2020.06.28
Diskoak ere irakur daitezke, ez da zalantzarik. Ez al duzu sekula probatu eskuratu berri duzun kantu bildumaren lehenengo entzunaldia hitzen liburuxkaren laguntzaz egiteko plazera? Ez da nahitaezkoa, are gehiago, ene lagun musikazaleenetako batzuentzat traizio latza litzateke hori. Beraz, zuk ikusi. Baina aholku baliagarria nahi baduzu, lehen aldian bederen, entzun ezazu horrela Pettiren disko berria. Eseri sofan, luzatu hankak eta play ematearekin batera zabaldu Manipulazio estrategiak honen tripetan topatuko duzun liburuxka. Ikusiko duzu, inoizko udaberririk arraroenaren ondoren, zein ezagun, zein familiar, zein hurbileko agertzen zaizkizun abesti hauetatik erauzten diren manipulazio ale horiek.
Kasualitatea al da disko honen kaleratze aurretik programatuak bat egitea larrialdi egoerarekin eta haren ondoriozko itxialdiarekin? Kasualitatea izan daiteke, agian, edo praktika eta teoria uztartzeko modu bizarroa. Baina artistak bere garaian ongi kokatua egon behar duela uste baduzu, edo haren lana dela dagokion munduari begiratzea, eta hartaz hitz egitea, horrela bada, zaila gertatuko zaizu hain lan esanguratsurik topatzea. Noam Chomskyren hamar manipulazio estrategien adibideak nahi badituzu, oroitu zer gertatu den martxoaren hasieratik hona.
Ez nuke adierazi nahi, ordea, disko honen balore bakarra hori denik, badu beste alde aipagarri asko. Lehenengoa, Pettik tempo sosegatuetan erakusten duen trebezia. Ez da berria, badu beratarrak gaitasuna horretarako. Behin baino gehiagotan erakutsi du; ahotsa zeta edo berun, melodiak lasai edo bihurri, folk edo punk-rock… Baina haren disko gutxitan topatuko duzu hain Petti gozo, pausatu eta melodikoa, eta, era berean, hain Petti mamitsu eta argia. Horretan, jakina, Harkaitz Canoren lana aipatu behar, ez baitzen batere mandatu erraza Berakoak egindakoa. Baina, noski, ez dira airean harrapatzen diren kantuak, lelo itsaskorrak badiren arren. Alde horretatik, ohikoan baino arreta gehiago eskatuko dio azaletik harantzago egin nahi duen entzuleari, bederen. Baina merezi du.
Musikalki esan daiteke 2016ko Hotzikarak diskoarekin erakutsitako heldutasunaren hurrengo urratsa dela disko hau. Enbor horretatik datorren ezpala dela, nahiz eta oraingo honetan Etxeko Uztak-en aldarterik diskretu eta tenplatuena erakutsi. Taldea? Bikain, beti bezala. Dena dela, ez galdu esperantza, “Nola” kantuan piztiak hortxe dagoela erakusten du, disko amaieran, hori bai. Bukatzeko, diskoa dastatzeko gogoa piztu bazaizu, gogoratu, ez lotsatu eta hartu kantuen hitzak lehen aldiz entzuten duzunean.