, kezkatzen dituzten eta gaituzten gaiak azaleratuz, «Aldarriak turismo izar, amaren denda krisiak itxi, Frapucchino to take away, gure mina salgai», edota «Sotana jantzi beharrik ez, interakzio guztietan barreiatzen duzu dogma, (baina kontuz) jainko autoizendatuak Deabru bilakatzean bikoitz hartzen du zigorra» diotenean, adibidez.

Betiko Liher dira, baina hazi egin dira, taldeago dira, indartsuago dira, eta distortsio zaparrada dakarkigute.

DATOZEN KONTZERTUAK

  • Martxoak 3: Donostia - Dabadaba
  • Martxoak 6: Gasteiz - Parral taberna
  • Martxoak 8: Bilbo - Kafe Antzokia (Kutxa Beltza)
  • Martxoak 10: Oñati - Antixena Gaztetxea
  • Martxoak 16: Baiona - Zizpa Gaztetxea
  • Martxoak 23: Legorreta – Herri Antzokia
  • Martxoak 24: Iruñea - Terminal
  • Martxoak 31: Oiartzun - Gazte Akelarrea
ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakLide HernandoLiher