Musika

Jon Urzelai

2018.09.04

Jon Urzelai

Disko kritika: “Seitan” (Seitan)

SEITAN diskoa

Euskalduna herri kantaria izan dela gauza jakina da, edo hala kontatzen diogu behintzat geure buruari, azken hamarkadetan gurean ahots biluziz abesteko joerak gainbehera argia izan badu ere. Alta, ohitura horiek inon mantendu badira, Iparraldean izan da; dela folklorismo antzu baten mesedetan, dela herri txapelketa eta ospakizunetan, kantakera horrek eutsi egin dio bertan beste inon baina gehiago.

Tradizioaren soka horren ondorengoak dira 2014an Donibane Garazin sortutako Seitan taldea osatzen duten sei ahotsak. Halere, lehen disko honetan, molde ezagun horiek ez dituzte abesti klasikoak teknika handiz erreproduzitzeko baliatu. Beraien trebezia ez dute exotikoaren edo puruaren bila ari denak topatu nahiko lituzkeenak sortzera bideratu, konposizio berri eta pertsonalak asmatzera baizik. Hala, gitarra soil baten eta taldekideen ahots-korden laguntzaz, zortzi abestiko bilduma eder bat kaleratu dute mugaren bi aldeetako sortzaile berriak biltzen dituen Mukuru zigilu gaztearen bitartez (bertakoak dira, besteak beste, Paxkal Irigoyen eta Kontsumo Orkestra, Kaskezur, Txost! edo Muskulo taldeak).

Paco Etxebers teknikariarekin Gamarteko elizan grabatutako lan honek ahotsen polifoniak ditu ardatz eta biluztasuna era paregabean probesten du folk pieza dotoreak eraikitzeko. Aipatu Pacoren diskoan jada agertzen zen “Zure irria” da hitzik gabe giza ahotsak transmititzeko duen gaitasunaren erakusgarri liluragarri bat, adibidez. “Txorien parada”, “Galdu dituzun iraultzak” edo diskoaren tonu orokorrean malenkoniatsuari kontrajarri eta amaiera ematen dion “Hedatzen ote da desertua” ere nabarmenduko ahalko genituzke halaber, Seitanekoek lan orekatua sortu dutenaren seinale.

Epikaren eta soiltasun bukolikoaren artean kokatzen den iruditegi bat dakarkio gogora entzuleari abestiok entzuteak. Edo, agian, ahots propioz diharduten musikari gazteak entzutearen poza. Edonola dela ere, aurten argitaratutako lanik interesgarrienetako bat ondu dute garazitarrek.

ETIKETAK:Donibane GaraziKaskezurMukuruMuskuloPaco EtxebersPaxkal IrigoienSeitanTxost!