Musika

Disko kritika: ‘Su hura’ (Madeleine)

Captura de pantalla 2018-09-21 a las 07.53.19

Musikariak nola hazten diren behatzen du kritikariak. Igorlearen eta hartzailearen arteko harremana bihurtzen da talde batek zaleekin konpartitzen duenaren parekoa. Eboluzioa aztertzeko eta ulertzeko aukera ematen du behaketak. Bizitzaren erritmo azkar berean doaz, paraleloan. Madeleine laukote donostiarraren bidaia jarraitu izanaren ondorioa da jarraian irakurri ahal izango dena. Nostalgia konpartitua.

Gazte batzuen heldutasunaren isla da Su hura hirugarren diskoa. Hamarkada luze bat talde instrumental baten antzera igarota, lauko gipuzkoarrak lortu du irautea. Hasieran beroagoa zen sua epeldu dute, melodien bidez. Mugarri aurreko lanean marrazturiko bideari kolore gehiago eman diote, atmosfera eta giro argitsuagoak sortzeraino. Musikalki nabarmen aberastu direla agerikoa da.

Ahotsari gainerako musika tresnen garrantzi bera eman izanak eta hitz autobiografikoek beste dimentsio batean kokatu dute Madeleine taldea. Puntuazio marka eta etiketarik gabeko zazpi kantu ditu diskoak. Horien artean Nahi on bat” izenekoa da kritikaria harrapatu duena. «Nola azaldu bizitza zer den? Ura funtsean. Ba al dakigu inongo garen? Larogeita hemeretzian dena errazagoa zen». Gartxotek garrasi egiten zuenean bezainbeste transmititzen du melodia bat eraikiz hitzak errezitatzen dituenean. Hori guztia, Itzalekin batera.

“Inongo garen” abestia da, hain zuzen ere, diskoari hasiera ematen dion kantua. Bandaren ibilbideko lehen bideoklipa izateko aukeratu dute, eta uda giroko plano sekuentziak iradokitzen duena norberak ikusi behar du. Abestiarekin nondik datozen eta nora doazen argi dutela dirudi. Rock eta hardcore doinuekin esperimentatuz iritsi dira egungo egoerara. Pop doinuak are gehiago azaleratu dituzte, proposamen konplexua errazteko bidea topatzeraino. Perkalenea”, “Postrock” zinez instrumental ironikoa eta Sumendi” dira ederretan ederrenak.

Argazkietan irribarre batekin daude lau musikariak. Soinuaren emaitzarekin pozik eta gustura daudelako izango da. Eñaut Gaztañagarekin Gaztain estudioetan topatu dute beraien sormena apaindu eta traje dotorearekin aurkezteko modua. Noski, etiketarik gabe. Zaindua da ekoizpena, eta instrumentu guztiek irabazi dute lekua. Benitoren bateria, Jagobaren baxua eta Itzal zein Gartxoten gitarren jolasa bereizi eta elkartzen dira. Baita azken bien ahotsak ere.

2012an Miarritzeko Atabal aretoan erakutsi zuten su hura transmititzen jarraitzen dute. Kontzertu birari hasiera eman diote lan berria taula gainetik konpartitzeko. Behatzailearen txanda da orain, zuzeneko emanaldi batera joan eta esperientzia berri bat izateko.

(Berria egunkarian, 2018ko urriaren 14an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakEñaut GaztañagaMadeleine