2021.07.05
Joxan Artzeren obra erraldoiaren iraunaldiari buruzko zalantza izpirik geratuko balitz, edo agian, eskubide osoz noski, gehiegizko egote edo errepikapen baten biktima izanik neurriz kanpoko balioztatze bat eman dela pentsatzen duenik baldin badago, hona hemen jenio usurbildarraren talentu miragarriak esperimentaziorako eskaintzen dituen bide amaiezinen lagin berri bat. Era honetako obra zoragarriak inspiratzen dituen bitartean ez naiz ni kexatuko gehiegizko presentzia horretaz.
Halakoxea baita Ibon RG eta Enrike Hurtadok atondutako grabaketa bikain horren funtsa eta abiapuntua. Joxan Artzeren hitzez eta espirituz elikatzen da kantu bilduma guzia. Ibonek, Hil zara diskoan irekitako bidean barna, bere ahotsaz soilik eta bere ahotsaren bazter, muga eta ehundura intimoenen esplorazioan beste aurrerapauso bat ematen du hemen. Disko haren antzera, abestiak, euskal doinu tradizionaletan sendoki sustraitzen diren arren, guztiz bereak egiten ditu berriz ere. Nonbait eta noizbait entzun izan duzun abesti urrun batenak dirudite baina izendatzeko gai ez zara. Amets batetik ote datoz? Amets kolektibo batetik? Era honetako galderak datozkit burura, hipnosia eta liluraren menpe. Artzeren hitzak, argazki zaharren moduan, solte, galdu eta elkar arteko loturarik gabe gorpuzten dira lehen uneetan. Baina berehala, esanahi eta gertaera guztiz berri eta egungoak ukitzen hasten dira gure buruan (kolektiboan, agian?). Enrike Hurtadoren ekarpena ere ez da nolanahikoa eta hizpide berari heltzen dio, bere erara eta bere erremintaz baliatuz. Berak garatutako softwareari esker, aspaldiko txalaparta baten oihartzunak gugana ekartzen ditu bere teklatuan, eta mila geruzatan banatu, nahastu, findu eta aberasten ditu Ibonen ahotsaren zerbitzura beti, inoiz protagonismo osoa hartu eta modu sotil eta batzuetan ia sumaezin baina dotore, oso dotorean beti.
Dagoeneko gailur oso altuetara iritsi den ibilbidean, agian altuenetako bat eskaini digu oraingoan Ibonek, Enrikeren laguntza paregabeaz.