Musika

Antton Iturbe

2023.02.23

Antton Iturbe

Disko kritika: ‘Lepok’ (Joseba Agirrezabalaga eta Mikel Vega)

Joseba Agirrezabalaga & Mikel Vega - Lepok

Euskal musika esperimentalaren munduan, bi artista, eragile eta zutabe funtsezkoak dira Mikel Vega sestaoarra (Killerkume, Contenier… Bilboko Espora espazioko sortzaile eta koordinatzaile taldeko partaidea) eta Joseba Agirrezabalaga errezildarra (Paezur, Fernalia… Azkoitiko Matadeixeko partaide aktiboa). Ibilbide anitz eta oparodunak izan arren estreinako aldiz murgildu zaizkigu elkar arteko kolaborazioan. Agian orain arte bururatu ez zaielako, agian aukerarik izan ez dutelako edo beharbada une egokia iritsi arte itxoin izan dutelako. Edo, bestela ere, beste arrazoirik gabe orain eta hemen gauzatu delako. Era batera edo bestera, harrigarria da obra zoragarri honetan erakusten duten konplizitatea eta sinbiosia.

Free-jazz, metal edo noise-rock ehundurako proiektu bortitzetan ezagutu dugu Mikel gehienbat orain arte. Bere gitarrak maisutasunez eraikitako forma poliedriko, angelu zorrozdun lazgarri bezain txundigarriez katigarazi gaitu bere jarraitzaile garen guztiak. Josebak, aldiz, zaratatsuetan zaratatsu izaten jakin eta ehundura elektroniko latz eta organikoen zale eta moldatzaile trebea izan arren, giro intimistagoa eta nolabait eztiagoa, epelago iradoki du beti. Edo hala iruditzen zait niri behintzat.

Mikel Vega gozatua edo Joseba Agirrezabalaga zorroztuta den une bakoitzean entzuten duguna ez dago esaterik, ez da hori gakoa ere. Nor edo nor, bion artean maisutasun osoz distortsioz sortutako akopla baten oihartzun betiereko baten gainean eraikitzen dute grabaketa honetako bost doinuen bilduma aparta. Soinu bakoitza arnasten, bizitzen, eta ugaltzen utziz, bien arteko solasean, hartu emanean eta era berean bion artean uneko soinuak, aurrekoen oihartzunak eta gerora etorriko direnen isla bateratuz, osagaien batuketa hutsa baino askoz handiagoa den izaki berri eder handi bat eskaintzen digute.

Lauren Connors datorkit burura, edo Derek Bailey, edota Jon Collin, Konrad Spraenger, Julia Reidy, Heather Leigh edota gitarra elektriko soilaren soinu eremu infinituaren maitale eta arakatzaile ausartak diren beste hainbat artista bikain eta aske. Haien aztarnak sumatzen ditudalako alde batetik, bai, baina, batez ere, haien maila parekoa duen hizkuntza propioa sortzeko gai izan direlako Mikel eta Joseba, Joseba eta Mikel.

Hori guztia gutxi balitz, Bartzelonako Urpa i Musell-ek plazaratutako binilo edizio dotore batean dator altxor txiki hau. Otsailean gara oraindik, baina dagoeneko badut aurtengo euskal disko faboritorako hautagai sendo bat.

ETIKETAK:Joseba AgirrezabalagaMikel Vega