2018.12.23
Hiru dimentsio baino gehiago ditu Arrigorriagako Fetitxe bandak. Aurpegi desberdinak, rock gogorraren geometria osatuz. Polyhedron diskoan zehar, pasarteak hainbat dira. Lausoak, biziak eta gordinak. Sustraiak 2016an bota zituzten, Bilbo Hiria Musika lehiaketaren Metal alorrean bigarren saria lortzean. Urte berean atera zuten Distantzien arteanestreinako lana, eta ildo berari eutsi diote bigarrenean. Rock, stoner, metal zein doinu psikodelikoekin bidaia paregabeak marraztu dituzte. Riff batetik bestera, pauso sakonak emanez, eta distantziak laburtuz eta luzatuz. “Grises” eta “Aukerak” ezaugarri multzoak dira, eta baita diskoari izena ematen dion abestia ere. “Lurra hil da” utzi dute bukaerarako, poliedroa sendotzeko.