Musika

Ihintza Orbegozo

2015.12.21

Ihintza Orbegozo

DISKO KRITIKA: ‘Medusa’ (Voltaia)

Voltaia Medusa

‘Medusa’ (Voltaia, Mauka, 2015)

Horrenbeste liburu eta diskoz mozkortu eta oraindik Durangoko Azokako ajeak irauten digularik, hasi gara bertako erosketak poliki-poliki poltsetatik atera eta zukutzen. Beste hainbaten artean aurkitu dugun harribitxia Voltaiataldearen Medusa diskoa da, taldearen bigarren lan luzea. Unai Eizagirre eta Ion Brakamonte Itaka taldetik eta era berean Unai eta Jon Duran Got-Ham taldetik eratorriak, hirukoteak iaz euren izen bereko lana plazaratu eta rockaren munduan euren burua ezagutarazi zuten, hainbat talde ezagunen hasierako gonbidatu bezala, eta han-hemenka gaztetxe eta areto txikietan kontzertuak eskainiz.

Urtebete geroago, 11 abestiz osatutako lan berria dakarte rock eta stoner doinu zaleon gozamenerako; izan ere, aurreko diskoa gustatu bazitzaigun, bigarren hau borobila iruditu zaigu, rock gogorra eta desertuko doinuak konbinatzeko era aparteko honetan. 

Play botoiari eman bezain pronto hasten dira gitarra biziak, konturatu orduko riff itsaskor batean murgilduz. Diskoaren hasieratik amaieraraino irauten dute bai gitarra biziek eta baita riff itsaskorrek ere, lehen entzunalditik engantxatzen duen disko horietako bat baita. Euskal Herrian sarri egin den —eta egiten ari den—rock talde bat gehiago izan liteke, baina ez dut uste hori denik kasua, duela gutxi hasi direnen freskotasuna nabari baitzaie, baina era berean musikalki helduak direla ageri baita. Atzerrira joan gabe —ezin ukatu Kyuss lakoen influentzia—, garai bateko Kuraia, Sharon Stoner eta Dut edota gaur egungo Osso eta Niña Coyote eta Chico Tornado bezalako taldeetatik edan dutela ikusten da, baina euren soinu propioa lortu dute jada, eta jarraitzaile ugari lortu dituzte Euskal Herriko txoko anitzetan.

Hitzak ere askotarikoak dira, diskoari izena ematen dion Medusa” abestian jorratzen dituzten norberaren barne sentimenduetatik hasita: «Zure laztanek erretzen ninduten, konturatu nintzen medusa bat zinen, hala ere zurekin nik nuen amesten»; genero indarkeria landu dute Ukabilak” abestian: «Maite duzunari etzaiozu jarri ukabila»; kritika soziala eta doinu stonerragoak entzuten dira Otsoa ardiz jantzita” eta Ez dugu men egingo” bezalakoetan —«…zenbat aldiz dugu entzun gauza bera, zuen esklabu garela. Noizbait iritsi da isiltzeko eguna, gure oihua entzunda»—. Diskoaren erdian ezin hobeto datorren abesti instrumental bat sartu dute, eta, amaiera emateko ere, hasierako intro bat izan litekeen hitzik gabeko kanta bat aukeratu dute.

Urte amaierara arte itxarotea merezi izan du, 11 abesti paregabez osatutako lan borobila ekarri baitigute zumaiarrek, eta poliki- poliki ari dira merezi duten errekonozimendua jasotzen. Bide beretik jarraitzen badute, konturatu orduko lehen aipatutako erreferenteen artean kokatuko dituzte etorkizuneko talde berriek.

(Berria egunkarian, 2015eko abenduaren 20an Durangoko harribitxia izenburuarekin argitaratutako kritika)

ETIKETAK:DiskoakDutHemerotekaKritikakKuraiaMaukaNiña Coyote eta Chico TornadoOssoSharon StonerVoltaia